Joseba ZABALZA

Parisko hilerriak, hilezkortasunean barrenako ibilaldia

Argien Mendeko Parisen arimaren benetako aztarnaren bat aurkitzea ez da erraza, megalopoli azeleratu eta kontsumistak parke tematikoa bihurtu baitu hiria. Bisitatu beharreko lekuen artean, noizbait izan zen hiria eta berau eraiki zuten gizon-emakumeak gogoratzera gonbidatzen gaituzte hilerriek.

Nikolai Roussev musikariaren hilobia Montparnasseko hilerrian. Joseba ZABALZA
Nikolai Roussev musikariaren hilobia Montparnasseko hilerrian. Joseba ZABALZA

Parisko Père Lachaise, Montparnasse edota Montmartreko hilerrietan sartzea denboraren makina batean sartzea da. Bertatik ibiltzea gizadiaren historiako gizon-emakume handienen hilobien artean paseatzea da, marmol zuriaz eta harri grisaz harago, mendez mende saltoka ibiltzea, haien musika entzutea, haien poemak errezitatzea, haien eleberriak berrirakurtzea eta margotu zituzten koadroek duten kolore-paleta biziaz gozatzea. Beren bizitza eta obrei esker heriotza gainditu zuten, hilezkorrak dira alegia. Heriotzaren oinazea hurbiltasunagatik pairatzen dela diote, baina hildako hauek, gure odolaren parte ez izan arren, gure parte dira, zirrara eragiten digute, ezagutzen ditugu, gurtzen ditugu, baita maitatu ere.

Montparnasseko hilerriaren ikuspegi orokorra.

Kanposantu hauetatik promenatzen denak harriduraz ikusiko ditu garai eta baldintza guztietako mitoen hilobiak. Zur eta lur geratuko da artista handien panteoietan astero lore fresko eta biziak egoten direla konturatzean. Familiaren leinua desagertutakoan, nork jartzen ditu loreak ahanzturaren hilobietan? Nork gordetzen du maitasuna? Nork zor die zerbait ospe handiko hildako hauei? Ezbairik gabe, bizirik ezagutu ez zen harekiko zorra aurkitzen ahal dugu hemen. Hango hura ez zen laguna, ezta ezaguna ere. Alargun eta alaba penatuak ere ez dira bizi, jada ez da existitzen doluminik eman ahal zaizkion inor, ez da inor ere konpromisoagatik, ikus gaitzaten beste asmorik gabe, bisita egitera behartuko gaituenik. Eta, hala ere, hunkigarria da bere gorpua non dagoen aurkitzea. Bera, Hipnosen betiko ametsean, eta zu han, zutik, gure patu amankomunari aurrez aurre begira, eta pentsatuz: nola demontre ezin da orain bertan altxatu?, zergatik ez da ibiltzen hasten? Pertsonaia sonatuak eta mitoak, gizon eta emakume handiak, hilkor guztien lokatz berberaz eginda daudela egiaztatuko duzu.

Montparnasse: Sartre, Beauvoir eta Cortazarren artean

Montparnasseko hilerria 1824an sortu zen eta izen bereko auzoko leku erakargarrienetakoa da, Frantziako hiriburuko 5. arrondissementean kokatua. Bere 18,72 hektareekin, Parisko harresi barneko bigarren nekropoli garrantzitsuena da.

Hilobi eta panteoiz sorturiko itsasoaren artean adarkatzen diren etorbide zabalak ditu, eta 30 mailatan egituratuta dago. Egituraketa horretan 140 pertsonaia ezagunen hobiak daude, baita hain ezagunak ez diren hamaika gonbidatu ere, baina haien hilobi dotoreek eta bitxiek bisitarien arreta berdin-berdin erakartzen dute.

Niki de Saint-Phalle eskultore garaikideak lagun zuen eta "hegaz goizegi irten zen" Jean-Jacques-i eskaini zion txori forma duen eskultura hau. Montparnasseko hilerrian ere, bisitatuenen artean, Niki de Saint-Pallek diseinaturiko beste hilobi deigarria dago, Ricardo Menon lagunaren omenez egindako katu-mosaiko koloretsu bat.

Hala ere, hilobi horien jabeetako batzuk sarrera nagusian atezainek eskaintzen duten doako mapan aipatzeko moduko inor ez direla egiaztatzea etsigarria da oso. Cesar Baldaccini edo Baltasar Loboren mailako eskultoreak ahazteak ez du barkamenik, Ukrainako gerra ministro ilun bat izan zen Simon Petliura delakoa VIPen artean sartzen den bitartean.

Bertan atseden hartzen duten pertsonaia ospetsuenen artean, Jean-Paul Sartre filosofoa, hainbeste maite izan zuen Simone de Beauvoirren ondoan. Eta Baudelaire eta Tzara poeta handiak ere nabarmendu behar dira. Han daude, halaber, Charles Pigeon asmatzailearen, Gyula Brassaï eta Man Ray argazkilarien eta Samuel Beckett, Eugène Ionesco, Marguerite Duras eta Julio Cortázar idazleen gorpuak. Azken hau Carol Dunlop artista eta neska-lagun kanadarrarekin batera hilobiratuta dago hilarri xume baten azpian. Cortazarrek berak diseinatu zuen monumentua Julio Silva lagun leialaren laguntzaz. Azken honi honela idatzi zion: “Ondo pentsatu ondoren, konturatu nintzen ‘épouse Cortazar’ (Cortazar emaztea) izugarria zela eta kendu egin nuen. Carolek bera zenagatik, bere horretan balio zuen”.

Jean Paul Sartre eta Simone de Beauvoir-en hilobia Parisko Montparnasse hilerrian. Joseba ZABALZA

Mapan gaizki kokatuta egonagatik, topatzen zailenetako bat da Guy de Maupassant frantziar eleberrigile handiaren hilobia. Ordu erdi baino gehiago haren bila ibiltzeak pentsatzen jartzen gaitu: ez ote da txantxa makabro bat izango, goizaldeko ordu txikiak arte haren liburuetara itsatsirik mantentzen gaituen moduko beste erokeria edo misteriozko bilbe bat?

Montmartre: margolarien auzoko hilerria

Parisko auzunerik bohemioenean kokaturik dago hiriburuko hilerri handienetan txikiena. Itxura desordenatua eta zuhaitz ugari ditu. Haize-egunek adarrak amorruz astindu ohi dituzte eta baita baten batzuk lurrera bota ere; horregatik, ohikoa da halakoetan, hots, askotan, itxita aurkitzea. 1825ean eraiki zen kanposantu gisa, eta hango “biztanle” asko margolarien auzoko rue zaharretan bizi izan ziren artista loriosak dira.

Sacré-Coeur basilikaren ondoan, Montmartre hilerriko zuhaitz ugariek (astigarrak, gaztainondoak, tilak eta zureak) paseatzeko leku aproposa bihurtzen dute, Stendhal, Zola, Moreau, Berlioz, Guitry eta Dalidaren hilobien artean.

Hilerri honetako hilobirik bisitatuenak Edmond eta Jules Goncourt eta Stendhal idazle ospetsuenenak eta DeGas eta Guillaumet margolarienak dira. Musikarien artean ezagunena Hector Berlioz da, eta poeten artean Heinrich Heine aurkitu dugu. Hain famatuak ez direnen artean, bere edertasun aztoragarriagatik nabarmentzen da Vaslav Nijinsskyren hilobia, «Dantzaren Jainkoa» delakoa, dantza modernoaren aitatzat hartzen den dantzari psikotikoa bera. Bere betiko atsedena alaituz lore-sortak aurkitzen ditugu beti.

Jacqueline eta Victor Brauner margolariaren hilobia. 1931. urtean, Victor Brauner-ek bere burua begibakar gisara irudikatu zuen koadro batean. Urte batzuen buruan, beste biren arteko liskar bat geldiarazteko egindako ekinaldian begi bat galdu zuen. Bere hilartitzean honakoa irakur daiteke: «Peindre, c 'est la vie, la vraie vie, ma vie» («Margotzea bizitza da, benetako bizitza, nire bizitza»). Joseba ZABALZA

Pertsonaia ospetsuen artean, Émile Zola naturalistarena da bilatuena, nahiz eta alferrikako saiakera den; izan ere, haren gorpua Pantheonera eraman zuten, Voltaire, Rousseau, Victor Hugo, Marie Curie, Malraux eta “Frantziako 77 gizon handiekin” batera, zeinak Jainkoen Olinpotik gertuago dauden harrezkero.

Père Lachaise: Wilde, Morrison eta Callas

Denetan handiena, antzinakoena eta ezagunena da, eta bertan daude, frantziarrak ez ezik, munduko beste leku batzuetako pertsonaia ospetsuen gorpuzkiak. 1804an eraiki zuten, eta Luis XIV.a erregearen konfesore izandako jesuita frantses batek ematen dio izena. Hasiera batean, auzune pobre eta herrikoia izateagatik, paristarrek ez omen zuten haien burua han lurperatu nahi. Hala ere, La Fontaineren eta Moliereren gorpuak han lurperatu ostean erabat aldatu zen jarrera hura. Horregatik, lur premia hazi egin zelako, bost aldiz handitu behar izan zuten 1824 eta 1850 urteen artean. Gaur egun, Père Lachaisek 43 hektarea ditu eta 97 sektoretan banatuta dago.

Ireki zutenean, Père Lachaise hilerriak ez zien paristarrei batere graziarik egin, kanpoaldean zegoelako; baina Molière eta La Fontaineren gorpuzkiak hara mugitzeak eta Balzac-en eleberrian agertzeak ezaguna egin zuten.

Bisitatzeko eta hartzen dituen pertsona famatu guztien mausoleoak eta tumuluak aurkitzeko egun bat baino gehiago behar izaten da. Hemen hilobiak handientsuak dira, eta giro ilunak eta estatua berde-urdinxkek, betiereko zeruaren promesa bailiran, itxura goibel, trinko eta hotsandiko leku batean murgilarazten gaituzte.

Bertan lurperatutako pertsonaien artean James Rothschild nabarmendu daiteke, hilerriko aberatsena izango dena ziurrenik, nahiz eta R bikoitzarekin duen panteoi soilak kontrakoa esaten ahal duen. Marcel Proust, Miguel Ángel Asturias, Honoré de Balzac, Apollinaire poeta eta Jean de La Fontaine fabulista bikaina dira idazleen ordezkariak hemen. Zineman eta antzerkian Molière, Sarah Bernhardt aktorea, eta Yves Montand abeslari eta aktorea, Simone Signoret bere emaztea zenarekin batera lurperaturik dagoena. Musikaren alorrean, denen artean, Frédéric Chopin poloniar konpositorea nabarmentzen da, zeinaren bihotza, musikariaren azken borondateari men eginez, Varsoviako Gurutze Santuaren elizara eraman zuten. Eta han daude, egun, Maria Callas, Edith Piaf eta Isadora Duncan. Amadeo Modigliani, Max Ernst eta Eugène Delacroix margolariak ere aurkitzen ahal dira. Hilkutxa beltz soil batean lurperaturik dago azken hau.

Fréderic Chopinen hilobia laukizuzen formakoa da, marmolezko estatua batez koroatua, "Musika malkotan" izenekoa, musikaren musa den Euterpe irudikatzen duena. 1850ean eraiki zuen Auguste Clésingerrek, konpositore bikainaren azpian lurperatuta dagoena. Metro bat baino gehiagoko altuera du. Aurrealdeak, Chopinen profila irudikatzen duen medailoi bat du, hil ondoren sorturiko molde bati esker egindakoa. Joseba ZABALZA

Oscar Wilden hilobia Jacob Epsteinek zizelkatu zuen 20 tonako harri batean. Esfingearen antzeko izaki hegodun bat da, "Esfingea" Wilden olerkian inspiraturik. Père Lachaise hilerrian inauguratu zuten 1914. urtean, Wilden gorpua lekualdatu ostean. Aurretik hilerri xumeago batean egon baitzen lurperaturik.

Hilerri honetako hilobi bisitatuenaren ohorezko saria eskuratzeko lehia izugarria da, eta atzerriko bi pertsonaia ospetsuren artean da: Oscar Wilde idazle irlandarra eta Jim Morrison abeslaria. Lehenengoak milaka karmin musuz tindatutako eskultura eder baten ondoan hartu zuen atsedena. Bitxikeria gisa, hilobia apaintzen zuen irudiaren barrabilak hilerriaren zuzendariak erabili zituen paper-zapal gisan urte askoan, bi hiritar “errespetagarrik” eta “ahalketsuk” anputatu ondoren.

Jim Morrison, aldiz, hesiz inguratutako eta lorez estalitako hilobi diskretu batean datza. Bere garaian Morrisonen busto bat ikus zitekeen bertan, baina lapurtu egin zuen norbaitek. Gaur egun, haren ordez, marmolezko plaka bat ikusten ahal dugu, greziar karaktereetan idatzitako sententzia bat erakusten duena: “Kata ton daimona eaytoy” (deabruak eramandako heroiaren oroitzapena). Legio bat diren bere jarraitzaileak bere aurrean erretratuak atera, negar egin eta The Doors-ek bere kontzertuak amaitzeko abesten zuten pieza ere kantatzen diote: «This is the end, my only friend, the end».

Jim Morrisonen hilobia, bisitatuenen artean. Joseba ZABALZA