Fabrikazio aurreratuko ikerketa aplikatuan liderra den CIRP nazioarteko erakundeak Bilbon egin du 71. Batzar Nagusia, eta horren baitan Mondragon Unibertsitateko Errendimendu Handiko Mekanizaziooko Ikerketa Taldean aritzen den Gorka Ortiz de Zarate Bengoa ikerlariaren lana txalotu dute. Izan ere, honek jaso du Taylor Domina prestigiotsua, Estatu espainolean ohore hori jasotzen duen lehena bilakatuz.
Industria orokorraren eta, bereziki, aeronautika-industriaren alorrean 2021ean egindako ikerlan batengatik saritu dute. Lakuaren beka baten bidez finantzaturiko doktorego-tesiaren esparruan eginiko lan harekin, cum laude aipamena ez ezik Nazioarteko Doktore aintzatespena ere eskuratu zuen.
Lanean, ikerlariak teknologia bat garatu du txirbilaren eta erremintaren arteko ukipen-guneko tentsio normalak eta tangentzialak esperimentalki neurtzen dituena, eta, hortik abiaturik, marruskadura-eredu bat atera daiteke, ebaketa-prozesuaren modelizazioan lortutako emaitzak hobetu ahal izateko.
Ereduen bidez aurreikusteko gaitasuna garatzea alderdi erabakigarria da askotariko sektoreetako osagaien fabrikazio aurreratuan (aeronautika-industrian eta automobilgintzan, besteak beste); izan ere, lagungarria izango da kostuak murrizteko eta bezeroei erantzun azkarragoko, bai eta ingurumen-inpaktua murrizteko ere.
CIRP erakundea
CIRP akronimoak Produkzio Ingeniaritzarako Nazioarteko Akademiari egiten dio erreferentzia (Collège International pour la Recherche en Productique, frantsesez). CIRP 1952an sortua zen, eta mundu zabaleko erakunde liderra da ekoizpen-ingeniaritzaren esparruko ikerkuntzan.
Akademiako kideak mugatuak dira, ikerketan erakutsitako bikaintasunean oinarritutako parametroei jarraikiz hautatuak. Gaur egun, 650 kide inguru ditu, mundu osokoak, hala nola: ABB, Makino, Mazak, Pratt and Whitney, Rolls-Royce, Safran, Volvo, Zeiss, DMG-Mori, General Electric, Magna, NPL, PTB eta Airbus.
CIRPek urtero egiten du batzar nagusia, kideen artean I+Ga sustatzeko. Horretarako, nazioarteko sare bat sortzen da, industriaren munduko ikertzaile eta pertsona garrantzitsuz osaturik, eta jakintza ez ezik etorkizunerako aukerak ere partekatzen dituzte ekitaldi horietan. Batzarra Europan egiten da bi urtez jarraian, eta, hiru urtean behin, Amerikan eta Asian izaten da txandaka. CIRPek orotara egin dituen 71 edizioetan, Estatu espainolak bitan hartu du batzar nagusia, biak Euskal Herrian: lehenbizikoa Donostian izan zen, 2001ean. Bigarrena egun hauetan ospatzen ari da –abuztuaren 27ra arte– Barakaldoko BECen, non 500 ikertzaile baino gehiago elkartu diren.