NAIZ

Otilia Fidalgo, Maria Victoria Urruzola eta Angel Briz, Donostiako Orfeoia-EHU saridunak

Otilia Fidalgo Gonzalezek eta Maria Victoria Urruzola Esnaolak ex aequo eta Angel Briz Lazcozek jaso dute XXII. Donostiako Orfeoia-EHU saria. Lehen biek Valentin Zubiaurreren obra eta beldur eszenikoa aztertu dituzte, hurrenez hurren. Briz-ek bere ibilbide osoagatik jaso du saria.

XXII. Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saridunak.
XXII. Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saridunak. (EHU)

Otilia Fidalgo Gonzalezek eta Maria Victoria Urruzola Esnaolak ex aequo eta Angel Briz Lazcozek jaso dute XXII. Donostiako Orfeoia-EHU saria, bi xederekin sortu zena: musikaren munduan egindako ibilbidea aitortzea eta musikari buruzko ikerketa sustatzea.

Fidalgo eta Urruzola ex aequo saritu dituzte, musikari buruzko ikerketa sustatzeko eta bultzatzeko kategorian, ‘La música religiosa de Valentín Zubiaurre. Maestro de la Real capilla de Madrid (1875-1914)’ eta ‘Un programa de prevención del miedo escénico para niños/as de 8 a 12 años’ lanengatik, hurrenez hurren. Brizek ere saria jaso du, musikaren munduan egindako lanaren eta bere ibilbidearen aitortza gisa.

Fidalgoren lanak Valentin Zubiaurre musikagile bizkaitarraren obra du oinarri. Haren profil biografikoa, testuinguru historiko eta soziala, garaiko pentsamendu musikala edota kaperaren barne funtzionamendua ditu ardatz eta Zubiaurreren erlijio obra adierazgarrienak berreskuratu eta aztertu ditu. «Obra horiek aztertzeari eta garaiko ingurune musikal eta sozialarekin erlazionatzeari esker, konpositoreak bere bizitzan zehar jaso zituen eraginen panoramika bat daukagu», azaldu dute EHUtik.

Urruzolaren azterketaren helburua, bere aldetik, esku hartze psikoedukatiboko taldeko programa bat diseinatu, ezarri eta ebaluatzea izan da, Oinarrizko Mailako Irakaskuntzan ari diren haurrek beldur eszenikoa izan dezatela prebenitzeko. Ikerketa Bilbo, Gasteiz eta Donostiako kontserbatorioetan egin du eta 8-12 urteko 200 haurrek hartu dute parte. Antsietate eszenikoa, autokonfiantza edo ebaluazio negatiboarekiko beldurra gisako aldagaiak aztertu dira eta, sei hilabeteko programaren ostean, horien emaitzak hobetzea lortu da.

Azkenik, Briz-ek bere ibilbideagatik jasoko du saria. Tronpa, kontrapuntua, fuga eta konposizio ikasketak egin zituen Donostian eta 1990eko hamarkada erdialdean partitura editatuen kontserbazio eta transmisioan egin zuen lan hainbat erakunderekin (Eresbil, Euskadiko Orkestra, Donostiako Orfeoia, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa...) elkarlanean.

Besteren artean Jose Maria Usandizagaren, Francisco de Madinaren, Beltran Pagolaren, Andrés Isasiren, Pablo Sorozabalen, Eduardo eta Ignacio Mocoroaren, eta Felipe Gorritiren lanak berreskuratu zituen.

Sari banaketa apirilaren 21ean izango da, 19.00etan, EHUko Ignacio Maria Barriola Zentroko auditoriumean, Donostian, ekitaldi akademiko batean. Ekitaldia eta gero, Donostiako Orfeoiak kontzertu laburra emango du, bere ohiko errepertorioko lanez osatua. Ekitaldia irekita egongo da bertaratu nahi duen edozeinentzat eta edukiera mugatua izango du.