NAIZ

Sexu bidezko infekzioek gora egin zuten 2021ean Nafarroan aurreko urteko beherakadaren ondoren

Sexuaren bidez kutsatzen diren gaitzek gora egin dute Nafarroan 2021ean aurreko urtean izandako beherakadaren ondotik, Osasun Publikoaren Institutuak jakitera eman duenez. 2020an izan ziren mugikortasunaren murrizketak beherakada horren zergatia izan daitezke.

Sexu bidez kutsatzen diren gaitzak ekiditeko modu eraginkorra preserbatiboak erabiltzea dela gogoratu dute.
Sexu bidez kutsatzen diren gaitzak ekiditeko modu eraginkorra preserbatiboak erabiltzea dela gogoratu dute. (VITHAS | EUROPA PRESS)

Nafarroako Lan Arloko eta Osasun Publikoaren Institutuak emandako datuen arabera, 2021. urtean gora egin dute sexuaren bidez hedatzen diren infekzio kasuek. Aurreko urtean, berriz, gaitz hauen beherakada eman zen.

Txostenak azaltzen duenez, 2020. urtean mugikortasunari ezarri zitzaizkion murrizketak egon daitezke beherakadaren atzean, aurreko urteotan ematen zen goranzko joera eten egin baitzen.

Gorakada berri honen aurrean, Osasun Publikoak aurreko kanpainetan zabaldu zituen gomendioak berretsi egin ditu. Prebentzioa eta diagnosi goiztiarra dira gomendio nagusiak gerora ondorio larriagoak ekiteko helburuarekin.

Gauzak horrela, preserbatiboa gaitz hauek ekiditeko tresna eraginkorra dela gogoratu du. Honekin batera, nahi ez diren haurdunaldiak ere baztertzen dira. Preserbatiboak berdintasunean, askatasunean eta segurtasunean oinarrituriko harremanak ahalbidetzen dituela eransten du.

Gizonezkoentzako edo emakumeentzako preserbatiboak eta latexez egindako barrerak sexu harreman sorta zabal batean erabili daitezkeela gogoratu du Nafarroako Osasun Publikoak.

Arriskutsua izan daiteken jarduera bat egin ondoren, osasun etxera edo Sare eta HIESaren kontrako elkartea bezala taldeen egoitzetara jotzea gomendatzen da.

Chlamydia laukoiztu egin da

Osasun Publikoaren txostenean jasotzen denez, infekzioa hauetako batzuek «gorakada nabarmena» izan dute 2015 eta 2021 urteen artean. Chlamydiaren kasua da, kasuak laukoiztu egin baitira. Izan ere, 2015ean 178 kasu izan ziren eta iaz 667ra heldu ziren.

Nafarroako Osasun Publikoko Institutuaren datuak.

Gonokozia, berriz, hirukoiztu egin da (74 kasu zeuden 2015ean eta 205era igo ziren iaz) eta sifiliarenak bikoiztu egin dira (42 kasu izan ziren 2015ean eta 90era igo dira 2021ean). Azkeneko gaitz honetan, 2018an izan ziren maila altuetara iritsi dira beheranzko joera eten eta gero.

Zenbaki absolutuetan txikiagoa bada ere, oso azpimarragarria da linfogranuloma benerioaren hazkundea. 2015ean ez zegoen kasurik eta 2021ean 20 topatu dituzte.

GIBa, berriz, orekatua azaltzen da azken zazpi urteotan. Halere, 2021an kasuak %16 hazi dira, 30etik 35era pasaz.

2020tik 2021ra sexu bidezko infekzio guztiek gora egin dute: gonokozia %73 hazi da (118 kasuetatik 205era pasaz), sifiliak %83 egin du gora (118 kasutik 205era), chlamydia %35 hazi da (494 kasutik 667ra pasaz) eta linfagranuloma benereoak %150 egin du gora (zortzi kasutik 20ra pasaz).

Osasun Publikoak nabarmentzen duenez, antzeman diren kasuen datuak dira hauek, baina gehiago egon daitezke sintomarik eragiten ez dutenak egon badaudelako.