NAIZ

Adimen artifiziala baliatuta osatu du Kerobiak ‘Gora Bizitza’ kantuko bideoklipa

‘Gora Bizitza’ singlea eta bideoklipa sareratu ditu Kerobiak, «sorkuntzaren arimaz» gogoeta egiten duen abestia. Bideoklipa osatzeko adimen artifiziala erabili dute eta galdera ere luzatu dute: «Zilegi al da artea deitzea IAk egindako lan bati?».

Kerobiak ‘Gora Bizitza (eta esploraziorako beste zenbait aurrebaldintza)’ singlea sareratu berri du, mahaigainean zenbait galdera paratzera datorren abestia.

Alde batetik, kantuak berak «sorkuntzaren arima» duelako gogoeta gai eta, bestetik, bideoklipa osatzeko adimen artifiziala (IA) erabili dutelako. «Lan hau, beraz, proba bat da, jolasa», azaldu dute taldekideek ohar bidez, eta prozesuaren amaierak berak galdera batzuk plazaratzen dituela nabarmendu dute: «Non dago sorkuntzaren arima? gizatasuna non aurkitzen da lan honetan?».

Bideoklipa Iñigo Chalezquerrek diseinatu du eta taldekideak eskertuta agertu dira egindako ikerketa eta diseinu lanagatik, «emaitza ikusgarria» izateaz batera IAren gaineko eztabaida irekitzen duelako, makinak nondik ikasten duen eta aldi berean gizakiok makinatik zer ikas genezakeen hausnartzera eramaten gaituena.

Hausnarketa horiek artearen mundura eramanda, zalantza ere sortu zaie Kerobiako partaideei: «Zilegi al da artea deitzea IAk egindako lan bati? Ziur gaude ezetz», eman dute erantzuna. Eta argudioak ere luzatu dituzte: «Zer balio dauka IAk egindako lan batek sortzaile batek egiten duen lanarekin alderatuta? IAk erabilera demokratizatu lezake. Irudia, liburuak eta musika sortzeko alegia. IA gehiengo baten filosofiaz elikatu daiteke soluzio bikainak emako, baina beti ildo berean. Homogeneoa. Egia da gehiengoaren egia dena. Sortzaile batek imaginarioa materialera pasatzean dauka kontrola, poeta edo zientifiko batek esaldi zehatza idazten duenean bezela. IArekin ez du ematen hala denik».

Irudien gaineko gogoeta horrek kantuen konposaketaren gaineko hausnarketara ere eraman ditu taldekideak. Azaldu dutenez, ‘Gora Bizitza’ Kerobiako bost kideen artean konposatu dute eta taldearen estiloan sakontzen ahalegin berezia egin dute. «Eta galdera bat etorri zaigu burura. Kapaza izan daiteke IA Kerobiaren kanta bat sortzeko? Pentsatu dezagun horretan. Guk uste dugu ezetz».