NAIZ

Haurrentzat B meningokokoaren aurkako txertoa finantzatuko du Osakidetzak

Osakidetzak aurtengo txertaketa egutegiaren berri eman du. Lehen aldiz B meningokokoaren aurkako txertoa finantzatuko du Osasun Sailak eta beraz doakoa izango da 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrentzat.

Haur bat txertoa jasotzen.
Haur bat txertoa jasotzen. (GETTY IMAGES)

2023. urteko txertaketa egutegiaren berri eman du Osakidetzak. Azaldu duenez, babes mailak handituko ditu, batez ere haurren kasuan, eta horretarako, Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordearen eta Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioei jarraituz, immunizazio jarraibide berriak sartu dituzte, iaz jasotakoei gehituko zaizkienak, haurren zein helduen txertaketa egutegietan.

Hala, haurren txertaketaren esparruan, B meningokokoaren aurkako txertaketa finantzatuko du Osasun Sailak eta, beraz, egutegiko gainerako txertoak bezala, doakoa izango da 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrentzat, hiru dosiko jarraibidearekin, 2, 4 eta 12 hilabete dituztenentzat.

Horrekin batera, arriskuko haurrei ematen zitzaien gripearen aurkako txertoa orain 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haur guztientzat izango da. Gainera, poliomielitisaren aurkako hirugarren dosia egongo da aurten 6 urte betetzen dituzten haurrentzat, eta difteriaren, tetanosaren eta kukutxeztularen aurkako hirugarren dosiaren bertsio eraginkorrago bati gehituko zaio. Horrela, ziztada bakar batean emago dira lau txertoak.

Horrekin batera, haurren txertaketa egutegian lehen aldiz sartu da giza papilomaren birusaren aurkako txertoa 12 urteko haurrentzat, bi dositan, bien artean sei hilabeteko tartea utzita; 2023-2024ko ikasturtean hasiko da, 2012an jaiotakoei dagokionez. Orain arte, neskei bakarrik txertatzen zitzaien, umetoki lepoko minbizia prebenitzeko, baina orain haurrei zabaltzeak gizonei ere eragiten dieten beste minbizi eta lesio genitalen eragina murrizten lagundu nahi du, eta, oro har, birusak komunitatean duen presentzia.

Helduak

Helduen txertaketa egutegian, berriz, berritasun nagusia herpes zosterraren aurkako txertaketa da 2023an 65 urte betetzen dituzten pertsonentzako. Neurri horrek, gaixotasunari aurrea hartzeaz gain, hari lotutako arriskuak murrizten lagunduko du Osasun sailaren arabera.

Horretaz gain, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogoratu dute aktibo mantentzen dituztela «estrategia guztiak» arrisku handieneko kolektiboak txertatzeko, besteak beste, adinekoak, immunodeprimituak edo haurdun dauden emakumeak.