NAIZ

Daniel Innerarity filosofoari eman diote Espainiako Ikerketa sarietako bat

Ramon Menendez Pidal ikerketako saria eskuratu du Daniel Innerarityk, humanitateen arloan. Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak urtero ematen ditu sari hauek, arlo zientifikoan dagoen aitorpenik garrantzitsuenetakotzat jotzen direnak.

Daniel Innerarity, artxiboko irudi batean.
Daniel Innerarity, artxiboko irudi batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Daniel Innerarity Grauk, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerbasque taldeko ikertzailea eta Florentzian dagoen Europako Institutuko Adimen Artifiziala eta Demokrazia Katedraren titularrak, jaso du Ramon Menendez Pidal saria, humanitateen arloan.

Mariano Barbacid biokimikaria eta Jose Cernicharo astrologoa ere saritutako bi ikertzaile izan dira. Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak banatzen ditu sari hauek, eta ikerketa munduan aitortza handienetakoa dutenak dira.

Estatu mailako zientzialariak saritzen dituzte, baina nazioartean egindako lana ere aitortzen dute. Zientzian emandako aurrera urratsak, gizakiaren inguruko ezagutzan sakontzeko ikerketak, teknologiaren transferentziaren inguruko lanak eta gizarte gisa aurrera egiteko ikerketak edo tresnak jasotzen dituzten lanak saritzen dira.

1982an sortu zen sariketa eta 300.000 eurokoak dira, 30.000 modalitate bakoitzerako.

Diana Morant Zientzia eta Berrikuntza ministroak nabarmendu duenez, «sari hauek gure herrialdean egiten den zientziari balioa ematen diote; ibilbide bikaina duten ikertzaileek bizitza jakintza sortzen pasatzen dute, eta ondoren, ezagutza hori gizartearentzat erabilgarriak izango diren aplikazioetara itzultzen dituzte». Moranten iritziz, oso garrantzitsuak dira horrelako ikerketa sariak gizartearentzat.

Arkaitz Carracedo, saritua gazteen alorrean

Bestalde, Arkaitz Carracedok Gazteentzatko ‘Margarita Salas’ Ikerketa Saria jaso du, biologia alorrean.

Carracedo Ikerbasqueko ikerlaria da eta EHUko irakasle asoziatua. Minbiziaren ikerketan egin dituen aurrerapenengatik saritu dute.

Espainiar Zientzia Ministerioak lehen aldiz eman ditu Gazteentzako Ikerketa Sariak, lorpen garrantzitsuak egin dituzten 40 urtetik beherako zientzialari gazteak saritzeko asmoz.