Joan den abenduan merkaturatu, eta bost egunetan milioi bat erabiltzailetik gora lortu zituen ChatGPT-k. OpenAI enpresak sortu du aplikazio hori eta berak eman du datua. Pertsonekin solasean aritzeko prestatua dago ChatGPT.
Adituek diotenez, adimen artifizialeko sistema honek agertoki ezberdin bat planteatzen du. Bertan, epe ertainean bilatzaile tradizionalak ordezkatzea posible litzatekeela uste dute. Gaur egungo hezkuntza ereduan aldaketa esanguratsu bat hasteko aukera gisa ere ikusten dute. Hori bai, horretarako egoki erabili behar dira tresna hauek.
Elkarrekin bizitzera kondenatuta
Kontrako jarrerak ere eragin ditu ChatGPT-k. New Yorkeko ikastetxeetan, erraterako, erabiltzea debekatu zuten urte hasieran, ikasketan ondorio txarrak izan zitzakeelakoan. Baina hezkuntzan ari diren gehienen iritziz, erabaki hori zentzugabea da.
«Normala da epe laburrean defentsa estrategietan pentsatzea, debekuetan edo kopiatzearen kontrako soluzioak bilatzean. Honek denbora batean soilik du zentzua, ordea. Metodologia nahitaez aldatu behar da eta hezkuntzak adimen artifizialarekin batera bizi beharko du, Googlerekin eta Wikipediarekin bizi den bezala», adierazi du Guillem Garcia Brustenga UOC unibertsitateko eLinc zentroko adituak.
Aldaketa garrantzitsu baten aurrean gaudela iruditzen zaio Garciari. «Gure ardura da aldaketa honek ikasteko esperientzia ikasle bakoitzarentzat berezia izateko eta eraginkortasuna handitzeko balio izatea. Erronkak ilusioa pizten die aldaketari irekiak dauden instituzioei; alarma, berriz, zabalik ez daudenei», erantsi du.
Nola funtzionatzen du?
Robert Clariso UOCeko Informatika, Multimedia eta Telekomunikazio Ikasketetako irakasleak ChatGPT aplikazioak nola funtzionatzen duen esplikatu du. «Lengoaia eredu bat da», neuronen sare bat. Testu aunitzekin entrenatu dute patroiak detektatzeko gai izan dadin. Sarrerako testu batetik abiatuta, testuak zein hitzekin jarrai dezakeen aurreikusten saiatzen da.
«Sarrerako testua galdera bat bada, ChatGPTk erantzun bat proposatuko du. Enfoke hau hagitz malgua da eta ChatGPTri zeregin mota ugari betetzen laguntzen dio: curriculum bat idazten, testu bat laburtzen, programa baten akats bat azaltzen... Aplikazioari egin behar duen lana deskribatzea eta testua osatzen uztea da egin behar den gauza bakarra», agertu du UOCeko irakasleak. Erabiltzeko OpenAIren webgunean izena eman behar da, dohainik.
Mugak ere baditu, jakina. «Azken batean, ChatGPT esaldiak nola osatu aurreikusten duen sistema bat da, baina ez du ezagutza bat eraikitzen erraten ari denari buruz eta ez daki duen informazioa arrazoitzen ere», azaldu du Clarisok.
ChatGPTren akatsik ohikoena «haluzinazioa» da: erabat asmatua den erantzun bati informazioa gehitzea. Adibidez, pertsona ezezagun baten biografia idazteko eskatzen badiogu, ez digu ezetz erranen. Horren ordez, datuak asmatuko ditu erantzun ahal izateko. Arazo bat da hori, erantzun koherentea emanen baitu, ongi idatzia, baina okerreko informazioarekin.
Horregatik, ezinbertzekoa da ChatGPTren erantzunak gainbegiratzea zuzenak diren ikusteko. Gainera, arrazoiketa logiko eta matematikoetan ere hanka sartzen du.
Galderak egiten jakitea
Ez da hutsik gabeko sistema, baina ikasteko lagungarria izan daiteke bai ikasleentzat eta bai irakasleentzat. Guillem Garcia Brustengaren iritziz, ikastea ez da azterketa bat gainditzea. «Funtsezkoa da ikasleak ikasteko esperientzia positibo bat izatea, erabiltzen dituen tresnak batzuk ala bertzeak izan. Horregatik, zentzuzkoagoa da ikasleei zentzu kritikoa izan dezaten eta galdetzen jakin dezaten eskatzea, eta ez bertzerik gabe galdera batzuei erantzuteko eskatzea, makina batek egin dezakeen bezala. Ikasleak aunitz ikas dezake adimen artifizialak sortu duen zerbait erlazionatuz, eztabaidatuz eta kontrastatuz. ChatGPT eta bertze adimen artifizialeko aplikazio batzuk erakusten ari zaizkigu galderak egiten jakitea hagitz inportantea dela».
Bertzeak bertze, horregatik uste du adituak ChatGPTren erabilerak hezkuntzan eragingo duela, ideia zaharkituak zuzentzera behartuko duelako. Adibidez, pertsona baten adimena eta ezagutza duen informazio kantitateak determinatzen duela pentsatzea.
«Horrek baliagarri izateari uzten dio biltegiratzea eta informaziorako sarbidea makina bati uzteko aukera baldin badago. ChatGPTk ikasteko modua eta unea aldatzea ekarriko du, eta batez ere oinarrizkoa dena baina gutxi eztabaidatzen dena: zer ikasten den aldatuko du», azpimarratu du Garcia Brustengak.
Desiree Gomez Cardosa eLinCeko hezkuntza joeren aditua iritzi berekoa da. Bere ustez, akatsa da erreminta honen erabilera geldi daitekeela pentsatzea. «Hezkuntza bakarrik ez, lan arloa eta etxea ere iraultzera etorri da. Teknologia hau ikasleari bere ikasketan lagunduko dion bitarteko baten gisa ulertu behar da, bi oinarriren gainean: pedagogia eta instrukzioen diseinua alde batetik, eta ikaslearen konpromiso etikoa bertzetik. Horretarako garrantzitsua da ikaslea zeharkako balio eta trebetasunetan heztea, bere erabaki eta ekintzak uler ditzan».