Testua: Elena Ortega Argazkiak: Gonzalo Azumendi

Nikaragua, poesia bilakatutako edena

Erdialdeko Amerikako paradisu basatienak naturarekin, historiarekin eta kulturarekin konektatzera gonbidatu gaitu bere suzko paisaia, uharteek zipriztindutako lakuen eta hiri historiko koloretsuen bidez.

Honduras iparraldean eta Costa Rica hegoaldean dituela, Nikaragua Erdialdeko Amerikako herrialderik handiena da. Alde batean, Karibe itsasoko kostaldea; bestean, Ozeano Barea. Bere hedadura handiak abentura amaigabeak bizitzeko eta natura liluragarria eta kolorez betetako historia esploratzeko urruneko leku ugari eskaintzen ditu. Bere erakargarri ugariengatik liluratzeko herrialdea da Nikaragua, oraindik masa-turismoarekin zerikusirik ez duen erritmo geldo baina geldiezinean, sumendi ketsuetatik hasi eta hiri kolonial eta dotoreetan amaitzeko helmuga. Gustu eta aurrekontu guztietarako hotel zoragarriekin, Erdialdeko Amerikako bazterrik merkeena da, gainera.

Herrialdearen ipar-mendebaldean, bi lehoik ongietorria egiten diote Nikaraguako hiriburu intelektualari. Ezaugarri horri eutsi dio gune politiko, militar, kultural eta erlijioso izan zenetik. Leongo kultura-giroa presente dago arte urbanoz apaindutako kaleetan. Arteak lekuaren historia kontatzen du, eta aberastasun arkitektoniko handia du estilo barroko eta neoklasikoek orraztutako hiriak. Kolore biziko fatxaden artean, Nikaraguako beste edozein herritan baino eliza gehiago daude, baina enblematikoena katedrala da, Erdialdeko Amerikako handiena, Perun eraikitzekoa zena. Jatorrizkoa 1610ekoa bada ere, zenbaitetan birmoldatu dute, bataila eta fenomeno naturalek eragindako hondamendien ondorioz, eta han lurperatuta daude Salomon de la Selva, Alfonso Cortes, Miguel Larreynaga eta Ruben Dario poetak, Leongo seme kutuna. Bere kupuletatik, poeten hiriaren eta inguratzen duten sumendien ikuspegi zoragarriez goza daiteke.

 

G.A.

Hotel bihurtutako komentu zahar baten hormen artean lo egitea da Leongo proposamen handietako bat, El Convento hotelean goza daitekeena. Era berean, bertako platerak dastatu behar dira, haragi gozoak buru dituztenak; esaterako, El Sesteo jatetxean, katedralaren aurrean.

50 kilometro pasatxora, Xolotlan aintziraren parean, Leon Zaharraren hondakinak daude. 1524an eraiki zen, eta 300 urte baino gehiago eman zituen Momotombo sumendiaren errautsek lurperatuta. Horren ondorioz, bertako biztanleek egungo Leonera ihes egin zuten, ahal zuten guztia eramanda. 1967an eremua induskatzen hasi ziren eta 2000. urtean Gizateriaren Ondare izendatu zuten Nikaraguako lehen tokia izan zen.

 

G.A.

Handik gertu Cerro Negro sumendia dago, eta hara igo behar dugu, itsas mailatik 728 metrora. 167 urte besterik ez ditu, eta Erdialdeko Amerikako gazteena eta Nikaraguako aktiboenetako bat da. Azken erupzioa 1999an izan zen. Landarediaren magal biluzia erakargarri adrenalinikoenetako bat bihurtu da. Hala, sandboarding-a egiteko aukera dago: 40 eta 45 gradu arteko malda inklinatu bat 90 kilometro orduko abiadura har dezakeen zurezko taula batean jaistean datza.

Granada edertasun eta garrantzi handiko beste hiri kolonial bat da. Francisco Hernandez de Cordobak sortu zuen 1524an, Cocibolca lakuaren ertzean, eta Apoyo sumendiak marraztutako lur bolkanikoetan dago. "Sultana Handi"-ko kaleak, pastel tonu ugariz margotuak, Mombachok markoztatzen ditu, eta sumendiaren hegala baso hodeitsu batek estaltzen du. La Merced elizako dorretik begira daitekeen irudi zoragarria. Bestetik, merezi du Guadalupeko eliza bisitatzea, baita San Frantzisko komentuko arkeologia museoa eta udal azoka ere, fruta, barazki eta era guztietako erreminten postuak izaten dituena.

 

G.A.

Granadako kaitik Cocicolba lakuan barrena ibilaldi zirraragarria egin daiteke, tokiko uharteen historia zeharkatuz. Jatorri bolkanikoko 365 bat irla dira, eta 4.000 pertsona inguru bizi dira bertan, gehienak arrantzaleak. Irlatxoetan eskolak, hotelak, jatetxeak, erlijio desberdinetako elizak eta Granada babesteko balio izan zuen gotorleku espainiar txiki bat daude. Agian bitxiena Güize uhartea da, armiarma tximinoak bizi baitira bertan, irlaren jabeak hil ondoren han utzi zituenetik.

Granadatik hurbil, Volcan Masaya Parke Nazionaleko labak bere iragana dakar gogora, lekua infernurako atetzat hartzen zenekoa. Irudi hori bereziki zirraragarria da gauez, une horretan dirdira elektrikoak baitira iluntasunari argia eta kolorea emateaz arduratzen diren bakarrak. Santiago kraterraren azken erupzioa 2011n izan zen, eta sufre dioxido kantitate handiak isurtzen jarraitzen du. Horren ondorioz, ezinezkoa da denbora luzez bere aurrean geratzea. Itsas mailatik 635 metroko altueran dago, eta haren azpian aintzira eta Masaya herria daude, tokiko folklorearen sorlekua, Nikaraguako artisautzari eskainitako merkatu interesgarrian islatzen dena. Masaya merkatua 90eko hamarkadaren amaieratik egiten da harri bolkanikozko hormen artean.

 

G.A.

Baina Erdialdeko Amerikako herrialderik handieneko mirari naturalak kontaezinak dira. Cocicolba aintzirak, Nikaraguako Aintzira Handia izenez ere ezagun denak, uharteak ditu barruan. Ur horietan ikus daiteke zezen-marrazoa, errutera etortzen dena Karibe itsasotik San Juan ibaia zeharkatuz. Uharteak ditu lakuak berak, eta horien gainean zopilote edo lertxunek hegan egiten dute. Nikaraguako Aintzira Handitik azaleratzen den altxorretako bat Ometepe da, Concepcion eta Maderas sumendi konikoek zaindua. 276 kilometro karratu ditu eta ur gezako laku batean dagoen munduko uharte handiena da. Hara iristeko ferry bat hartu behar da San Jorge edo Rivasetik. Hango ur-jauzi eta aintzirak izango dira abentura-jarduerak egiteko eta paraje liluragarriez gozatzeko tokietako batzuk.

Aintzira mendebaldetik inguratuz, Ozeano Bareak bustitako kostaldetik oso gertu, San Juan del Sur-era iritsiko gara, Rivas departamenduko arrantzale herri bizia, piratek oso gutiziatua. Gaur egun surflariak dira bertara iritsi nahi dutenak olatu perfektuak harrapatzera, baina adituenak Popoyora, Coloradora edo Santanara joango dira.

 

G.A.

Esmeralda kostaldeko ikuspegi onenetako bat Miserikordiaren Kristoaren muinoak eskaintzen du, Latinoamerikako altuerarik handieneko hirugarrena. Bere oinetan aurkitzen da San Juan del Surreko badia urreztatua, turkesa biziek bustitzen eta bi mendik babesten dutena. Arrainetan eta itsaskietan espezializatutako jatetxeek eta boutique hotel atseginek osatzen dute paisaia.

Hegoalderago, La Flor hondartza birjina eta ikusgarrian, itsas dortokak berreskuratzeko zentro bat dago. "Pasmala" eta "tora" dortoken etorrera masiboa hartzen duen hondartza bakarra da. Gau berean 13.000 dortoka elkartu dira bertan. Beraz, zentrotik egiten diren ekintzak funtsezkoak dira haien biziraupena bermatzeko eta harrapariengandik eta inguruan dabiltzan arrautza-lapurrengandik urruntzeko. Hala ere, milatik batek bakarrik irauten du bizirik. Hareatza idiliko honen benetako magia ozeanoko bideari ekiten laguntzea da, edozein bisitarik bizi dezakeen esperientzia, Nikaragua izeneko eden inspiratzaile honetan egunari agur esaten dion laranja koloreko zeruari begira.