Maitane Aldanondo

Euskal Gaztak, Idiazabal gaztaz harago doan aukera

Euskal Gaztak betiko ekoizpen moldeak mantenduz bertako zenbait gazta tradizional berreskuratzea xede duen proiektua da, betiere Eusko Labela duen esnea lehengai nagusia izanda. Fraisoro, Otzara, Saroi, Latxa Urdina, Txuria eta Auntzai dira aukeratutako motak.

Sei gazta hauek ezinbestean Eusko Label ziurtagiria duen behi, ardi edota ahuntz esnez eginda daude.
Sei gazta hauek ezinbestean Eusko Label ziurtagiria duen behi, ardi edota ahuntz esnez eginda daude. (NAIZ)

Baserrietako antzinako gaztagintza berreskuratu nahian, Euskal Gaztak egitasmoak Fraisoro, Otzara, Sasoi, Latxa Urdina, Txuria eta Auntzai gazten ekoizpena sustatzen du. Usadioz ekoiztutako esneki motak dira, historiaz beteak, eta eskualde batetik bestera berezitasunak dituztenak. Horiek guztiak gordetzeko eta ezagutarazteko asmoa du proiektuak, aldi berean, produktuei balioa ematen dien tokian tokiko kalitatea babestuz.  

Hautatutako mota horiek ezaugarri komun nagusia dute kalitate handiko gaztak izatea, bai esnea bai gazta irizpide zorrotzenak betez ekoizten baitira, indarrean dagoen Europako araudiaren gainetik. Horretarako, gazta hauek ezinbestean Eusko Label ziurtagiria duen behi, ardi edota ahuntz esnez egin behar dituzte ekoizleek. Parte hartu ahal izateko, gaztandegiek aldez aurretik bermatu behar dute esneak bereizgarri hori duela. Ardien kasuan, esneak latxa edo karrantzar arrazena izan beharko du, babestu nahi diren bertako arrazak baitira. Behi eta ahuntz esneari dagokionez, berriz, ez dute halako baldintzarik ezarri, baina, hala ere, HAZI Fundazioak zehaztutako kalitate goreneko irizpideak bete beharko dituzte. Ziurtagiria lortzen dutenean, gaztandegiak has daitezke Euskal Gaztak-en barruko aldaerak ekoizten.

Euskal gaztak dira, bertan egindakoak, eta ekoizleak dira protagonistak, eurek baitzuten belaunaldiz belaunaldi pasatutako informazioa, baita aberastasun kultural eta gastronomiko hori guztia berreskuratzeko nahia ere. Horrez gain, EAEn gaztaren kultura hobetu nahi du egitasmoak, askotariko gazta, errezeta eta zaporeak daudela erakutsiz. Horretarako, produktu aukera zabala hau gehitu dio aurrez bazegoen eskaintzari, alegia, Idiazabal Jatorri Izendapenaren baitakoari, hura indartzeko.

Seiak esne mota desberdinekin egindako gaztak dira, askotariko zapore nahiz testura dutenak, kontsumitzeko une eta modu ugaritarako atea zabalduz, bere horretan edo plater askoren osagai bilakatuta. Etiketa dute ikur bereizgarri  Bi zatitan banatuta dago, batek gazta mota identifikatzen du animalia jatorria zein den zehaztuta, eta besteak, marka komertziala jasotzen du, nahitaezko informazio sanitarioarekin batera.

Jatorrizko errezetak

Belaunaldiz belaunaldi pasatutako aberastasun kultural eta gastronomikoa errekuperatu eta balioan jartzeko nahian oinarritutako proiektua da Euskal Gaztak. Eusko Jaurlaritzaren ekimenez eta Hazi Fundazioak gidatuta, Gaztaberri izenarekin egin zituen lehen urratsak 2018an. Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak parte hartu zuen hautatutako gazten jatorrizko errezetak jasoz, ezaugarriak zehaztuz eta gaztandegiei heziketa emanez, euren eskaintzan barietate berri horiek gehitu ahal izateko gakoa dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko esne sektorea babestu eta haren lehiakortasuna handitzeko bide bat da, gaztagintzaren eskaintza zabaltzeaz batera. Proiektu irekia da, helburu duena EAEko gaztaren eskaintza dibertsifikatzea, sektoreari garapen komertzialerako aukera handiagoak eta tresna berriak emanez. Eusko Label gazten merkaturatzearen bitartez sektorea babestu nahi da, ekoizleei bide berri bat zabalduz euren produktuak ahalik eta modurik balioetsienean iritsi daitezen merkatura, oraingoan, esnearen ziurtagiriaren bidez eta tokian eta kalitatez egindako barietateak gehituz.