Wanli, «estralurtarren» herri enigmatikoa
Shanzinen, Taiwanen kokatutako badia eder batean, etorkizuneko etxeak eraiki ziren 80ko hamarkadan. AEBetako tropen buruzagiei eskaini zizkieten, baina Osaba Sam ez zen inoiz bertan bizi izan. Luxuzko resort hau eraistea erabaki zuten, baina «ontzi estralurtar» hauek zutik jarraitzen dute Wanlin.
Identifikatu gabeko objektu hegalari (OHE) baten forma duten etxe abandonatuek Feitsui hondartza babesten dute -Emerald Bay edo Green Bay izenez ere ezaguna-, Wanli barrutian, New Taipei hirian, Taiwanen. Egun, denborak suntsitutako ontzi estralurtarren antza dute, baina egitura futurista horiek arkitektura modernoaren arketipoak izan ziren garai batean. Matti Suuronen arkitekto finlandiarrak diseinatu zituen 60ko hamarkadan, Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortutako baikortasun teknologikoak eta, auskalo, telebistako zientzia fikzio berriaren eraginak gidatuta.
Agian diseinu bitxiegia Europarentzat, baina ez Yu Koh Chow taiwandar enpresariarentzat. Arkitekturaren -eta diruaren- zale amorratu honek Suuroneni luxuzko urbanizazioa enkargatu zion Shanzin badia ederrean, AEBetako Armadako agintariei eskaintzeko. Garai hartan, ohikoa zen soldadu estatubatuarren presentzia Taiwanen; azken hau Ekialde Urruneko gatazketan Mendebaldeko potentzien aliatua baitzen. 1978. urtea zen eta poliesterra irlara iristen hasia zen.
Eraikin horiek, jatorrian, txalet txiki gisa diseinatu ziren, eta 126 etxebizitza eraiki ziren guztira Shanzinen. Edozein lurretara garraiatzeko moduko egitura arinak ziren, baina luxuzko urbanizazioa ez zen inoiz guztiz amaitu. Eraikuntzan zehar, hainbat lan-istripu gertatu ziren. Kondairen arabera, ezbeharrak resort-a eraikitzen ari ziren orubea soldadu holandarren hilerri baten gainean zegoelako gertatu ziren. Betiereko kondena OHE herriarentzat.
Azalpena, ordea, askoz xumeagoa da: inbertitzaileak dirurik gabe geratu ziren. Ez estatubatuar ez taiwandar bakar bat ere ez zen etxe horietan bizi izan. Ia hogeita hamar urtez, resorta abandonatuta egon zen, 2008. urtean eraistea erabaki zuten arte. Beraz, lerro hauekin batera doazen irudiak ez dira Shanzingoak. Uharteko beste toki batean, hiriburutik gertu, dagoen Wanlikoak baizik.
Shanzinen ez bezala, Wanlin bi eredu erabili zituzten: “Futuro” eta “Ventura”. Lehenengoaren diseinuak plater hegalari bat imitatzen du, eta bigarrenak paralelepipedo tankera hartzen du. "UFO Village" izeneko herriko etxebizitzetan 90eko hamarkadara arte bizi izan ziren gehienak abandonatu zituzten arte, baldintza klimatikoak eta etxe modernoak mantentzeak exijitzen zuen dirutzak bultzatuta.
Zorionez, egitura futurista bitxi horiek zutik diraute, eta garraio publikoan ere bisita daitezke. Hormez jabetzen den oxidoak eta sastrakak bisitaria film post-apokaliptiko batean murgiltzen dute. Gainera, nahiko erraza da etxe abandonatuen barrura sartzea, 60ko hamarkadan etxebizitza txiki horiek nola egituratu zituzten jakiteko, hain zuzen ere. Espazio biribilak barruan egongela bat, sukalde bat, logela bat eta bainugela bat ditu.
Jakina, barruti lasaia da Wanlin, txitxarren melodiek eta itsasoko brisak bakarrik girotzen dute kalea. Etxebizitzek bertan jarraituko dute momentuz, inoiz izan ez zen etorkizun baten ikur gisa.