Denbora iragankorra da eta iragana gordetzeko modu polita izaten da postalak idatzi, jaso eta bilduma osatzea. Hori da behintzat Postal Kolekzionistak talde tolosarrak iradokitzen diguna, eta, iragankortasun horretaz jabetzeko, bigarren diskoa atera dutenetik urtebetera ‘Hotz emozionala’ kantuaren bideoklipa kaleratu dute. Bideoklipak ere bai baitira denborako une konkretu bateko argazki.
Postal Kolekzionistak da taldearen izena, baina haren arima Iñigo Asensio dela esan dezakegu, bera baita taldeko abeslari, kantuen sortzaile eta, kasu honetan, bideokliparen zuzendaria. Sentimenduetatik asko tiratzen du Asensiok bere proiektu musikalean eta kasu honetan ere halatsu hartutako erabakia izan dela esan digu bideoklipa kaleratu duen honetan: «Ikus-entzunezkoa osatzeko kanta egokia zela sentitu nuen, nolabait ideiak berak bultzatu du abestia hau izatea eta ez alderantziz».
Taldeaz gainera, aktore bat eta bakarra ageri da piezan, Oihana Maritorena aktore eta dantzari donostiarra, lantzean behin Postal Kolekzionistak taldearen zuzenekoetan ere dantzari gisara aritu dena. «Urte asko dira Oihana eta biok elkar ezagutzen dugula eta gustatzen zait dantza eta interpretazioan duen gaitasun bikoitz horretan lortzen duena. Kantua ere ondo ezagutzen zuen, baita musikalki kontatu nahi izan nuena, eta beste espazio narratibo batzuetara heltzen saiatu gara bideokliparen bidez», aipatu du Asensiok.
Aipatu bezala, Asensiok bere sorkuntzan sentimenduetatik idazten du, abesti bakoitza une konkretu bateko postala bailitzan. Kasu honetan artea barneko minaren hotzari aurre egiteko erabili du, kantu moduan hasitako hori ikus-entzunezko mundura eramanaz: «Haustura baten biharamunean kokatzen da kantua eta kantu pertsonala da oso. Musikariontzat abestiak egitea katartikoa den bezalaxe, esango nuke bideoaren protagonistarentzat dantza egitea ere badela lasaitzailea eta horretara abiatzen da. Inguru industrial eta hotzean topo egingo dute taldeak zuzenean jotzen eta Maritorenak berak dantzan, minari aurre egiteko asmotan, eta soplete baten argia min horren aurkako helduleku bihurtuko dute. Orbainak sortzen dabil norbait industria giro hotz eta, aldi berean, bero horretan».
Bideoklipa etxean bertan
Tolosan Bertan grabatu dute ‘Hotz emozionalak’ bideoklipa, Asensioren etxean eta Ulinox galdara-fabrikan. Asensiorekin batera Iñaki Gereñu izan da argazki zuzendaritza lanetan eta dron kameraren kontrolean, Idoia Dávila kamerari eta edizio lanetan eta Goiuri Eceiza arte zuzendaritzan. «Oso elkarlanetik eta lagunen artean osatu dugu dena. Gereñurekin grabazio bidaia asko izan dira azken hilabeteetan atzerrian eta berak bota zidan dronaren proposamena. Azkenean uste baino ardura gehiago hartu du. Molatu Produkzioak ere bidelagun izan dut argiztapenean, Juankar Oyanluzeren bandarentzako argi diseinuarekin, eta beste hamaika lagun izan dira errodaje honetan babesa ematen», bukatu du musikari tolosarrak.
Hirugarren disko baten sorkuntza prozesuan murgilduta dabilela kontatu digu Asensiok eta datozen kontzertuetan adi dabilenak kantu berriez gozatzeko aukera izango duela gaineratu. Gertueneko data, uztailaren 9koa dute Postal Kolekzionistak taldekoek, Lizarra Kanpiñean izango baitira ‘Bagoi hutsak’ aurkeztuz.