NAIZ

Sarrera guztiak saldu ondoren, Hertzainak taldeak bigarren kontzertua egingo du BEC-en

Ziztu bizian saldu dira Hertzainak taldearen ‘Jaio eta bukatu’ birako BEC-eko lehen emanaldirako sarrerak; guztira, 16.000 lagun elkartuko dira abenduaren 16an. Sarrera guztiak agortu ondoren, bigarren kontzertu baterako data ezarri dute, abenduaren 17an. Sarrerak jada salgai daude.

Gari, Josu eta Txanpi, kontzertuen berri emateko egin zuten prentsa aurkezpenean.
Gari, Josu eta Txanpi, kontzertuen berri emateko egin zuten prentsa aurkezpenean. (Monika DEL VALLE)

‘Gosea’ zegoen Hertzainak taldea berriz oholtza gainean ikusteko, argi dago. Salgai jarri eta berehala agortu baitira ezarritako lehenengo kontzerturako sarrerak. Asteartean, urriaren 4an, aurre-salmenta jarri zen martxan Kutxabankeko bazkideentzat, eta asteazkenean, 5ean, eguerdirako ‘sold out’ kartela jarri behar izan dute. Webgunean sartu eta goizean soilik harmailetakoak gelditzen ziren eta, datu soil bat, antolakuntzakoek 1.000 bat lagun zituzten itxaroten sarrera eskuratu ahal izateko.

Beraz, abenduaren 17an beste kontzertu bat egingo dute Hertzainak taldekoek BEC-en. Sarrerak jada salgai daude webgune berean: www.hertzainak.eus. «Ez dugulako inor kanpo utzi nahi, ez dugulako inor agurtu barik utzi gura», aipatu du taldeak hedabideei bidalitako komunikatu batean.

Abenduaren 16ko kontzertuari dagokionez, ateak 19.00etan zabalduko dira eta gonbidatuak 20.00etan igoko dira oholtzara. Hertzainak taldeak 22.00etan abiatuko du bere zuzenekoa.

‘Azkena gure alde’ izena du Hertzainak taldearen behin betiko agurra ekarriko duen bira honek berezitasun asko ditu. 2019an Bilboko Kafe Antzokian eta Euskaldunan eskainitako kontzertuek sorrarazitako emozioak zale gehiagorekin partekatzeko gogoa utzi zien Josu Zabala eta Gariri. Izan ere, kontzertu haietan egon zirenek sentitu zuten «kanta askok, 30 urte beranduago, zeresana dutela, kanta haiek gaur ere badirela, korapilo askok askatu gabe dirautelako, arazo asko konpontzeke ditugulako eta gaur garen orduko haiek jakitun garelako», taldearen esanetan.

Pandemia pasa ondoren, 2019an zintzilikatuta gelditu zen agur bira hari bukaera emateko gogoa piztu zitzaien. Une berezian iritsi da, gainera: alde batetik, osasun neurrien bukaerarekin berriz ere kontzertu jendetsuak itzuli direlako; bestetik, euskal musikaren erreferentea den talde honen sorreraren 40. urteurrena bete delako. Horrez gain, Luis Javier Saiz ‘Txanpi’k, hasieratik taldearen bateria izan zenak, parte hartuko du kontzertuotan.

Abenduaren 16an, Barakaldoko BECen, eta abenduaren 17an milaka lagun biltzea helburu duen kontzertuak lotu dira. Urtarrilaren hasieran bigarrena, Gasteizen. Azken horren data eta gunea zehazteke daude.