NAIZ
Arrasate

Digilab puntako laborategi digitala inauguratu du Ikerlanek

Ikerlanen teknologia anitzeko gune berria da Digilab, 2.000 metro karratu ditu eta Arrasaten dago. Azpiegitura aurreratu eta espezializatua du, elkarlaneko robotika, zibersegurtasuna, segurtasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa ikertzeko.

Enpresa eta instituzioetako ordezkariak, atzo, Ikerlanen Digilab laborategiaren inaugurazioan.
Enpresa eta instituzioetako ordezkariak, atzo, Ikerlanen Digilab laborategiaren inaugurazioan. (IKERLAN)

Ikerlanek Digilab laborategi aurreratua inauguratu zuen atzo Arrasaten. 2.000 metro karratuko eremu bat da, puntako azpiegituraz hornitua, robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, segurtasuna eta fidagarritasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa ikertzeko. Lakuaren Azpitek programak finantzatu du, milioi bat eta erdi euro inbertituta.

Irekiera ekitaldian izan ziren Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendaria, Iñigo Ucin Mondragon korporazioko lehendakaria eta 75 enpresa baino gehiagotako kideak, instituzioetako ordezkariekin batera.

Etxeberriak adierazi zuenez, laborategiak teknologia anitzeko plataforma bat emango dio zentroari. «Digilab-i esker, ezagutza berriak erakarri eta sortu ahal izango ditugu ingurune ia industrial batean, benetako erronkei benetako konponbideak eskainiz. Gainera, prestakuntzarako eta ekintzailetzarako egokia den lankidetza ingurunea sustatuko du».

Salto bat

«Beste jauzi teknologiko bat da Ikerlanen historian, etorkizuneko ikerketa eta garapeneko espezializazioaren aldeko apustu estrategikoa egiten duena, eta zentroa teknologia eremu digitalaren erreferente gisa kokatzen duena. Etxeko marka gisa, teknologia merkatura hurbiltzeko eta bezero dituen enpresak lehiakorragoak izateko beste urrats garrantzitsu bat da. Lankidetza publiko eta pribatuaren adibide bat», txalotu zuen Ucinek.

Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua honela mintzatu zen: «Gure ekonomiaren lehiakortasuna zentro teknologikoek egiten duten lanean datza, hein handi batean. Ondoren, enpresari transmititzen zaio ikerketa eta garapena. Azpitek programaren aurrekontua 5 milioi eurotik 12 milioi eurora handitu dugu, eta, egiaztatu ahal izan dugunez, tresna bikaina da aurrera egiteko».

Ikerlanek erabiltzen dituen teknologia digitalek ia mugarik gabeko aukerak eskaintzen dituzte. Industrian makinen eta prozesuen funtzionamendua hobetzen dute. Besteak beste, makinistarik gabe ibiltzeko gai diren trenak, igogailuak eta energia eolikoa sortzeko sistema adimendunak garatzen dituzte, norbere burua diagnostikatzeko eta akatsak aurreikusteko gauza direnak, eta kontsumitzaileen nahiei aurre hartzeko ere bai. Arrasateko teknologia zentroak aplikazio horietan guztietan lan egiten du munduko enpresa aitzindariekin.