Egunean Behin euskal trivial-aren festak 110 zale bildu ditu Donostian
Egunean Behin-en 11. denboraldiaren finala jokatu da ostiral honetan Donostian. 110 partaide nor baino nor, dagoeneko Euskal Herriko mugak zeharkatu dituen aplikazioaren amuari kosk eginda.
Final handien giroa usain zitekeen ostiral arratsalde honetan Euskadiko Parke Teknologikoen Donostia campusean, Miramonen. Urduritasuna eta ilusioa airean. 110 lagun inguru elkartu dira euskal trivial-ak tentatuta. Ia ordubetez amaitzear den denboraldian lehen 100 postuetan sailkatutakoak nor baino nor aritu dira euskararen eta euskal kulturaren gaineko galderak erantzuten. Anfitrioi, Kike Amonarriz.
Kopuruak ez dira txantxetakoak. 200.000 lagunetik gora dira gutxienez behin jokatu dutenak. Aretoko pantaila handiak erakutsi ditu antolatzaileek zifrak. «Ikaragarria da, euskarazko kultur kontsumoan egitasmo gutxik lortu du kopuru hori...», egin du hausnarketa. 35 milioi partida denera. «Barka baina ludopatak zarete», bota du Amonarrizek bertaratutakoen barre algaren artean. «Zoragarria da, baina ez da normala. Ea lortzen dugun neurri honetako erantzuna egitasmo gehiagok izatea», esan du tolosarrak.
Ekitaldi sozialetik ere badu Egunean Behin-ek. Aretoak erakutsi duen argazkia horren lekuko. Lau kideko mahaian hartu dugu eserlekua. Bertatik bertara jarraitu dugu finalaren nondik norakoa.
Geografia, historia, literatura... arloetako gaiak, denetarik egokitu zaie galderatan. ‘Zein mendetan agertu zen kirol hitzaren lehen agerpena euskarazko idatzietan?’, galderak salto egin die sakelakoan parte-hartzaileei. XVI. XIX edo XX.mendean, aukerak. Erantzun ona, lehenengoa. Oso gutxik asmatu dute. ‘Zein herrialdek du azalera handiena?’. Gambia, Luxenburgo eta Danimarka, hiru aukerak. Begiak, adi-adi, mugikorraren pantailari lotuta. Erantzun egokia, hirugarrena. «Ohikoan baino askoz zailagoak dira galderak», entzun da gure mahaian.
Denboraldiko liderra
Erik Gartziak ere baietz dio buruarekin. Badaki zertaz ari den. Adikzioa duela aitortu digu. «Gustuko ditudan gauzatan buru-belarri sartzen naiz. Bi birramonak nafarrak izateak izan dezake zerikusia», dio irribarrez.
Iazko apirilean telebistako bertsioan garaile izan zen errenteriarra. Bera da denboraldiko liderra. Baina gaurko saioan zerotik hasi direnez ahalegina egin beharko du. Saio batera, final handiak bezala.
«Kontuz, badira 30 segundotan egiten dutenak. Maila horretako jendea daukazue ondoan», ohartarazi die Amonarrizek partehartzaileei. Irribarre egin du Gartziak. «23 segundotan daukat errekorra», argitu digu berak. Txunditzekoa.
Iristerako zizka-mizkak mahaian zain daude. «Patatarik ez dut jango, bestela behatzak irrist egingo dit pantailan», egin du txantxa.
«Cascantek zenbat biztanle dituen errepasatu duzu?», sartu dio ziria Gartziari ondoko lagunak. «Telebistako saioetara zergatik ez zoaz?» beste partaide batek galdera. «Hor poeten izenak jakin behar dira...», Gartziak. Lagun giro politean ari dira.
Jokoa aurrera doa eta dagoeneko jakinarazi dira lehen hamar sailkatuen izenak. Agertokira igotzera gonbidatu ditu Amonarrizek. Xabier Mendiguren doa buru momentuz. Lagun batek gonbidatuta etorri da. Arratsaldea ondo joan zaio.‘Noiz dira udal hausteskundeak?’ erantzun beharreko azken galderetako bat.
Amaieran gaude. «Zenbat uste dituzu irabazi dituzula?», Amonarrizek. «Bederatzi», Gartziaren erantzuna. Zortzi asmatu dituztelakoan daude beste bizpahiru. Iritsi da irabazlearen izena jakiteko ordua: Erik Gartzia (Txapusai). Shanti Arrietak (Txantxi Dotore) egin du bigarren eta Aitor F. Martikorena suertatu da hirugarren. Txalo artean hartu dituzte hirurak nahiz Gartzia beldur den txistu egingo ote dioten. «Aurretik ere irabazia dut eta... izena aldatu nuen badaezpada», aitortu dio oholtza gainean Amonarrizi.
65.000 kide
Egunean behin euskarari eta euskal kulturari lotutako galderak erantzuteko tarte bat hartzen dute milaka euskaldunek. Aurten 65.000 partehartzaile aritu dira lehian. Zerk pizten die grina? «Euskaldunen kultura eta unibertsoarekin konektatzea eta eguneroko erronka txikia izatea, engantxatzen zaituena baina oso arinki, denbora gehiegirik lapurtu gabe, dira arrakastaren gakoak», Luistxo Fernandez, Codesyntax enpresaren eta lehiaketaren sortzaileetako baten esanetan.
Lagunarteko, kuadrillako kideen arteko ‘pikea’ ezin ahaztu. «Astero lehenengo geratzen direnen kontra ezin da lehiatu, entziklopedista berezituak dira horiek. Baina milaka talde daude osatuta Euskal Herri osoan eta tarteka lagunen aurrean ondo geratzea ez da hain zaila; eta horrek ere badauka erakarpena», gaineratu du.
2019an Azpeitian elkartu ziren finalistak eta ordudanik, izurria tarteko, ez zen abagunerik izan. Telebistaz –30.000 lagun izan ziren pantaila begira– eta Youtuben bai, egin dira antzeko saioak, baita ikastetxeetan ere, baina zuzeneko bigarren finala izan zen atzokoa. «Grazia du aldi berean denok batera jokatzeak. Denboraldian zehar badira leihan ibiltzen direnak baina gaurkoa loteria da eta horrek badu bere emozioa», adierazi du hasi aurretik.
Igandean esango du agur denboraldiak. Euskal zaleak hurrengoaren zain geratuko dira. Eta bitartean, aplikazioa Europan hedatzen ari da. Galesen, esaterako, 7.000 jokalari batu ditu otsaila bitartean eta Kataluniaz bere hirugarren astean dago, eguneroko 2.500 jokalarirekin.