Osagaiak 4 lagunentzat
20 txipiroi ertaini, olioa, gatza. Betegarria: tipula bat, azenario bat, 125 g kinoa, olioa, gatza. Saltsa: 400 g tomate heldu, tipula bat, ardo zuria, gatza, erramua.
Zailtasuna 3
1. Txipiroiei buruak atera. Begiak, ahoa eta tripakiak kendu eta buruak txikitu.
2. Gorputzei azala eta barruan duten luma kendu.
3. Gorputzei buelta eman eta ondo garbitu. Gatza bota.
Betegarria:
1. Eltze batean txikitutako tipula eta birrindutako azenarioa olioarekin 4 minutuz erregosi, su eztitan.
2. Buruak gehitu eta minutu batez erregosi.
3. Garbitutako kinoa gehitu eta arin erregosi.
4. Ur berorekin estali, gatza bota eta 5 minutuz egosi, su eztitan, ura galdu arte.
Bukatzeko:
1. Gorputzak aurreko nahasketarekin bete eta zotz batekin itxi.
2. Eltze batean txikitutako tipula olio pixka batekin erregosi.
3. Tomateak zuritu, haziak kendu eta txikitu. Tipularekin batera jarri eta 5 minutuz erregosi. Erramu pixka bat bota.
4. Gainean txipiroiak jarri eta ardo pixka bat bota.
5. Eltzea estali eta 25-30 minutuz egosi, su eztitan, txipiroiak bigundu arte.
6. Txipiroiak eginda daudenean, atera eta zotzak kendu.
7. Tomatea puregailutik pasatu.
8. Txipiroiak saltsan sartu eta bi minutuz egosi. Behar adina gatz bota.