NAIZ

Hertzainak taldearen agur-kontzertua egun osoko festa handia izango da

Eguerditik hasita –13.00etan hasiko baita giroa Alde Zaharrean–, Gasteizen jai egun handia espero da ostiralean. Data berezia baita, Hertzainak taldearen agur-biraren azken kontzertua ospatuko baita Mendizabalan horretarako espresuki altxatutako karpa handian.

BECeko lehenengo kontzertuko giroa errepikatuko da Gasteiz.
BECeko lehenengo kontzertuko giroa errepikatuko da Gasteiz. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Garik berak iragarri zuen aurkezpenaren egunean: «Urtarrilaren 6a, egun osoan, jai eguna izan dadila nahi dugu, eta egun horretan festa Alde Zaharrean hasiko da». Eta horrela izango da, ostiraleko Hertzainak taldearen azken agur-kontzertuaren ‘beroketa’ eguerdian hasiko delako, zehazki 13.00etatik aurrera, orduan hasiko baita giroa berotzen Arabako hiriburuan.

Ordu horretan Matxete plazan zuzeneko musika hasiko da. Oraingoz Txalainak taldea baino ez dago iragarrita –Hertzainak taldearen omenezko taldea–, baina antza musiko hauek eta beste gonbidatu batzuek eguerdiko aperitifa girotuko dute Alde Zaharreko taberna eta kaleetan barna. Alde Zaharra izan baitzen Hertzainak taldearen bizitoki, agertoki eta bihotza.

Beraz, seguruenik eguerditik jadanik Gasteiz jendez lepo egongo da. TUVISAk garraio publikoko zerbitzu berezi bat prestatu du Mendizabalan, kontzertu honetarako espresuki, altxatu den karpa klimatizatura jendea gerturatu ahal dadin. Azkena Rock Festival edo Jazzaldian egiten denaren antzekora, 22.40etatik 1.00etara, 20 minutuero, autobusa egongo da.

Barakaldoko BECen eskaini zituzten bi kontzertuan 32.000 lagun elkartu ondoren, Gasteizen eraikitako karpan beste 15.000 bat espero dituzte. Mendizorrozan altxatu den karpa klimatizatuan 15.000 bat entzule espero dituzte. Dena den, aspaldi dena salduta dago. Ateak 19.00etan zabalduko dira eta 20.00etan lehen gonbidatuen txanda izango da: Iñigo Etxezarreta (ETS), Joseba Irazoki, Oihane Perea, Dupla, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Paula Amilburu, Juantxo Arakama, Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin, Juantxo Arakama (Glaukoma) Jon Basaguren (Pasadena) eta Miren Narbaiza (MICE) igoko dira taula gainera.

Eta, 22.00etan, Hertzainak taldekideak. Orduan bai hasiko da azken agur kontzertua.