NAIZ

Mikel Karmona musikazalea, Hernaniko La Bodegako jabea, hil da

Hernaniko La Bodega tabernako ugazaba gisa ezagutu genuen askok Mikel Karmona, musikazale amorratua, edozein herri ekimenen aurrean baiezkoa prest izaten zuen tabernaria. Iritsi zaio heriotza, baina bere grinak izango du, ziur, segida.

Mikel Karmona, behean ezkerrean, musika munduko hainbat lagunekin, tartean Kaki Arkarazo, Mikel Kazalis eta Fermin Muguruza. (FACEBOOK FERMIN MUGURUZA)
Mikel Karmona, behean ezkerrean, musika munduko hainbat lagunekin, tartean Kaki Arkarazo, Mikel Kazalis eta Fermin Muguruza. (FACEBOOK FERMIN MUGURUZA) (NAIZ)

La Bodega taberna hernaniarrean ordu batzuk pasatakoa den edonork ezagutuko zuen Mikel Karmona. Eta izango du, ziur, haren inguruan zer kontatua. Musikazale amorratua, edozein ekimen herritarretan bere are aletxoa jartzeko beti prest egon ohi zena, Hernaniko errugby jokalaria (entrenatzailea ere izana), Realzalea ere bai, grinatsua, errebeldea ere bai, ekintzailea eta, nola ahaztu, festarako irrikarik ere faltan izaten ez zuena. Edozein eskariren aurrean, ezezkoaren aurretik baiezkoa prest izaten duten pertsona horietako bat zen Karmona.

Ostegun honetan jakin dugu haren heriotzaren berri, eta ostiralean emango zaio agurra, 19.00ean, Hernaniko San Joan Bataiatzailearen parroki elizan. Albistea zabaltzen lehenetarikoa Fermin Muguruza izan da, Twitter bidez:

 

 

Berriak, Hernaniko ostalari elkarteak ere izan du gogoan, haren izaera lagunkoiari azpimarra jarriz: «Proiektu baten alde hamaika lan egina/ auzo lanean tinko, konpromezutan fina/ gure barnean dago hutsunearen mina/ zuk eman diguzuna lanerako grina».

Grina eta konpromisoa, horiek baitira, hain justu, Karmona hobekien deskribatzen duten bi hitzetako batzuk. Sagarrondotik jaialdia, Hernaniko Olinpiadak, Berriak-ek urtero Gudarien plazan antolatu ohi zituen kontzertuak... ekimen horien guztien eta beste hamaikaren atzean egon ohi zen Karmonaren eskua.

Esan Ozenki, Negu Gorriak, Begirunea Tour...

Ezeren gainetik, musikazale amorratua baitzen. Horrenbeste, non Andoainen, Garate estudioen baserri berean topatu zuen aterpea. Ondo gogoan izango dute Karmona, ziur, bertara diskoa grabatzera joan diren musikari eta teknikariek: beti zabalik ezagutu dituzte haren etxeko ateak, grabazio eta grabazio artean atseden hartzeko, otorduetarako zein garagardo batzuk partekatzeko, bizitza une txikiez eraikitzen dela gogoetatzeko.

Baina Karmonak musikarekiko zuen lotura askoz lehenagokoa da. Artean gazte zelarik, zaletasun horrek eraman zuen Esan Ozenkiko lehen zutoinak sostengatzera eta, bide horretatik, Negu Gorriak gisako taldeei eskutik helduta ezagutu zituen munduak gordetzen dituen bazterrak.

Karmona errubgy jolakari eta entrenatzaile gisa ere aritu zen, Hernaniko taldean.

1996. urtean, esaterako, Begirunea Tour biran hartu zuen parte. Bira hartan Negu Gorriak eta Tijuana No mexikarrekin batera aritu zen kontzertuak ematen Mexiko eta Los Angelesen barrena. Mexiko Hirian hiru kontzertu eskaini zituzten, horietako bat EZLNri babesa eskaintzeko, eta hain zuzen, munduko errealitate ezberdinak ezagutzeko grinak eraman zituen Fermin Muguruza, Mikel Abrego eta Karmona bera La Realidad-era bidaiatzera, iraultza zapatista bertatik bertara ezagutu asmoz. Marcos komandanteordea bera ezagutzera iritsi ziren eta arazoak izan zituzten Mexikoko Gobernuarekin. Negu Gorriak-ek egin zuen azken bira izan zen hura, haren ostean taldearen desegitea iragarri baitzuen Fermin Muguruzak.

Abentura hartatik urte batzuk pasa ziren Karmonak, beste kide musikazale batzuekin batera, Hernanin La Bodega taberna mitikoa zabaldu arte (orain urte batzuk hartu zuen erretiroa). Eta hura ere, bere etxea bezalaxe, musikarien aterpe bilakatu zuen: Euskal Herriko dozenaka taldek eskaini dituzte bertan kontzertuak, gehienetan aurrez abixurik eman gabe, eta kontzertu ahantzezinak ere hartu ditu Andrakaleko taberna honek, tartean Mano Negrak eskaini zuena edota Muguruza eta Dut taldeak, disko bateratua argitaratu zutenean, bertan eskainitakoa.

Musikariek bakarrik ez, musikazaleek ere bertan aurkitu izan dute larunbat gauetako musika eskaintza monokromatikotik ihes egin eta beste garai eta espazio batzuetara bidaiatzeko parada. Hori baita Karmonaren legatua, musika bizitzeaz gainera musikarekin bizi egiten dela erakustaraztea. Eta irakaspen horrek izango du, ziur, segidarik.