NAIZ

Ikerbasque fundazioak 31 enpresa sortu ditu hamabost urteko ibilbidean

Ikerbasque fundazioak hamabost urte bete dituela ospatzeko ekitaldia egin dute. Bertan fundazio honek izan duen ibilbidea nabarmendu dute. Denbora honetan 31 enpresa sortu ditu eta egun 35 herrialdetako 336 ikertzaile ari dira bertan.

Iñigo Urkullu lehendakariak diplomak banatu ditu Ikerbasqueko ikerlarien artean.
Iñigo Urkullu lehendakariak diplomak banatu ditu Ikerbasqueko ikerlarien artean. (IREKIA)

Ikerbasque fundazioak 31 enpresa sortu ditu sortu zenetik hamabost urte igaro denean. Horrela nabarmendu dute astelehen honetan urteurrena ospatzeko egin duten ekitaldian. Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria bertan izan da eta «Ikerbasque bikaintasunaren, askatasunaren, konfiantzaren eta epe luzerako ikuspegiaren sinonimo» dela nabarmendu du.

Egun, Ikerbasquek 35 herrialdetako 336 ikertzaile ditu, hiru kategoriatan banatuta: finkatutako 175 ikertzaile, 91 ikertzaile gazte eta 70 Research Associate. Azken kategoria honek, aurreko bien osagarri, ikertzaile-karreraren etapa desberdinak estaltzea du helburu.

Gainera, urte hauetan guztiotan, Ikerbasquek lankidetzan jardun du Lakuako Gobernuarekin BERC (Basque Excellence Research Centers) programa abian jartzeko, eta honi esker, sei ikerketa-zentro sortu (Achucarro Basque Center for Neuroscience, BCBL, BCAM, BC3, Polymat eta Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures) eta beste hiru finkatu dira (DIPC, Materialen Fisika Zentroa eta Biofisika Unitatea). Horiek guztiek estrategikotzat jotzen diren ezagutza-arloetan ikertzen diardute.

Gaurdainoko ibilbidean, Ikerbasque bost aldiz ere aukeratu dute garapen zientifikorako Europako ekimenik onenetakotzat, eta Europako Batzordeak emandako 24 milioi euro jaso ditu talentua erakartzea xede duten programak bultzatzeko.

Ikerbasquek unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko mundu osoan barna erakarri dituen ikertzaileek 295 milioi euro ekarri dituzte guztira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara 2007az geroztik, eta 1.300 pertsonak lan egiten dute ikertzaile horiek buru izandako taldeetan.

Horren harira, Ikerbasqueko ikertzaileek 10.000 artikulu baino gehiago argitaratu dituzte nazioarteko aldizkari zientifiko ospetsuetan, ikerketa-proiektuetan lortutako emaitzak partekatuz. 2007tik hona, 31 spin-off konpainia sortu eta 34 ERC laguntza lortu dituzte (hauxe da ikerketaren arloan dagoen mundu mailako laguntzarik garrantzitsuenetakoa).

Datu hauek agerian utzi dute ikerketa zientifikoaren aldeko apustuaren errentagarritasuna. Era berean, Ikerbasquek frogatuta utzi du berriz ere, ikerketa arloko inbertsioak, herrialdearen lehiakortasunari eta bizi-mailaren hobekuntzari dagozkien epe luzeko onurez gain, berehalako itzulkinak ere ekar ditzakeela ikerketarako funtsen bitartez.