Baionako Xingar Feriak bere ateak zabalduko ditu apirilaren 6an Roland Barthes zabalgunean.
Lau egunez iraunen duen feria kari txerriaren atalik preziatuenetarikoa den xingarra izanen da protagonista nagusia Lapurdiko hiriburuan.
Baionako Xingarraren ekoizpena arautzen duen lurralde babesturiko IGP zigiluak 25 urte beteko ditu aurten. Sor-markaren itzalpean garatu den sektorearentzat ezinbesteko erakustokia da Pazko astean ospatzen den merkatu erraldoia.
Hain zuzen, geroari begira urrats berriak emateko tenorea dela sinetsita 800 bat ekoizlek «kalitatearen desmartxa indartzeko» ekimena babesteko nahikeria agertu dute.
Orotara 40 bat ekoizle bertaratuko dira aurtengo Xingar Feriara ohiko ekoizpenak, alde batetik, eta tradizioaren transmisioari loturiko erronkak, bestetik, herritarrengana bertaratzeko.
Xingar Feriak, ostegunean, goizeko 10.30ean irekiko ditu ateak. Baionako auzapezak, Jean-Rene Etchegarayk, eta udal kontseilu kideek feriaren erakusmahaiak bisitatuko dituzte, ekoizleekin mintzatzeko, eta beraien egokituko zaie baita ere, eguerdi aldera, etxeko xingar lehiaketaren sariak banatzea.
Roland Barthes eta Merkatu artean
Roland Barthes zabalgunean ezarritako oihal zurien azpian 17 bat xingar ekoizlek haien mozkinak dastatzera emanen dituzte feriak iraunen dien bitartean.
Ezpeleta, Hazparne, Aldude, Sara, Urruña edo Baiona bertatik heldutako xingar egileekin batera tokiko hogei bat ekoizle izanen dira eta bertze hainbat mozkin –gazta, ahate gibela, txipiroiak, taloak, euskal pastiza edo eztia– proposatuko dituzte.
Goizeko 9.30etik eta 19.00ak arte jantokia zabalik izanen da. Bertan berdin menu tradizionalak zein plater konbinatuak hautatzeko parada izanen da.
Era berean, ostiraletik eta igande bitartean xingar ekoizleekin elkarlanean Baionako peñetako kideek prestaturiko errezetak dastatzeko aukera ere izanen da.
Ekoizleen gunea eta tokiko mozkinen feria biltzen dituen Roland Bartheseko xapitoak goizeko 9.30etik eta gaueko 20.00ak arte zabalik izanen dira ostegun eta larunbata bitartean.
Igandean, berriz, ordubete lehenago, hau da 19.00etan, itxiko ditu ateak Xingar Feriak, aurtengo edizioari amaiera emanez.
Roland Barthesetik ez oso urrun, feriak badu beste gune kuttun bat: Merkatua.
Xingarra erosteko parada izanen da, goiz zein arratsaldean, eta eguerdi partean, dastaketak antolatuak izanen dira.
Xingar Feria kari egitarau zabala prestatu dute, aurten ere. Hala, Baionako bigarren produktu izarra den txokolakeak bere tokia hartuko du, ezin baita ahantzi Pazko astean ohikoa dela txokolatea oparitzea.
Hiriko txokolategileek eskultura erraldoia egingo dute «Baiona xingar eta txokolatearen hiriburua dela» ospatzeko asmoz.
Kanta eta musika ez dira faltako
Pig Jaialdia kari, egunero Baionako abesbatzek giroa alaituko dute. Hala,Kanta Gurekin, Lous Tiholes, Kantarima, Haiz Egoa et Les Mistos abesbatzak arituko dira egunean zehar.
17.30etik landa, berriz, kontzertuak izanen dira Swing64, Tropical Jazz club, Band of Dixie eta Dakote hirukotearekin.
Korsarioen Galerian, berriz, txerriari eskainitako lanak erakutsiko ditu Alain Jouve artista plastikoak. Xaho Kaian, berriz, txerriari zor zaizkion ekoizpen ezberdinak euskaraz eta okzitanieraz dituzten izenak ezagutzeko parada izanen da, bertan antolaturiko erakusketari esker, eta zabalgunean bertan argazkien bilduma izanen da ikusgai.
Iturri ertzetatik atera gabe, etxeko fatxadak hitz ezkutuekin apaintzeko lehiaketa antolatu dute, aurten ere, Xingar Feria kari. Baina xingar feria izanik, animaliak ezin dira falta eta etxalde ttipia antolatua izanen da umeen gozamenerako.
Asteburu luzea izanik, bisitariek badituzte beste hainbat aukera. Hala nola, Baiona Handian pagotxen merkatua edo braderia ezarriko dute dendariek ostegunetik eta larunbat arte goizeko 10.00etatik 19.00etara.
San Andres Trinketean, berriz, esku pilota partidak izanen dira ostegun arratsaldean.
Xingar Feriaren azken egunean izanen den egitarau oparoari bidea zabalduz, Kofradiaren desfileak zeharkatuko ditu igande goizean hiriko karrikak.