Xabier Bañuelos

Ancona, Adriatikoaren portu italikoa

Adriatikoaren italiar hegalaren ipar atea da, bertara iristen direralarik Grezia eta Balkanetako kostarantz ontziz abiatu nahi dutenak. Ancona hiria askotan igarobide portua baino ez da baina bere kalexketan barneratzea erabakitzen dutenei eskuzabal oparitzen die bazter zoragarrien sorta eder askoa.

Xabier BAÑUELOS
Xabier BAÑUELOS

Milanetik iritsi gara Anconara. Bertan ontziratu nahi dugu, Greziako ipar-mendebaldeko atea, Ingumenitsa, jomugan daukagula. Beste bidaiari askok legez, lehenbailehen igo nahi genuen ferryra, Adriatikoko uretan bidea urratuz hegoalderantz jotzeko. Anconako Ziriako gogora etorri, ordea, eta jakin-minak gaina hartu zion hasierako asmoari. Ziriako gizon errenazentista bat izan zen, errenazentista bai garaiagatik eta bai jarreragatik. Humanista eta polifazetikoa, bidaiaria, poliglota, ilustratzailea eta historia eta kultura klasikoaren ikasle eta zale amorratua. Gaur egun arkeologiaren aitzindarietakotzat dugu. Idazle ere izan zen, baina bere obra betiko galdu zen 1514an Pesaroko sforzatarren liburutegia eta handik urtebetera hiriko artxiboa kiskaldu zituzten sugarrek irentsita. Hala, bada, Ziriakoren lanik irakurtzeko aukerarik izan ez dugunez, haren hiria ezagutzeko geldialditxoa behintzat egin behar genuen, ezinbestean. Tira, eta zinemazaleak ere bagarenez, aitortu behar dugu Virna Lisik ere zeresana izan zuela erabaki horretan. Izan ere, handik gertu jaio zen, Iesi izeneko herri txiki batean, 30 kilometrora, eta seguru asko Anconako kaleetan ibiliko zen hura ere.

Anconako ikuspegia, portu gaineko etxeak aurrean. Xabier BAÑUELOS

Uztaileko goiz bat da. Hiriak logaleturik egin digu harrera, uda beteko sargoritan, bere portuaren inguruan kiribilduta, hasperenka, bero sapa nolabait arinduko duen itsas haizearen etorreraren zain balego bezala. Jarduera handirik ez dago. Ibilgailuak eta pertsonak, ontziratzeko txandaren itxarote nagian, askoz gehiago ez. Badakigu, ordea, hauxe dela Mediterraneoaren alde honetako porturik garrantzitsuenetakoa, bidaiari kopurua dela-eta, salgaien bolumena dela-eta, baita arrantza portu gisa ere. Eta zaharrenetako bat ere bada; hain zuzen, 2.500 urte baino gehiagoko historia dauka. Bertan kokatu ziren pizenoar edo sabelikoak, hau da, antzinate hartan K.a. IX. mendetik kostaldearen eta Apeninoen artean bizi izan zen osko-umbriar herria. Greziarrak geroago iritsi ziren, K.a. 387. urte inguruan. Dionisio I. tiranoaren uztarpetik ihesi iritsitako sirakusarrak ziren. Hiria sortu eta Ankon izenarekin bataiatu zuten: «ukondoa» esan nahi du, oso izen aproposa bere geografia kontuan hartuta, itsasoari bizkarra ematen dion badia batean babestuta dagoelako. Guascon eraiki zuten beren akropolia, hiria kulunkatzen duten bi mendixketako batean. Beste muinoa Astagno da, eta hantxe eraiki zen gerora zitadela, gaur egun parke publiko dena. Bi mendixketan gora eginez eta bien artean hedatzen da alde zaharrena; hirigune berria ekialderantz lerratuz doa, urdinak ostertzarekin nahasten diren lekurantz.

Portutik Guascora

Ancona Markak eskualdeko hiriburua da. Hiriburu txikia da, ordea, ehun mila biztanle eskas. Lehorrean dago, baina dena zor dio itsasoari. Bere arradaren babesean hazi zen heleniarren, erromatarren, karolingioen garaian... Itsas errepublika gisa nabarmendu zen Veneziarekin lehian, eta bertako abra Estatu Pontifizioen parte izan zen. Dartsena ere izan zen Italiako Erresumari atxiki zitzaionean XIX. mendean, eta gaur egun ere bada. Horregatik guztiagatik, historiarekin zor poetiko baten gisa, gure ibilbidea kaian hasi dugu. Lazzarettoren parean abiatu gara. Mole Vanvitelliana izenarekin ere ezagutzen dena eite militarreko eraikin pentagonala da, uharte gisa kokatua itsasontzien amarralekuen parean. 1732. urtean diseinatu zuen Luigi Vanvitellik gotorleku, biltegi eta berrogeialdietarako eremu gisa, eta gaur egun kultur zentro bat da. Malekoiaren ondoan ibili gara. Porta Pia barrokoaren ondotik igaro gara lehenik, eta Trajanoren estatuaren ondotik gero, Errepublika plazara iristeraino. Han, Musaren antzokia dago, galtzada-harrizko zorua duen espazio irregular batean. Fatxada neoklasikoan arkupeak eta haren gaineko zutabeak nabarmentzen dira, eta kontraste bitxia sortzen da barroko berantiarreko Sakramentu Santuaren elizako kanpandorrearekin, zehazki, haren zurubi gisako pinakulu jostariarekin.

Anconako Merkatarien Logia. Xabier BAÑUELOS

Itzal zaharrez trinkotutako amarauneko kalexketan abiatu gara eta plazaren inguruan harribitxi batzuk aurkitu ditugu. Merkatarien logiako fatxada gotiko ikusgarria nabarmentzekoa da. Benicasa jauregiarekin bat egiten du arku ojibalen errenkada baten eta leihate bikoitz trilobulatuen segida baten bidez. Leihoak alfiz ojibaletan enmarkaturik daude, baina erdi-puntuko arkuekin erremataturik. Bestalde, Saint Agostinoren eliza gotikoa ere aurkitu dugu, baita Bosdar jauregia ere, gaur egun Pinakoteka Zibikoaren egoitza. Hainbat artistaren obrak daude bilduma horretan, hala nola: Olivuccio di Cicarello, Francesco Podesti, Arcangelo di Cola eta Andrea Lilli L'Anconitano. Giuseppe Garibaldi corsoan aurrera eginez, Erroma plazara iritsi gara. Oinezkoentzako eremu zabal honetan azoka postuak ipintzen dituzte, Belarren Merkatu modernista eta burdineztatuaren ondoan. Eraikin hori osatzeko “Erzherzog Franz Ferdinand” austriar korazatuaren metala erabili zuten, I. Mundu Gerran hiria bonbardatu zuen ontziaren aurka mendeku xumea-edo hartuz.

Santa Maria della Piazza. Xabier BAÑUELOS

Giuseppe Mazzini corsotik itzuli gara, eta Fontana del Calamo iturri manieristan gelditu gara pixka bat freskatzeko. Ura brontzezko hamabi satirok eta harrizko batek isurtzen dute ahoan duten iturri tutuaren bidez. Handik edaten duena itzuli egiten dela esan digute, eta guk itzuli egin nahi dugunez, edan egin dugu. Plebiszituaren plazaraino jarraitu dugu oinez, eta han aurkitu dugu Dorre Zibikoa eta bere erloju potoloa, baita San Domenikoren elizaraino igotzeko eskalinata ere, alboetan arranpak dituena. Handik atera eta San Pedroren Atea zeharkatu dugu, eta bere kantoitik kukuka bezala atzeman dugu Camerata jauregia. Jarraian, Plazako Santa Maria xarmagarria, Pisako erromaniko estiloko fatxada duena, eta San Franscesco de la Escalako ataurre gotiko-errenazentista harroa. Beste ate bat zeharkatu dugu, Porta Cipiana delakoa, eta beste zenbait txoko txundigarrirekin egin dugu topo. Batetik, Stracca plaza, eta bertan, Jesusen Izen Santuaren elizako pronaos kurbatu solemneak barroko berantiarreko eite horrekin aurrez aurre dauka Agureen jauregiko nahasketa erromaniko, gotiko eta manierista anabasatsua. Bestetik, Senatuaren plaza. Senatuaren jauregiko erromaniko preziosista bere distira guztian agertzen da Pellegrino eta Teresa Santuen elizako kupula berdearen parean eta Ferreti jauregia ondoan duela, egungo Museo Arkeologikoa.

Plebiszituaren plaza San Domeniko eliza erdian duelarik. Xabier BAÑUELOS

Guascotik Grotte del Passettora

Guasco mendixkan gora abiatu gara. Tontorrean Ziriako Santuaren katedrala dago, hiri guztia oinpean hartzen duten begiralekuen artean. Garai batean, bertan, Afrodita Euploiari eskainitako tenplu bat egon zen, nabigatzaileen zaindaria baitzen. Haren hondakinen gainean kristau basilika bat eraiki zuten VI. mendean eta batzuek uste dute eraikin paganoaren jatorrizkoak direla barruan dauden zutabe erromatarrak, buruan kapitel bizantziarrak dituztenak. Egungo eraikina XI. mendeko hedapenen emaitza da; orduan hartu zuen estilo erromanikoa nahiz eta greziar gurutzearen eiteko oinplanoa duen, ekialdeko kulturen eraginaren isla eta Goi Erdi Aroko Italian ohiko samarra. Ataurrea, ordea, gotikoaren bidetik doa. Elizari atxikia apezpiku jauregia dago. Bertan hil zen Pio II. aita santu atipikoa, 1464an.

Ekialderantz bideratu ditugu urratsak eta nolabait munta handiagoko lehenengo erromatar aztarnak aurkitu ditugu: anfiteatroa. Anconan greziar eta erromatar ondarea ez da bereziki oparoa, eta anfiteatroan ere eskalinataren puska bat eta arku bat besterik ez da geratzen, lehen garai inperialekoak, zehazki. Ondoan dute, zaindari, San Gregorioren eliza xumea, Barroko garaitik. Aurrera jarraitu dugu, itsasargietaraino, Vecchio eta Nuovo, eta hortik Cardeto parkera iritsi gara, San Pablo bastioitik eta Cardeto gotorlekutik igarota. Ibilbide tarte horrek ezker-eskuin sekulako ikuspegiak eskaini dizkigu etengabe hiriko etxeen gainean, badiaren gainean eta Adriatikoko uren urdin aldakorraren gainean. Hiriko alde modernora jaitsi gara, eta beste kosta parez pare harrapatzera joango gara: itsasoari inolako babesik gabe hozka egin eta goitik behera uretara amiltzen den aldea.

Anconako alde zaharrean, estilo eta garai ezberdinetako eraikinak. Xabier BAÑUELOS

Grotte Azul eta Grotte del Passeto haitzuloen artean, amildegiaren gainetik joan gaitezke edo beheko aldetik. Bigarren hori hautatuz gero, paretaren eta itsasoaren arteko pasabide estua zeharkatuko dugu, eta harkaitzaren oinetan dauden haitzulo sorta koloretsuarekin -batzuk txiringito eta beste batzuk ontziraleku bihurtuak- eta lasai bainatzeko moduko kala apartekin ederki disfrutatuko dugu. Goiko aldetik joanez gero, ekialdera ematen duen begiraleku amaigabe moduko batean egingo dugu bidea. Tarte horretako punturik enblematikoena I. Mundu Gerrako Erorien Monumentua da. Bertakoentzat il Monumento besterik gabe, Guido Cirilliren lana da monoptero moderno hori. Bertatik viale della Vittorian barrena, Cavour plazara iritsi gara. Aurretik, ordea, pixka bat desbideratu egin gara, Santa Maria della Misericordiara joateko. Lehen urratsak egiten ari zen errenazimentuak apaindutako ataurreak, horrenbeste merezi du. Eta azkenik, esan bezala, Cavour plazan amaitu dugu. XIX. mendearen hondarreko eta XX.aren hasierako jauregiek ixten duten lau angeluko plaza hiri zaharrak eta modernoak topo egiten duten lekua da.

Anconako arrantza portua. Xabier BAÑUELOS

Egin beharrekoak eginda, kaira itzuli gara. Antzinako erromatar portuaren arrastoetara eta Trajano eta Klementeren garaipen arkuetara. Aurrenekoa Senatus Populusque Romanus delakoak eraiki zuen lehen mendearen hasieran, hispaniar enperadoreari esker ona adierazteko portua handitzeko egindako lanengatik. Bigarrena XVIII. mendean altxatu zuten Klemente XII. aita santuaren omenez, Anconari portu aske titulua eman baitzion. Hemendik aurrera, ilunabarraren zain geratuko gara, izarrak banan-banan nola pizten diren ikusteko, badiari begira Fontana dei duo Soli iturriaren ondoan.