Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
Joseba Tapia
2022ko Adarra saritua

«Jabetzea da bidea. Euskaldun edo ingeles berdin izango da bestela»

‘Egon edo ez egon’ diskoa labetik atera berri iritsi zaio Joseba Tapiari Adarra Saria eta biak batuz aurkezpena eginen du astearte honetan, Victoria Eugenian. Donostia Kulturak bere ibilbide oparoa goraipatu du, 40 urtetik gorakoa, baina atzera ez, aurrera begiratzen du lasartearrak, kantuaren bila.

Joseba Tapia, Adarra Sariko kontzertua eta ekitaldia eginen diren antzoki berean, Victoria Eugenian.
Joseba Tapia, Adarra Sariko kontzertua eta ekitaldia eginen diren antzoki berean, Victoria Eugenian. (Jon URBE | FOKU)

«Hamar laguneko taldea daukagu eta oso indartsu entzuten da soinua», adierazi digu Joseba Tapiak (Lasarte-Oria, 1964). Astearte honetan Donostia Kulturaren Adarra Saria jasoko du Victoria Eugenia antzokian eta, ekitaldiaz gain, kontzertua izanen da gozagarri. Emanaldi berezia izatea nahi dute eta gonbidatu batzuk izanen dituzte. Disko berriko kantuez gain, lehenagokoak ere joko dituzte.

Hortik, udan, bira bat eginen dute, bertzeak bertze, Tolosa, Aia, EHZ eta Larrabetzun barna eta udazkenean zuzeneko gehiago etorriko dira.

Maite du musikari eta kantariak ‘Egon edo ez egon’ obrak daukan gazi-gozoa. Letra gogor eta tristeak musika dantzagarriarekin uztartzen dira. «Gauza geldoago bat neukan pentsatua, baina bideak horra eraman nau». «Txispazo» batzuk Garate estudioan bertan sortu dira.

Zorionak. Ilusioz hartuko zenuen aitortza.
Pentsa zein izan diren aurreko sarituak, izen handikoak. Nire burua talde horretan ikustea… harro egoteko modukoa da. Horiek nire gremiokoak dira, erresistentziakoak, gainera belaunaldi ezberdinetakoak. Askorekin jo dut: Amaia Zubiria, Ruper Ordorika, Mikel Laboa, Fermin Muguruza...

Leturiarekin bederatzi disko dituzu, bakarka bertze hainbertze. Adarra sarian hainbat alderdi baloratu dituzte: moldakortasuna, herri musika zabaldu izana, pieza berriak sortzea, akordeoiaren gaurkotasuna erakustea...
Hori izan da nire ibilbidea, proiektuka egina.

Sariak balorazio bat egiteko bidea eman dizu?
Ez hainbeste; atzera baino aurrera begira jarraitzen dut. Jada hurrengo diskoa buruan.

Zer bilatzen duzu aurrera begiratzen duzunean?
Kantua. Testu eder bati doinua jartzea, kantatzeko. Hori da nire lan egiteko bidea, baita nire plazera eta zaletasuna ere. Kantu ederren bilduma benetan gauza interesgarria da, eta hori komunitatean uztea, oraindik gehiago.

Taldean hamar kide zarete, eta diskoan are gehiago, hogei.
Bai, Et Incarnatus orkestra ere gonbidatu dut. Harizko moldaketekin probatu nahi nuen. Aspaldiko lagunak ditut.

Kantagintzari eskaini diozu bakarkako ibilbidea.
Kantua asko interesatzen zait. Aukera ematen dit musikalki eta gaien aldetik kantu eder bat sortzeko, lantzeko. Txikitatik bi adar horiek ezagutu ditut: aitaren aldetik trikitixa eta amaren aldetik kantagintza. Nire ibilbide artistikoan islatzen dira.

Kantuaren atzetik zenbiltzala, gai baten inguruko lanak ere sortu dira. Liberal eta karlisten kantuekin osatutako ‘Eta tira eta tunba’ (2010), adibidez.
Halako zenbait baditut argitaratuak: Quebeceko kantagintza modernoaren antologia bat, 36ko gerra galtzea tokatu zitzaion herriaren lekukotasun bat, eta kartzelaldiari buruzko beste bat, “Tximela kapitainaren izarrak”. Beharrezkoa da garai batean pasatutakoa ekartzea; gaur egungo mundua ulertzeko balio du.

Zein da, zure hitzetan, ‘Egon edo ez egon’ diskoaren berezitasuna?
Hamar kantu eder dira, arropa berdintsuz jantziak. Kantagarri eta dantzagarriak. Gai eta erritmo ezberdinekoak. Entzuteko, kantatzeko, dantzatzeko balio dutenak. Horretan saiatu naiz behintzat.

Diskoko letrak Koldo Izagirrerenak dira. Gai piloa agertzen da.
Hori du ederra kantuak, doinuarekin eta gatz eta piper pixka batekin jendea kantuan jar dezakezula eta estribillo on bat asmatuz gero jendearen soinu banda osa dezakezula. Lanean kantuan dabilenak bere osasunaren tamaina ematen du eta bere buruari jana ematen dio. Izan liteke injustiziari distantziatik begiratzeko, tristura edo poza gestionatzeko. Kantua terapeutikoa da.

«Kristoren mugimendua ikusten dut, gazte ausartak, puskatzeko prest. Gehienetan hortik etortzen da berrikuntza»

Sortzaile aunitzek diskoa ateratzen segitzen duzue, baina gero ez dugu non entzun.
Musika entzuteko modu berriak dauzkagu eta CD formatuak jada ez du zentzurik, alferrikako objektu bihurtu da. Sare sozialek aldatu egin dute osotasunaren esanahia. Orain nahasian entzuten da musika guzia. Pazientziarik gabe gelditu gara lan oso bat entzuteko. Dena azkar eta edonola irensten dugu. Gazteak horrela hezi ditugu eta haientzat normala da. Lehenago diskoetxeek irabazten bazuten, orain telefono konpainiek irabazten dute, telefonotik kontsumitzen delako musika. Baina lehen diskoetxeekin tratua genuen eta orain telefono konpainiekin ez. CDa akabatuta dago. Guretzat ipurdiko handia izan da: ezin dugu nahiko genukeen lana behar bezala egin.

Egin eta zabaldu. Sekulako lana egin dezakezu, baina nola iritsi jendearengana?
Sareetan jartzeak ez du esan nahi entzungo denik, iritsiko denik. Zure kantuak armairu batean sartzea bezala da; gero inork aterik irekiko dion ez da ziurra. Norbaitek bultza behar zaitu horretara eta horretarako ere dirua behar da. Enpresa handiek ahalmen handiagoa dute eta haien esanetara funtzionatzen du transmisioak. Gu ahalmenik gabe gelditu gara. Jendearen kontzientziaren eta militantziaren mende gaude. Dena da dirua eta jada ez dugunez diskorik ere dirua berreskuratzeko...

Kontzertuetatik lortzen duzue gehiena.
Bai, baina multinazionalekin dabiltzanek jotzen dute kontzertuetan baldintza txukunetan. Besteontzat aukera ia bakarra elkartasunezko kontzertuetan jotzea da.

Nola iristen da orduan entzuleengana zuen musika?
Ez da iristen. Badaude taldeak oso interesgarriak inork ezagutu ez dituenak. Injustua da: handiak txikia irensten du. Horri buelta eman behar zaio baina pentsatu behar da nola. Ez da erraza izango, baina ez gaude amore emateko. Informazioa ezinbestekoa da.

Bai, baina lan handia egin dute ez gaitezen informatuta egon.
Egia da. Netflix jarri digute etxean eta entretenituak gauzkate. Kalean elkartzea ere ez dute nahi, hor jendea jabetu eta indartu egiten delako. Garai batean dantza edo kirol taldeak euskaltasunaren gune ziren, orain ez. Denak Madrilera edo Olinpiadetara begira daude.

Eta halere segitzen duzue. Zerk motibatuta?
Ez zaigu beste aukerarik gelditzen erresistentzia baino. Inertziak zure kontra egiten du bizkor. Erresistentziarako gizarte bat behar dugu.

Nik uste badagoela.
Gauza askotan bai. Baina gerla txiki piloa dauzkagu eta ezinbestekoa da denak juntatzea borroka bakarrean. Bestela, elkartzeko baino urruntzeko izan liteke. Bakoitzak berea bakarrik defendatzeak elkarren kontra jarriko gintuzke.

Pandemian ikusi da behar dugula kultura bizitzeko.
Pandemian gauza asko ikusi da.  Dena den, ematen du ez dugula deus ikasi, fite itzuli baikara lehengo bidera. Bestalde informazioa eskura dugu; leku guzietatik dator. Sare sozialetatik batez ere. Irrati eta telebistetan ere lepo, nahasian. Minutuko bost informazio. Baina ezin berezi zein den ona eta zein txarra. Tartean gezurra dabil egiaren jantziarekin. Eta ematen du nahas-mahas hau interesgarria dela jendea ezjakin mantentzeko.

Nola ikusten dituzu gazteak? Laguntasuna daukazu Chill Mafiarekin.
Kristoren mugimendua ikusten dut, gazte ausartak, prest daudenak esperimentatzeko, aurrekoarekin puskatzeko, hanka sartzeko. Gehienetan hortik etortzen da berrikuntza. Egoera hain iluna jarri ondoren belaunaldi berriak indartsu ikusteak poza baino ez dit ematen.

«Euskara etengabe erasotua da. Etortzen zaizkidanean, ‘¿por qué no cantas una canción en castellano?’, eraso bat da»

Berriki ‘Argia’-rekin egindako elkarrizketan zenioen euskarazko musikariak ez zaretela hedabideetan agertzen, ez zaituztetela programatzen ere.
Enpresa asko daude aretoei bidea errazten dietenak eta pixkanaka haiek hartzen dute lehentasuna. Euskaraz zerbait programatu nahi duenak intentzio militantea eduki beharko du geroz eta gehiago.

Kantaren bat gaztelaniaz abestuta hori aldatuko litzateke?
Euskararen kontrako erasoak ez dauka etenik, belaunaldiz belaunaldi olatuka etortzen da; batzuetan bortitz besteetan sotil, mozorrotuta. Etortzen zaizkidanean, ‘¿por qué no cantas una canción en castellano?’, badakit eraso bat dela. Gaztelaniaz kantaren bat abesten baduzu euskaldunek ere gainbalio bat ematen diote. Euskararen afera honetan ezin gara neutralak izan. Ezin dugu hautu artistiko bat bezala tratatu. Berdin zait Takaminea edo Stratocasterra, biak baliatzen ditut euskaraz kantatzeko.

Kulturgile pila bat bildu zarete dinamika baten baitan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Itunean euskal kulturaren transmisioa berariaz jasotzeko eskatuz. Aspaldian ez zarete hainbeste batu. Bada urrats bat.
Hezkuntzan ere erasoa etengabekoa da. Badakite transmisioa garrantzitsua dela hizkuntza eta kultura batentzat. Baina beraiena bakarrik maite dute. Zirrikiturik ere ez digute utzi nahi euskaldunok aurrera egin dezagun. Euskaldun bezala bizi gaitezen. Horregatik denak elkartzea beharrezkoa da. Planto egin behar dugu: ‘Ez gara hemendik mugituko’. Bestalde euskal kantariek eta taldeek Espainian prestigio handiagoa zuten garaiak ere gogoan ditut.

Zein unetan dago orain prestigio hori?
Nik uste badagoela berpizkunde bat. Euskal taldeak kanpora ateratzen ikusten ditut berriz. Baina gure garaian ez bezala ia-ia elebitasunera derrigortzen dituzte. Beren promozio guztiak bi hizkuntzatan egin behar dituzte. Argi ikus liteke azpijokoa.