Bizarrap, musikaren mapa buruz behera jarri duen DJ argentinarra
Sare sozialek eman diote indarra Bizarrap fenomenoari. 10 milioi jarraitzaile lortu berri ditu Youtuben eta Instagramen eta munduko rap, trap eta reggaetoi abeslari guztiek berarekin kantak sortu nahi dituzte. 23 urte besterik ez dituen gazteak, marka guztiak hautsi ditu.
Bizarrapek ‘#52 Session’ izena daraman kanta eman berri du ezagutzera, eta berriro piztu ditu sareak. Oraingoan Quevedo musikariarekin batera sortu du abestia, bi artista gazteen arteko elkarlan bikaina azaleratuz. Irakurlee gazteenek eta sare sozialetara zaletuak direnek jakingo dute, agian, zertaz ari garen. Gainontzekoentzat arraro samarra izan daiteke, ez baitute jakingo nor den Bizarrap ezta zer den «Session» bat. Hasieratik hasiko gara azaltzen ekoizle musikalaren figura gailurrean jartzen asmatu duen fenomeno biral honen nondik norakoak, eta seguraski zaletu berriak sortuko ditugu aurrerantzean.
DJ, konposatzaile eta musika ekoizlez gain, marketinaren maisu ere badela esan dezakegu Bizarrap argentinarraz. 23 urte besterik ez ditu, baina sare sozialetan oso ezaguna izatea lortu du BZRP Music Sessions eta BZRP Freestyle Sessions deituriko musika saioei esker. Izan ere, Youtuben eta Spotify plataformetan 10 milioi jarraitzaile lortu ditula ospatu zuen duela egun gutxi.
Musika saio horietan abeslari bat gonbidatzen du, batzuetan ezezaguna eta beste batzuetan oso ospetsua, eta berak musika base bat sortzen du espreski. Biek elkarrekin letra osatzen dute eta, azkenean, bideo sinple bat grabatzen dute non abeslaria den protagonista. Hala ere, bera hondoan agertzen da beti keinuak egiten eta hizkietan aipamena egin ohi zaio, ekoizle lanari, askotan izkutuan geratzen dena, merezi duen garrantzia emanez.
«Nik abestien beat-ak egiten ditut eta artistei erakusten dizkiet. Lehenengo nondik jo nahi dugun pentsatzen dugu; trap, rap, reggaetoia... hizkiak gehien bat artistenak dira, nahiz eta nik pixka bat laguntzen dudan», azaldu izandu Bizarrap izen artistikoa daraman Gonzalo Julian Condek. Midas erregeak ukitzen zuena urre bihurtzeko gaitasuna zuen bezala, Bizarrapek ere halako doaina du. Izan ere, oso ospetsuak diren artistekin lana egiteari esker (Nathy Pelusorekin egindako abestia, #36 zenbakia daramana, arrakastatsuena du orain arte), hain ezagunak ez diren besteei bultzada ematea lortu du. Esaterako, Snow Tha Product-ek ospe xumea zuen 2021eko apiriliean Bizarrapek bere #39 zenbakia kaleratu zuen arte; kanta horri esker Grammy Sarietara lehen izendapena lortu zuen.
2019an hasitako abentura
Bizarrap berak ere duela gutxi egin zuen salto mundu osoko pantailetara. Hasiera batean rap lehiak editatzen zituen bere Youtube katera igotzeko. Gero Sessions deiturikoak egiten hasi zen eta bisita kopurua handitzen hasi zen. Nicki Nicolekin elkarlana egitea lortu zuen gerora, eta Argentina osoan zabaldu zen. Jendearengan interesa piztea lortu zuen eta laister bere beste kantak ere ezagunak egiten hasi ziren. Orduan konturatu zen hori zela bere bidea, horretan inbertitu behar zuela denbora. 2019ko abuztua zen.
Ospe kate bat osatu du, nolabait. Bera abeslari ospetsu batekin egindako elkarlanari esker egin zen ospetsu, eta orain berak ospetsu egiten ditu beste musikari batzuk. Era berean, Ibai Llanos influencer bilbotarrarekin ere badago nolabaiteko harremana. Bata besteari berrelikatu egiten dira. Ibai Llanosek Youtuben bideojokoetako partidak kontatuz lortu zuen ospea. Pixkanaka bestelako lanak suertatzen hasi zitzaizkion, eta egun 10 milioi jarraitzaile ditu bere kate nagusian. Bizarrapen berri izan zuenean, hura elkarrizketatzea lortu zuen, eta gerora kaleratzen zituen saioen iruzkinak egiten hasi zen; hala, Bizarrapen jarraitzaileak Ibairen iruzkinaren zai egoten dira, eta Ibairen jarraitzaileek Bizarrapen lana ezagutzen dute, euren arteko pilota partida birtuala osatuz, bata besteari «like»-ak opartituz.
Bizarrapek marketing ikasi zuen hiru urtetan, baina musikan bere lekua hartzeko aukera ikusi zuenez, ikasketak utzi zituen horretara bakarrik dedikatzeko. Gainera, musika arloan ere bazuen eskarmentua, 18 urterekin artista berriak ikuskatzeko lanetan hasi baitzen Warner disketxean. Horri esker industriako trikimailu eta sekretuak ikasi zituen, eta jende ugari ezagutu zuen. Bere proiektuak indarra hartzen hasi zen eta Youtubeko bideoekin diru gehiago irabazten bazuen ere, disketxean lanean jarraitu zuen, baita ikasten ere. Kontatu duenez, 7.00etatik 13.00etara fakultatera joaten zen, 14.00etatik 18.00etara disketxera, eta gero 2.00k arte etxean egoten zen ekoizten. Horrela urtebete aritu zen, nekeak gaina hartu zion arte. Orduan, Bizarrap proiektuan zentratzea erabaki zuen non ikasitako guztia aplikatzen duen.
Marketing estrategiak
Saioen zenbakiak ez ditu jarraian ematen. Zenbaki segida bat baino, abestien izen soilak dira, beraz, zenbaki batzuk falta dira zerrendan, edo aurrera egiten duenean, ondoren atzera itzultzen da hutsuneak betetzeko. #23 zenbakiaren kasua da hori. Residente-rekin batera egin zuen #49 zenbakia, ordura arte zenbaki guztiak jarraian baina #23a falta zen. Ez zen akatsa.
Saioak egiten hasi zenean Argentinan artista handi bat bazen, Paulo Londra. 19 urte besterik ez zituen eta herrialdea hankaz gora jarri zuen bere musikarekin, baina gaizki sinatutako kontratu batek urteetan musika berria argitaratzea galarazi zion, eta Bizarrapek #23 zenbakia berarentzat izango zela agindu zion. Hala, urte batzuren ostean bere hitza bete zuen. Urte honen hasieran Londrarekin zuen elkarlanaren berri eman zuen, baina argitarazeko 23 milioi komentario eskatu zituen Instagramen. Euren helburua marka 3 egunetan lortzea zen, baina egun erdian jada bazituzten eskatutako iruzkinak. Spotifyen igo zuten kanta lehenik, baina Youtuben ikusteak xarma gehiago du, bideo eta guzti duelako. Hor, berriz, arazoak izan zituzten eta denbora gehiago itxaron behar izan zuten jarraitzaileek, urduri. Londrak bere isilunea apurtu zuen Bizarrapi esker, hilabete luze askoren ostean.
Anonimotasunak ere ematen dio indar puntu bat. Bere garaian Shia ileorde erraldoi baten atzean izkutatzen zen bezala, ekoizle argentinarra betaurreko ilun eta kapelaren azpian gordetzen da. Horri esker misterioa sortzen du, eta kalean normaltasunez bizitzen jarraitu dezake, mundu osoan ezaguna den arren. Gainera, zer egin nahi duen aukeratzeko luxua du; inork ez daki norekin egingo duen hurrengo kanta, baina musikari guztiek nahi dute berarekin lana egin.
Kanta berri bat egiten duen bakoitzea, trailerrak zabaltzen ditu sareetan pistak emateko eta ikusleen gogoa pizteko, kanten artean elkarrizketa bat sortzen du, beste musikariak aipatuz, gerora berarekin arituko direnak edo ez, eta istorio bat kontatzen amaitzen du. Finean, Argentinan Messi bera baino ospetsuagoa izango dela diote; futbol jolakariak ekoizlearekin argazkia atera nahi izan zuen behin, lortu duen miresmen mailaren seinale.