NAIZ

TikTok-ek gazte eta adin txikikoengan eragin ditzakeen kalteei buruzko ikerketa AEBetan

TikTok-ek gazte eta adin txikikoek plataforma horretan igarotzen duten maiztasun eta denbora handitzeko erabiltzen dituen teknikak eta horrek ekar ditzakeen ondorioak aztertzeko ikerketa abiatu dute AEBetako zortzi estatutan, fiskalen ekimenez.

TikTok-eko logoa.
TikTok-eko logoa. (Oliver DOULIERY | AFP)

Ameriketako Estatu Batuetako zortzi estatutako fiskal nagusien koalizio batek iragarri du ikerketa bat hasi duela, TikTok gazteak plataforma horretan denbora gehiago pasatzera bultzatzen ari ote den jakiteko. Honek, fiskalen aburuz, kalte fisiko zein mentala eragin dezake kontsumitzaileengan.

New Jerseyko Fiskaltzaren ohar baten arabera, TikTok-ek haur, nerabe eta heldu gazteek plataforma horretan igarotzen duten denbora eta maiztasuna handitzeko erabiltzen dituen tekniketan oinarritzen da ikerketa. Halaber, prozesuan TikTok-ek kalte horiei buruz dakiena ere aztertuko da.

Kalifornia, Florida, Kentucky, Massachusetts, Nebraska, New Jersey, Tennessee eta Vermont estatuek eramango dute aurrera ikerketa. Estatu talde hori bera Meta (Facebook, Instagram eta WhatsApp-en enpresa nagusia) ikertzen hasi zen iazko azaroan, Instagram sare sozialak gazteenei nola eragiten dien zehazteko.

Koalizioak orduan jakinarazi zuen bere ikerketak Meta enpresak «erabiltzaile gazteen elkarrekintzaren maiztasuna eta iraupena areagotzeko» erabiltzen dituen teknikak aztertuko zituela, baita horrek sortutako kalteak ere. Fiskalek gogorarazi zutenez, 2021eko maiatzean 44 fiskal nagusik osatutako koalizio batek 13 urtetik beherako haurrentzako Instagram bertsio bat abiarazteko asmoa bertan behera uzteko eskatu zion Facebooki.

Hortaz, New Jerseyko bitarteko fiskal nagusiak, Matthew J. Platkinek, plataformaren legezko portaera ziurtatuko dutela adierazi du: «Sare sozialen plataformek gure legeak urratzen badituzte eta erabiltzaile gazteak kalte psikologiko eta fisikoen eraginpean jartzen badituzte, erantzule egingo ditugu». Honen inguruan, azaldu du guraso eta haurren defendatzaile asko kezkatuta daudela sare sozialen erabilerak «gazteen ongizatean eta segurtasunean duen eraginagatik».

Bestalde, Maura Healey Massachusettseko fiskal nagusiak nabarmendu du haur eta nerabeek antsietate, presio sozial eta depresio arazoak dituztela eta, beraz, ezin dela onartu «sare sozialek are kalte handiagoa egitea haien osasun fisikoan eta ongizate mentalean». Halaber, Twitter-en adierazi du estatuko fiskal nagusiek «beharizan bat» dutela «gazteak babesteko» eta informazio gehiago bilatzeko «TikTok bezalako enpresek eguneroko bizitzan duten eraginari buruz».