Narriadura kognitiboari aurre egiteko tratamendu eraginkorrik ez dagoenez, hondoko musika memoria hobetzeko alternatiba terapeutiko gisa proposatu izan da tradizioz. Haren eragina aspaldi dago eztabaidagai, baina orain ikusi dute harreman hori norbanakoen arteko parametro berriek baldintzatu dezaketela eta, beraz, aurreikusi zena baino konplexuagoa izan daitekeela. Hori adierazi du Marco Calabria UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Osasun Zientzien Ikasketen Cognitive Neurolab taldeko ikertzaileak gidatutako ikerketa batek. Ikerketan esperimentu berriak planteatu dituzte.
Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatutako ‘Mozart efektua eta memoria, narriadura kognitiboa duten pazienteengan (MEM-COG)’ azterlanaren lehen emaitzen arabera, oroimen-ariketak egiten diren bitartean musika klasikoa entzuteak ez du narriadura kognitibo arina (DCL) duten pertsonen ikasketa-maila hobetzen edo okertzen. Aldiz, ikusi da musika aktibatzaileagoa entzuteak eragin positiboa izan dezakeela eguneroko bizitzan musika erregulatzaile emozional gisa erabiltzera ohituta dauden pertsonengan, eta horrek hipotesi eta ikerketa berriak egiteko aukera zabaltzen du.
Ikerketa ‘Journal of Alzheimer 's Disease’ aldizkarian argitaratu da, eta Sant Pau Ospitaleko Neuropsikologia Unitateko pazienteekin egin da, Bartzelonako ospitale horretako, Kanadako Concordia Universityko eta Madrilgo Gregorio Marañon Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileen laguntzarekin.
«Ez dugu eragin orokorrik aurkitu musikaren efektuan, DCL kasuetan ikaskuntzari mesede edo kalte egiten diolako, baina ikusi dugu hori banaka modulatuta egon daitekeela. Pertsonek eguneroko bizitzan musika erregulatzaile emozional gisa erabiltzen badute, adibidez, lasaiago egoteko edo lagun egiteko, errazagoa izango da musikaren onura nabaritzea ikasketa prozesu berriak hasi behar dituztenean», azaldu du Marco Calabria Psikobiologian doktoreak.
Azterketa narriadura kognitibo arina (amnesikoa) duten pertsonekin egin da, hau da, neurodependentzia arin baten ondorioz memoria-arazoak dituztenekin. Printzipio hori zehatzagoa da ikaskuntza- eta memoria-alderdiak lantzen diren garuneko ataletan. Esperimentuan parte hartu zutenek giza aurpegien hogeita lau argazki behatu behar izan zituzten, haiek buruz ikasi, eta, hamar minutu geroago, aurreko hogeita lau argazkiekin eta hogeita lau berriekin irudi sorta berri bat berrikustean, aurretik ikusitakoak identifikatzen saiatzeko.
Hautapen klasikoa
Lehenengo proba informazioa sendotzeko fasean musika klasikoa entzunez egin zuten, baina ez berreskuratze-fasean; bigarren ariketan, berriz, entzumen-estimuluarekin errepikatu zen. Hala ere, emaitzei dagokienez, ez zen desberdintasun esanguratsurik aurkitu.
Ariketa hauetan musika klasikoa erabiltzen dute «lasaigarria eta aktibatzailea izateagatik bereizten den musika mota bat delako eta memoria indartzeko eraginkorrena dela erakutsi duelako». Bestalde, letrarik ez izateak ahozko informazioak sortu ditzakeen interferentziak murrizten ditu.
Hala eta guztiz ere, Calabriaren taldeak hirugarren esperimentu bat egin nahi izan zuen, ‘Los Diablos’ taldearen ‘Un rayo de sol’ lanaren bertsio instrumental bat aukeratuz. Emaitzek iradoki zutenez, «musika aldartea arautzeko estrategia gisa erabiltzea memoriaren errendimendu hobearekin lotzen da», UOCeko ikertzailearen arabera.
Ikerketa abian da
Aurkikuntza horrek ikerketa gehiagori atea ireki die, memoria arazoak dituzten pazienteegan musikarekiko norbanakoen lehentasunek eta jarrerek duten eragina aztertzen jarraitzeko. Taldeak proiektuarekin 2024a amaitu arte jarraitzeko asmoa du. Denbora horretan, hondoko musika beste eremu kognitibo batzuetan erabilgarriagoa ote den ikertuko dute, adibidez, Parkinsona duten gaixoen arretan eta kontzentrazioan.