Peña Oroel: erraza, erosoa eta ederra
Mila aldiz ikusi eta behin ere igo ez. Horixe da Peña Oroel milaka euskaldunentzat. Jakako zaindari da, baina ondoan dozenaka ditu, garaiagoak, politagoak eta elurtsuagoak. Horiek neguaren preso daudenean, baina, aukera bikaina da Oroel: erraza, erosoa eta ederra. Eta bista benetan ikusgarriak ditu.
Jaka eta Jazetaniako eskualdeak milaka euskal bisitari jasotzen ditu asteburuetan, festa-egun zubietan, eta udako oporretan. Jakako biztanleria boskoiztu egiten omen da halakoetan, asko baitira eskualde horretan etxeren bat duten euskaldunak. Pirinioetako Mendebaldeko zatiko hiriburua da Jaka. Eskia, mendia eta aisia eskaintzen ditu, ostalaritza zerbitzu onak, eta bada Euskal Herriko zortzigarren hiriburua deitzen dionik ere. Hango kale kantoietan oso ohikoa da jendea euskaraz entzutea opor-egunetan.
Jakatik gertu mendi puska itzelak daude: Aspe, Collarada, Bisaurin, Telera. Eski estazio franko ere bai: Astun eta Candanchu gertuen daudenak, baina Panticosa eta Formigal ere ordu erdi pasatxora. Mendi-eskia egiteko aukera ere aberatsa da bertako mendietan. Horren bila gutako asko joan izan gara Jakara, eta ez behin bakarrik, sarri baizik. Eta hara hurbildu garen aldiro ikusi dugu Jaka hegotik babesten duen mendi puska: Peña Oroel, Uruel aragoieraz, ia 1.800 metroko menditzarra.
Horixe egin dugu: ikusi, joan garen aldiro, baina igo, ia inoiz ez. Oroel Nafarroako Beriain-en edo Gipuzkoako Ernioren bikia da, antzekoak oso egituraz. Pirinioetako Beriain esan geniezaioke Uruel haitzari, erratzeko beldurrik gabe. Etzanda dagoen lehoi baten itxura du, eta bi isurialdeek bat egiten duten tokian halako bizkar edo atzealde luze eta zabala dauka. Mendi garaia da Oroel, ia 1.800 metrora goititzen dena, eta Pirinioak begiratzeko balkoi onenetakoa da, onena ez bada.
Bizitzako uneren batean beti irekitzen da leiho bat, eta apirileko elurteek ireki dute oraingoan. Pirinioetan elurra lodi bota du 2.000 metrotik gora Aste Santu aurreko egunetan. Apirileko elurra elur zaila da, gaiztoa, nekez izozten dena, eta horrek ikaragarri zailtzen du mendizaleen ibilera. Komeni da elurrez biluzik dauden beste mendi batzuk bisitatzea, eta Oroel da horietako bat. Oroel gazteleraz, Uruel aragoieraz. Punta Uruel, zehazki, Uruel izena mendikate osoarena baita. Lerro zuzenean Jakatik zazpi-zortzi kilometro eskasera dago, baina Jaka baino 1.000 metro gorago, ia-ia. Jazetania eskualdean Bisaurin handiak bakarrik du Uruel Puntak baino goragune handiagoa (inguruan edo gertu dagoen mendiarekiko aldea metroetan). Halere, oso igoera erraza da, goiz-pasa egiteko oso aproposa.
Hiru orduko buelta
Igoera Oroelgo atsedenlekutik, Paradoretik, hasten da. 50 autorentzako aparkalekua daukan toki ederra da, Punta Uruelgo ipar isurialdean. Pinu eta izei baso itxian barrena egiten du bideak, eroso, bihurguneari bihurgunea lotuz. 37 norabide aldaketa daude denera, eta horrek erakargarri egiten du igoera, ez baitago malkar handirik. Ordubete eskaseko bidean apenas dago argigunerik, bat edo bi, baina horietatik Jaka herria eta Pirinioak dotore agertzen dira.
Esan dugu Punta Uruel mendiak Beriainen tankera duela. Ñabardurekin. Uruel mendikatean basoak 1.700 metroraino irauten du, mendiaren bizkarra harrapatzen den unera arte, hain zuzen ere. Beriain aldean mendi bizkarrera iritsi baino dezente lehenago bukatzen da basoa. Uruelen basoaren eta bizkarraren arteko lepoa oso goxoa da. Beriainen malda harritsu eta malkartsuak pasatu behar dira, basoa bukatzen denean, bizkarrera iristeko. Bizkarrera iritsita, mendia bere osotasunean agertzen zaio mendizaleari. 1.660 metrora gaude.
Bederatzi metroko gurutze erraldoia
Dozena bat kilometro luze da Uruel, ekialde-mendebalde, zati handiena 1.700 metroko langatik gertu. Belaze ederra dauka goialdean, baina tarte harritsuak ere sarri agertzen dira; batez ere, gailurretik gertu. Mendebaldera agertuko zaigu gailurra, lepotik kilometro pasatxora, baina argi nabarmentzen da puntu gorena non dagoen, Uruel Puntak bederatzi metroko gurutze erraldoia baitauka gailurrean. 1902an kokatu zuten bertan basozainek. Ordu eta erdi eskasean lortuko dugu Paradoretik gailurrerako tartea osatzea, oso martxa lasaian.
Gailurrean jende oldea dago. Agerikoa da mendizaleek Aste Santua baliatu dutela Jazetaniako mendi dotore hau igotzeko. Asko Biarno eskualdekoak dira, Pirinioez iparrekoak. Gailurrean kontuz ibili behar da amildegiekin, sakonak baitira iparralderantz. 300 metroko hormatzarrak daude basoaren gainetik, eta bertigo pixka bat daukanak hobe du amildegira gehiegi ez hurbiltzea. Jaka herria oso ondo ikusten da, hatzekin ukitzeko moduan, eta Jakatik iparrera, mundu zuria.
Pirinioak ikusteko Balkoi politenetakoa
Punta Uruel Pirinioak ikusteko balkoi politenetakoa izango da. Ez dauka itzalik egingo dion mendirik aurrean, eta Pirinioetako goi mendiak bere osotasunean ikusten dira. Hasi Bisaurin ezagunetik (2.668 metro), Aspe eta Collaradarekin jarraitu (inguruko garaiena, 2.883 metrorekin), eta Telera eta Tendeñera mendikateetaraino. Vignemale-ren beraren silueta antzematen da ondo, eta urrunean, Monte Perdidoko hiru haitz ezagunak ere bai: Cilindro, Perdido, eta Pico Añisclo edo Soum de Ramond. Elurra zuri-zuri dute mendi horiek guztiek, Aste Santua baino lehen elurra egin baitu 2.000 metrotik gora Pirinioetan.
Mundua, baina, ez da mendien ikuspegiarekin bukatzen, eta Jazetania bailarako zuloa, lautada, ere ikusgarria da, berde-berdea apirilean. Mendebaldera Cuculo mendia agertzen da, mendi ezaguna hau ere bailaran, San Juan de la Peña monasterio ezagunaren ondoan. Ekialdera, Guara mendikateko gailurrak agertzen dira, elur arrasto gutxi batzuekin. Guarako Tozal mendiak 2.097 metro ditu, eta Huesca hiriburutik 25 kilometro eskasera dago. Hori ere zehatz ezagutzeko moduko mendigunea da, baina beste ale baterako utziko dugu.