NAIZ

Eboluzioaren baitako bat-bateko aldaketa eta estasi-aldi luzeak bat datoz Darwinen teoriarekin

Zenbait espezieren eboluzioan gertatzen diren bat-bateko aldaketa eta estasi-aldi luzeak Darwinen teoriaren baitan kokatzeko balio duen eredu estatistiko bat garatu du aditu talde batek.

Balea bat Hego Afrikako kostaldean, Cape Townen.
Balea bat Hego Afrikako kostaldean, Cape Townen. (Jennifer BRUCE | AFP)

Readimgeko Unibertsitateko biologo ebolutiboek, asteazken honetan, ‘Nature Communications’ aldizkarian ezagutarazi dute sortu berri duten modelo estatistiko berria. Modelo estatistiko honen helburua, espezie batzuen eboluzioaren historian atzeman diren bat-bateko aldaketa eta estasi edo geldialdi luzeak azaltzea izango litzateke.

Reading Unibertsitateko biologia ebolutiboko irakasle eta artikuluaren egile nagusi den Mark Pagelek zuzendutako taldeak garatu duen eredu estatistikoak, 170 milioi urtetan zehar, 2.800 ugaztun espezie baino gehiagok gorputzaren tamainan pairatutako aldaketak berreraikitzen ditu.

Ikerketaren egileek ondorioztatu dutenez, ugaztun espezie batzuen historia ebolutiboan tamainaren «aldaketa malkartsuak» dauden aldiak badaude ere, gertakari hauek aldaketa «normal» bezala ulertu daitezke. Izan ere, aldaketa hauek eboluzioak populazio naturalengan gehitzen duen aldakortasun naturalean oinarritzen dira.

Pagelek azaldu duenez, eredu estatistikoak «oinarri bat ematen du Darwin bezalako teorikoen saihetsean arantza bat izan dena egokitzeko».

«Darwinen hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren teoriak aldaketa mailakatu eta inkrementalak iragartzen ditu organismoengan denboraldi oso luzeetan zehar. Baina erregistro fosilak oso aldaketa malkartsuak erakusten ditu maiz organismoen tamaina, forma, kolore eta bestelako ezaugarrietan, eta horiek, gutxienez, 50 urtez erabili dira ortodoxia darwiniarraren aurka», azaldu du Pagelek.

Aldaketa hauetako asko duela 60-70 milioi urte inguru gertatu ziren, aurreko formetatik ugaztun talde ezberdin askoren sorreraren garaian, hain zuzen ere. Adibidez, 100.000 urtez, artzaintzako animalia txiki batek (Conacodon entoconusek), behien, antilopeen eta egungo jirafen arbasoak, 70 aldiz baino gehiago handitu zuen bere tamaina.

Oraintsuago, balea bizardunek (balea konkordunak, urdinak eta kaxaloteak) 100 aldiz baino gehiago handitu dute bere tamaina, izurde baten antzeko arbaso txiki batetik abiatuz. Denbora tarte berean (7 milioi urtetan) gizaki modernoak txinpantzearekin komunean duten arbasoarengandik bereizi ziren.