NAIZ

Adimen Artifizialak sortutako edukia identifikatzeko eskatu die Bruselak plataforma digitalei

Europako Batzordeak plataforma digitalei eskatu die erabiltzaileei jakinarazteko adimen artifizialak sortutako edukien inguruan. Facebook eta Youtube moduko plataformek jardunbide egokien kodean izena eman zutenez, aldaketa berri hau onartu beharko dute araudi berria indarrean sartzen denean.

Vera Jourova, Baloreen eta Gardentasunaren Europako Batzordeko presidenteordea.
Vera Jourova, Baloreen eta Gardentasunaren Europako Batzordeko presidenteordea. (Kenzo Tribouillard | AFP)

Plataforma digitalek adimen artifizialak sortutako edukiak identifikatu eta erabiltzaileei haien berri eman beharko diete abuztutik aurrera. Erabaki hau Europar Batzordeak jardunbide egokien kodearen inguruan egindako azken bileran onartu da, Bruselan. Vera Jourovak, Baloreen eta Gardentasunaren Europako Erkidegoko presidenteordeak, jakinarazi du erabakia.

Azkenaldian, adimen artifizialeko gailuek bilakaera handia izan dute eta egoera berri honen aurrean, halako aplikazioek sortzen duten edukia identifikatu, mugatu eta egiaztatzeko beharra azpimarratu dute bileran. Gaur egun, ez dago koderik makinek sortutako edukia kontrolatzeko eta, hortaz, ezinbestekotzat jo dute plataforma digitalek ardura hartzea.

Euskarri digitalen eginbehar nagusia izango da haien sareetako edukiaren artean adimen artifizialaren bidez egindakoa identifikatzea eta erabiltzaileei etiketa sistema baten bitartez jakinaraztea. Etiketatze sistema hau lehenbailehen indarrean jartzeko konpromisoa adostu dute.

Desinformazioa ekiditeko beharrezko neurria dela adierazi dute bileran. «Makinek ez dute adierazpen askatasunik izan behar», esan du txekiar komisarioak. Adimen Artifizialak aukera anitzak eta baliagarriak eskaini arren, informazio faltsua gizartean helarazteko ahalbidetzen duen erraztasuna azpimarratu dute.

2018tik jardunbide egokien kodeak euskarri digitaletan dagoen edukia kontrolatzeaz arduratzen da, horien artean, Meta, Mozilla, Google edo Microsoft. Horregatik, bilera honen beste gai nagusia izan da Twitter plataformak jardunbide egokien kodearen kanpo geratzea erabaki duela. Hala ere, Europako Batzordeak Twitterren jarduna kontrolatzen jarraituko duela adierazi du. Bide beretik, neurri berri hau onartu beharko duela esan du Jourovak.