Datorren urteko martxoaren 18an Bilboko Miribillan aurkeztuko du zuzenean Gatibuk bere azken lana, ‘EHdistopikala’. Eta musiko beterano hauek Miribillan bertan aurkeztu nahi izan dute asteazken goizean disko berria eta kontzertua, toki honek zerbait berezia duelako haientzat: pandemiaren gainetik birsortu garela, esaterako. Nolabait, ‘EHdistopikala’ garai apokaliptiko hauetan baikortasun pixka batekin eta goxatuz ‘nabigatu’ dezagun bitakora koaderno musikala izan daiteke.
Alex Sarduik (ahotsa), Gaizka Salazarrek (bateria) eta Haimar Arejitak (gitarrak, sinteak eta konponketak) aurtengo uztaila eta iraila bitartean grabatu dute Gironako Music Lan estudioetan lan hau. Soinu ingeniaria Jordi Mora izan da –«diskoan nahi genituen fantasiak sar genitzakeela esan zigun»–; ekoizpenez Emili Bosch arduratu da. Eta fantasiak errealitatea bihurturik rocketik haragoko sonoritate berriak bilatu dituzte gernikarrek, orain arteko diskorik dantzagarriena ontzeraino.
Haizeak eta perkusioak berebiziko presentzia dute Gatiburen sonoritate berri honetan. Pop elektronikoa, funkya, doinu latinoak, Karibe aldeko doinu beroak eta Afrikako erritmoak uztartu dituzte. Zazpi kantez osatutako diskoa –tamaina ertainekoa zen ere aurrekoa–, ‘EHdistopikala’ honek zuzeneko indartsu eta dantzagarriak iragartzen ditu. Diskoa, biniloa eta kasetea Durangoko azokan egongo dira salgai, eta plataformetara azaroaren 25ean iritsiko da.
Gero, Euskal Herrian egingo duten lehen zuzena Miribillan finkatu da martxoaren 18an. Pare bat datu: dagoeneko pistako sarrerak salduta daude, 2.000 bat inguru, eta taula gainean bederatzi bat musiko izango dira.
Mundua hankaz gora dago, baina dantza dezagun
Kanturako hautatu dituzten gaiak pil-pilean daudenak dira, hala nola ekonomikoak, sozialak eta, batez ere, klimatikoak. Egoeraren irakurketa garratza egin dute Gatibukoek, ironiatik tira eginez, hori letretan islatzen da, argi eta garbi. Labur bilduta, hau izango litzateke botatzen diguten mezua: bizi dugun une beltzaren aurrean, dantza egin eta goxa dezagun.
Kantei dagokienez, diskoa horrela zabaltzen da: ‘Bizikleta hartu eta banoie’ –musika beltzaren kutsu nabarmenarekin–, ‘Ezin disimulatu’ –diskoa hedabideetan zabaltzeko aukeratu duten merenge estiloko kanta– eta ‘EHdistopikala’. Hauek izan ziren lehenak sortzen eta kanta hauek finkatu zuten nolabait diskoaren ‘espiritua’. Eta, bide batez, Gatiburen norabide aldaketaren ildoa. «Gu ez gara lotu sekula estilo batera, baina lan guztiek, honek ere, Gatiburen zigilua dute», aipatu du Haimar Arejitak.
Nolakoa izango ote da Euskal Herria 40 urte barru? Zein aldaketa ekarriko dizkigu larrialdi klimatikoak? Umoretik, ironiatik imajinatu dute Gatibukoek gure herri distopikoa, non, esaterako, Oñatin surflariak arituko diren olatuak hartzen. Juantxo Skalarik parte hartu du kanta honetan, baita ere Nerea Reparaz kazetariak ‘Teleberri’ distopiko bati ahotsa jarriz. «Gai serioak ironiaz landu ditugu, melodia alaiez josita.
Diskoa osatzen duten beste kantak: ‘Maite zaitut baina ez zaitu behar’ –maitasuna askatasunean bizitzeko deia, funky doinuekin jantzita–, ‘Danok dekogu’, ‘Urten’ –Afrikako gitarren eragin aipagarriarekin– eta, diskoa bukatzeko, ‘Zure bazterrak’ kanta xamurra. Euskal Herriari eskainitako kanta bat da, gure lurrari egindako maitasun aitortza, bere sasoian Artzek eta Laboak ‘Gure bazterrak’ kantan egin zuten eran. Popularra izateko asmoz sortutakoa da, beren beregi jendeak kantatzeko asmoz sortua.