NAIZ

Umeek arauak zalantzan jartzea positiboa da, eta kontrakoa, kezkagarria

Arrisku baten aurrean erabakiak hartu eta mugak jartzea logikoa den arren, kasu batzuetan haur eta nerabeei euren erabaki propioak hartzen uztea positiboa da, horrek gurasoen eskakizunak zalantzan jartzea esan nahi badu ere. UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiak eginiko ikerketa batek nabarmendu du.

Haurrei arauak jarri beharrean, horiek arrazoitzea positiboagoa da.
Haurrei arauak jarri beharrean, horiek arrazoitzea positiboagoa da. (GETTY IMAGES)

«Psikologoak gehien kezkatzen dituen haurra edo nerabea inoiz ezer zalantzan jartzen ez duena eta guztiari obeditzen diona da», dio Sylvie Pérez UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Ikasketetako irakasle laguntzaileak. «Ondo portatzea obeditzearekin lotzen dugu, eta gaizki portatzea desobeditzearekin, umeengan helduen irizpide morala aplikatzen dugulako», jarraitzen du.

Haurren garapen kognitiborako edo motorrerako etapak dauden bezala (adin bat dago hitz egiteko, ibiltzeko...), «ongiaren eta gaizkiaren kontzeptuak ez dira behar bezala ikasten hamabi urte ingurura arte». «Hezkuntza-jarraibide autoritarioegiek mugatu egiten dute haurrak malgua izateko, ekimena izateko, pentsatzeko eta kritikarako trebetasuna garatzeko duen gaitasuna», azaldu du Paula Moralesek, UOCeko Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako Ikasketen irakasleak.

Orduan, zergatik obeditzen dute haurrek adin hori baino lehen, ez badakite zergatik egiten duten? «Zigor eta sari metodoari erantzuten diote; gauzak zigorrak saihesteko edo sariak jasotzeko egiten dituzte».

Arauak zalantzan jartzearen alde positiboa

Ohikoena da helduak zenbait jarraibide ematea, haurrek onartu beharrekoak. «Oso mundu zurrunean bizi gara: haurrak eskolatik ateratzen dira, eskolaz kanpokoak egiten dituzte, parkean denbora jakin batean jolasten dute, ordu jakin batean afaltzen dute, telebista ezarritako denboran ikusi dezakete. Haur batzuek ez dute obeditzen araua zalantzan jartzen dutelako. Ez dute ulertzen zergatik izan behar duen horrela, eta oldarkortasunik gabe egiten badute, sintoma ona da», esan du Perezek.

Arauak arrazoitzeko beharrari buruz, Paula Moralesek honako hau gehitu du: «Elkarrizketan oinarritutako ikuspegi batean, prozesu ebolutiboa errespetatzen da. Haurrari zer gertatzen zaion ulertzen saiatzen gara: bere haserrealdian zentratu beharrean, icebergaren punta baita, pentsatzen dugu zer gertatu den egoera horretara iristeko».

«Pertsona heldu baten arazo psikologikoaren erdia baino gehiago haurtzaroan eta nerabezaroan hasten da», azaldu du Paula Moralesek

Bereizi egin behar dira, batetik, arriskuak saihesteko arau batzuei men egitea, eta, bestetik, helduak ezarritako ereduei itsuki obeditzea. «Haurrari gelditzeko eta kalea ez zeharkatzeko eskatzen badiogu, arriskuak saihesteko egiten dugu», dio Sylvie Perezek. «Inposizio jakin batzuei men egiten dien haurra askeagoa izan daiteke, babestuagoa dagoelako», gehitu du.

Baina helduek duten gehiegizko autoritateak haurraren etorkizuna markatu dezake. «Helduaren arazo psikologikoen erdia baino gehiago haurtzaroan eta nerabezaroan hasten da Ez naiz soilik hezkuntza estiloaren eraginaz ari, baina batzuetan ez gara konturatzen zein garrantzitsua den haurrari trebetasun desberdinak garatzen laguntzea», azaldu du Paula Moralesek.

Gehiegizko kontrola eta autoerregulazioa

Adituen arabera, obedientziaren atzean arazo larriak ezkuta daitezke. Sylvie Pérezek azaldu duenez, «badira haurrak leku batzuetan oso esanekoak direla», baina kasu askotan «ingurune autoritario horretatik kanpo, haur horiek kontrolik gabeko jokabidea erakusten dute», gehitu du. «Gehiegizko kontrolak haurra autoerregulatzea eragozten du», zehaztu du Moralesek.

«Modu positiboan hezten dugunean, berriz, gurasoek autonomia, komunikazioa eta emozioen kudeaketa indartzen dituzte. Horrela gatazkak konpontzeko tresnak ematen zaizkie txikiei», gaineratu du.

Gehiegizko obedientzian bezala, arauarekiko desobedientzia sistematikoan hainbat faktorek eragin dezakete: «elementu genetiko eta neuropsikologikoak, gehiegizko kontroleko familia-hezkuntza estiloa edo kontrol gutxiegikoa, helduen estresa edo arazo psikologikoak».

Moralesen ustez, «haurraren desobedientziak hori sortzen dituen arazoak izkutatzen dira: eskolako gatazkak edota ongizatea okertzen duen beste faktoreren bat... Gurasook detektibe gisa jardun behar dugu, eta puzzlea osatzeko pistak bilatu».

Indarkeria fisikoa edo hitzezkoa

Michigango Unibertsitateko psikologoek egindako ikerketa batek 2.000 anai-arreba bikiren baino gehiagoren portaerak aztertu zituen. Datuen arabera, hezkuntza zorrotzagoa jaso zuen anaiek portaera antisozialagoa zuten, salbuespenak salbuespen. Hala ere, Paula Moralesek azaldu duenez, genetikak ere badu bere garrantzia: «haurraren izaera, zorrotzagoa den edo erraz lasaitzen den, adibidez».

Portaera txarrari dagokionez, «haur batengan onartu behar ez ditugun marra gorriak daude», adierazi du Sylvie Perezek. «Eraso baten aurrean, iletik tira egitea edo helduari ostikoak ematea, edo nerabezaroan helduak iraintzea gertatzen bada, beti izan behar dugu zurrunak», dio.

«Helduak estrespean ari gara askotan. Baina nolakoa izan da ume horren eguna? Nola sentitzen da edo zer behar du?»

Helduaren esku dago gogoeta bat egitea, eta pentsatzea zergatik nahi duen haurrak eskatutakoa egitea. «Batzuetan, helduok gauzak modu zurrunean egiten ditugu, batez ere estrespean gaudenean. Horrek lasaitasuna ematen digu, baina agian haurraren beharrak desberdinak dira: nolakoa izan da bere eguna? nola sentitzen da edo zer behar du?», dio Paula Moralesek.

«‘Haurren mundua’-ren kontzeptua nahiko berria da», adierazi du Perezek. Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa hogei herrialdek sinatu eta onartu zuten 1990ean, lege bihurtu zenean. «Aurretik meategietan ere lan egiten zuten: helduen bizimodua zeramaten. Adingabeari portaera bat inposatzen dion heldu batek ez du haurraren mundua ulertzen».

Araua zalantzan jar dezatela

Adingabe batek, edozein adinetakoa izanda ere, inoiz gainditu behar ez dituen mugak badaude ere, «eguneroko bizikidetzan badira haurrek zalantzan jarri ahal izango dituzten arauak edo itunak», argitu du Sylvie Pérezek.

«Aukera eman behar zaie beren borondatea adierazteko eta esaten dutena onargarria den ala ez baliozkotzeko», dio. Era berean, «ondo edo gaizki portatu diren azpimarratu beharrean», gomendatzen du beste elementu batzuetan jartzea harreta eta horren ordez honakoa esatea: «Zein ondo jan duzun!», «zein ondo jolastu duzun aiton-amonekin!». «Ondo edo gaizki portatzea helduen iritzi moralaren araberakoa da, baina aitona-amonekin jolastea positiboa da beti, nahiz eta portaera on edo txarrari ez erantzun», gehitu du.

Funtsezkoa da haiekin denbora pasatzea eta haien beharrei arreta eskaintzea. «Garrantzitsua da denbora kalitatezkoa izatea: horrek markatzen du aldea», adierazi du Paula Moralesek. Eta garrantzitsua da, halaber, denbora hori haiek entzuten ematea eta haien iritziak kontuan hartzea.

Gurasoen baliabide emozionalak eta komunikatiboak funtsezkoak dira haurrak, besterik gabe obeditu beharrean, helduek haiengan konfiantza dutela sentitzen baitute. «Pertsona autonomoagoak izango dira eta emozioak hobeto kudeatuko dituzte», ondorioztatu du adituak.