Elena Romeo Arroyo bilakatu da Gastronomia Zientzietako nazioarteko lehen doktorea, ostiral honetan Basque Culinary Centerren bere doktore-tesia defendatu ondoren, azukrearen pertzepzioaren azterketari eta haren kontsumoa murrizteko estrategia multimodalen diseinuari buruzkoa.
Romeoren tesiak ‘Cut down on sugar, not on taste! A research project on sweetness perception and multimodal approaches to reduce sugar consumption’ (‘Azukrea murriztu, ez zaporea! Gozotasunaren pertzepzioari eta azukre kontsumoa murrizteko ikuspegi multimodalei buruzko ikerketa proiektua’) izenburua du eta helburua elikagai gozoak hautatzeko prozesuei buruzko ezagutza sortzea eta estrategia multimodalak diseinatzea da, kontsumitzaileen gozotasun nahia asetzen duten elikagaiak eta esperientziak –aldi berean azukre erantsien kontsumoa murrizten dutenak– formulatzeko.
«Nire doktoregoa ekarpen txiki bat besterik ez da problematika handiago batean, zeinean oraindik asko baitago egiteko eta ikertzeko. Gastronomia, zalantzarik gabe, gizartean aldaketa eta eragin positiboa sortzeko tresna bat da», esan du Romeok.
Tesia Laura Vazquez Araujok eta Maria Mora Gijonek zuzendu dute; biak BCC Innovation Basque Culinary Centerreko Gastronomiako Zentro Teknologikoko doktore eta ikertzaileak dira. «Gastronomiari buruzko lehen doktore-tesiaren zuzendariak izatea erronka garrantzitsua izan da. Izan ere, gure erosotasun eremutik atera behar izan dugu zientzia sentsorialetatik harago dauden beste ezagutza arlo batzuetako ideiak eta lan egiteko moduak sartzeko. Elenaren tesiaren bidez, berak ez ezik berarekin lanean aritu den talde osoak ere ikasi du ‘gastronomian’ lan egiten eta hobeto ulertzen zientzia hori garatzeko beharrezkoak diren elkarrekintzak».
Elena Romeo (1993, Zaragoza) 2019tik ari da BCC Innovationen analisi sentsorialeko ikertzaile gisa. Doktorego programaren barruan, Romeok hiru hilabeteko egonaldia egin zuen Estatu Batuetako Davis Unibertsitatean. Han, azukrea murrizteko estrategia multimodalei buruzko ikerketa zabaldu zuen. Horrela, Nazioarteko Doktorea aipamena lortu du.