Uztailaren 26tik 30era bitartean ospatuko dira aurten Baionako bestak.
Izan ere, lehen aldikoz, bezperan 1932an sortu ziren ospakizunei buruzko ibilbidea eskainiko duen ‘behin izaten ziren bestak’ ikusgarria prestatu dute.
Tafallako erraldoiak, alde batetik, eta Baionako Orai Bat ziganteen konpartsa bestetik, auzolanen arituko dira uztailaren 25ean, gaueko 21.00etatik aurrera, Askatasunaren plazan.
Harmonie Bayonnaise orkestrari egokituko zaio musika jartzea eta Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteko eta Biarritzeko Maritzuli konpainiako dantzariek biziaraziko dute koreografia.
Neurri batean ikuskizun horrekin beteko da Baionako Gaiteroak elkarteak zuen alpaldiko ametsa.
Iaz berreskuratu ziren Baionako bestak, covidek eragindako bi urteko etenaldiari emaiera emanez eta, Baionako kultur eragileekin zein Hego Euskal Herriko beste hainbat lagunen konplizitateaz, berehala hasi zen forma hartzen «Jean Noguesen ‘Nono’ren Banda» izena hartu zuen Baionako lehenbiziko peñaren argazki historikoa eszena atonduko duen emankizuna.
Ez da bestetan bete-betean sartu aitzin aurten plantan emanen den berrikuntza bakarra.
Hala, euskal dantza eta musika ohorean ezatzen duen Karrikaldian parte hartzeko gogoa pizteko xedez mutxikoen ikastaroa antolatu du Orai Baik. Uztailaren 17tik 20ra jauzietan trebatzeko gogotsu diren herritarrek Laugan dute hitzordua arratsaldeko 18.30etik 19.30era.
Kale animazioa eta zuzeneko musika ardatz nagusienetarikoa duten bestetako giroa aurreko egunetatik sumatuko da, horrela, Lapurdiko hiriburuan.
Orotara, milatik gora musikarik eta 70 musika taldek –fanfarreak, batik bat– alaituko dituzte, bestalde, oholtzak eta karrikak jaiek iraunen duten bost egunetan.
Gainera, aurten, beste eremu batera zabalduko da besta, auzoen eta elkarteen laguntzaz.
Hala, musika entzuteko eta piknikatzeko gunea sortuko dute harresien aldera, Mousserolles auzoan, Baiona Ttipian izanen den jai algaratik alde eginez atseden hartzeko aukera emanez.
«Bestetan norberak bere erritmoa aurkitzeko parada ukan behar duelako», Yves Ugalde axuantaren esanetan.
«Nire belarriak eta baita auzo anitzenak ere kaltetzen dituen gehiegizko burrunba» jomugan ezarriko duela ohartarazi du, bere aldetik, Jean-Rene Etchegaray auzapezak.
Azken urteetan hainbat neurri eman ditu plantan besta batzordeak, ostalariekin alternatibak lantzen. Edonola ere, Baionako Bestetako «giro eta izpiritua» gordetzeko bidean, hala behar izanez gero, neurri zorrotzagoak hartzeko prest azaldu da auzapeza.
3,3 milioiko buxeta, gehienbat segurtasuna ordaintzeko
Era berean, auzapezak argitu du «segurtasuna, prebentzioa, garbiketa eta sorospen zerbitzuak» atalak jaten duela Baionako bestek aurten izanen duten 3,3 milioien buxetaren hiru laurdena. Orotara bi milioitik gora ordainduko ditu hiriak «bestak modu onean igaro daitezen».
Iaz 1,2 milioi lagun bertaratu ziren «hiria gainditzen duen» bestaz gozatzeko. Aurten bere 91. ediziora helduko diren ospakizunei begira «aurreikuspen onak» baditu Herriko Etxeak.
«Xingar Ferian 470.000 pertsona bildu ziren lau egunetan, eta horrek erreferentzia bat ematen digu», azaldu du Etchegarayk, Baionako besten antolaketan parte hartzen duten hainbat arduradun politiko, zerbitzuetako langile eta kultur eragileren eskutik Haiz'Egoa Peñaren lokalean uztailaren 11 honetan eskainitako prentsaurrekoan.
Segurtasunaren kostuari erantzuteko, are gehiago inflazioaren testuinguruan, ezinbestekotzat jo du udal agintariak aurten 10 eurotik 12 eurora igaroko den bestetako sarrera.
Baionako herritarrek salbu, 16 urtetik gora duten herritarrek eskumuturra erosi behar dute ostiral eta igande bitartean hesiturik izanen den besta eremuan sartzeko.
Etchegarayk defendatu du diru-sarrera horrek balio duela, besteak beste, baldintza gero eta egokiagoak eskaintzeko besta egiteko orduan.
Atseden guneak garatu ditu hiriak, baita bestazaleen harrera bermatzen duen kanpina ere.
Bestetan guztientzako baldintza egokiak sortze aldera hainbat berrikuntza iragarri ditu auzapezak.
Hala, garbitasuna eta segurtasuna hobetzeko xedeak uztartuz emazteentzako 80 bat komun ezarriko dituzte hiriko hiru auzoetan.
Erasoak ekiditeko afixak eta garraio zerbitzuak
Eraso sexistak edota homofoboak saiheste aldera talde feministekin eta peñen elkartearekin batera landutako protokoloa plantan emango du aurten ere Baionako hiriak.
Roland Barthes zabalgunean, Maina zerbitzua irekia izanen da arratsaldero, 21.00ak arte.
Besten garaian seinale berriak ezarriko dituzte, bestalde, «besta garbiak» aldarrikatzeko.
Eraso sexistak, alkohola eta bestelako gainkontsumoa eta bestazale isolatuak direlarik atzeman ditzaketeen arriskuak, hirurak batera, irudikatuko dituzte eguneratu dituzten afixetan,
Hainbat kazetarik bortizkeria matxistaren aurrean hartuko duten jokabide politikoari buruz galdetuta, erantzun aski orokorra eman du Laurence Hardouin axuantak, Poliziaren ikerketari eta Fiskaltzak finkaturiko prozedura ez oztopatzeari garrantzi berezia emanez.
Jakin behar da eraso sexistak gertatzen direnean Udalak akusazio partikular gisara jarduteko agertu zuen konpromisoa ezin izan zela egikaritu, auzitegiek oztopoak jarri ondoren.
Iaz, bestalde, arazo frango izan ziren garraio publikoari dagokionez. Azkeneko trena edo autobusa hartzeko orduan jende pilaketa eta tentsio egoerak izan ziren geltokietan.
SNCF tren konpainiak berdin Akizerantz zein Hendaiaratz antolaturiko tren bereziak eskas suertatu ziren iaz eta aurten joan-jinak emendatuko ditu.
Txik txak autobus sareak ere ordutegiak zabalduko ditu. Horretaz gain 20 euroan bost egunetarako txartel berezia eskainiko du hiru lurraldeetako lineak kudeatzen dituen sareak.
Hala ere, zerbitzu horren urteko harpidetza duten erabiltzaileek doan lortuko dute Baionako besten denboran garraioa nahi beste erabiltzeko aukera emanen duen eskutumurra.