Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Gernikatik Gernikara, bonben soinua iradokitzen duen obra sinfonikoa

Bihotzean mina ematen duen gertakari bat oroitu nahi du Aitor Etxebarria konposatzaileak bere lehen obra sinfonikoarekin, ‘Gernika 85’. Lan klasiko bat da baina sonoridade garaikidea duena, eta tartean bonbardaketaren zarata eta izua gogoratzen duten soinuak biltzen dituena.

Evelyn Glennie perkusionista eta Aitor Etxebarria konposatzailea.
Evelyn Glennie perkusionista eta Aitor Etxebarria konposatzailea. (Mayte SILVA)

Aitor Etxebarriak erantzunkizun handia zuen Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrena oroitzeko sinfonia bat konposatzeko eskatu ziotenean. Bera gernikarra izanik sentimendu asko zeuden mahai gainean. «Nire ikuspegia subjetiboa da eta azaltzen dut niretzat zer da Gernika eta gazteok nola bizi izan dugun gertaera, gure generazioa delako azkena zuzenean bonbardaketarekin harremana izango duena, gure aiton-amonen bidez. Ilusio berezia egiten dit horrelako dimentsioa duen lan bat egitea», kontatu digu ‘Gernika 85’ lanari buruz.  

Obraren estreinaldia ostegun honetan izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian, non oso ondo lagunduta egongo den. Izan ere, Bizkaiako Orkestra Sinfonikoak joko du musika eta Gernikako Gaudeamus abesbatzak kantatuko du. Gonbidatu berezia Evelyn Glennie da, Grammy saridun perkusionista ospetsua, zeinek erakutsi duen gorra izatea ez dela traba bat musikan arrakasta izateko. «Evelyn oso pertsona berezia da. Berarekin egon nintzen Londresen soinu banda bat egiten, duela urte batzuk, eta hortik harreman pertsonal bat atera zen eta obran parte hartzera gonbidatu nuen. Pasada bat da, espektakulu bat!», aipatu du liluraz.

Entsegu gutxi egin dituzte elkarrekin. Duela hilabete batzuk elkartu ziren Etxebarria eta Glennie perkusioaren partea sortzeko, eta BOS-ek ere duela aste batzuk jaso zituen partiturak. Sinfoniaren beraren oinarria, berriz, aspalditik dator. «Pasarte batzuk duela 5-6 urte hasi nintzen lantzen, baina azken bi urteak dira gehien landu ditudanak», azaldu du.

Izan ere, ddokumental baterako soinu banda egiteko aukera izan zuen eta horrekin munduko hiri desberdinetan izan zen jotzen. Gernikarra izanda, Gernikari buruzko obra bat sortzeko ilusioa sortu zitzaion, orkestarekin, bere ekarpena uzteko, Gernikako beste artista batzuek egin duten bezala bakoitza bere alorrean.

Isabel del Moral –Rosaliaren eszenografiak egiten dituena– dute lagun ikuskizunean: «Eszenografia ez da oso espektakularra izango, obra oso garbia eta sotila delako, baina egongo dira detaile batzuk, tartean bonbardaketako testigantzen bideoak», azpimarratu du.

Bilbokoa mundu mailako estreinaldia eta kontzertu bakarra izango den arren, Etxebarriaren itxaropena da sinfonia leku desberdinetan joko dutela, partitura edozein orkestrarentzat aproposa delako. Hala, uste du horrek Gernikaren izena munduan zabaltzen lagunduko duela.

Etxebarriaren hitzetan, obra sinfoniko klasiko bat da, lau mugimenduz osatua. Horietatik laugarrena da luzeena eta konposatzailearen gustokoena. Orokorrean, «sonoridade garaikidea du, baina obra klasiko bat da finean».