Euskal Herriko herri eta auzo askotan ospatuko dituzte saninazioak asteburu honetan, eta tartean da Algorta. Algortako jai herrikoienetakoak dira saninazioak eta milaka lagun elkartzen dira Getxoko auzo horretan urtero, txosnak, su artifizialak eta musika emanaldiak tarteko; aurten, uztailaren 28tik 31ra izango dira, jai batzordeak egindako lan handiari esker.
Jaien hasiera ofiziala, ostiral arratsaldean izango da (uztailak 28), San Nikolas plazan; Kolokili taldeak izango du pregoiaren ardura, 2022ko kuadrilla-txapelketaren irabazleak; ikurrinari omenaldia egingo diote, eta suziria botako dutenak, berriz, Zutik Eneko Caballero futbito txapelketako antolatzaileak izango dira, azken 25 urteotan txapelketako arduradunak izan direnak. Ondoren, Kuadrillen desfilearen txanda izango da, herriko gazteek mozorrotuta egiten dutena, hain zuzen.
Musikaren arloan non aukeratu izango da, zalantzarik gabe: Dj-ak, mariatxiak, rock musika, maketa lehiaketa, erromeria...Lehiak ere ez du hutsik egingo, xake txapelketa, Bizkaiko zaku eramate txapelketa, estropada, igel-toka txapelketa, soka salto txapelketa... Jai batzordearen esanetan, ordea, hauek dira lagun gehien biltzen dituzten jarduerak: kuadrillen arteko lehia, zezen suzkoa, kuadrillen jaitsiera, erraldoi eta buruhandiak eta bertso saioak. Gainera, aurten, Gazterdi lehiaketa antolatu dute lehen aldiz, 12 eta 16 arteko kuadrilla gazteentzako. Beraz, gustu eta adin guztiek izango dute gozatzeko tartea.
Algortako establezimendu laguntzaileak: Next, Cafeteria Cross, Iñaki bitxitegia, Gaurko Moda, Ajuria taberna, Salsidu taberna.
Larrabetzuko festak abuztuan izango dira, urtero legez. Aurretik, ordea, 'Gazte egune' ospatuko dute larunbatean (uztailak 29), herrian ospe handia duen jaia. Hori Bai gaztetxeak du antolakuntzaren ardura, eta egun osoko egitaraua prestatu dute, zuzeneko musikaren presentzia handia izango duena.
Goizean zehar Kittu ariko da. Eguerdian denek elkarrekin bazkalduko dute, eta, ondoren, olinpiaden txanda izango da. Lehiaren ostean, Sakatu elektrotxarangak girotuko du herria. Gauean, ekitaldia eta puntako kontzertuak izango dituzte herriko plazan, egungo euskal musika eszenako talde ezagunen eskutik: Kaleko Urdangak, Belako eta Raimundo el Canastero. Horretaz gain, gau osoan zehar dj-ak ariko dira Hori Bai gaztetxean: Pantx Records, Denso eta Puñales.
Larrabetzuko establezimendu laguntzaileak: Foteri taberna, Irusta taberna, Etorki taberna, Aretxabala Herrikoa, Gazteleku taberna, Sarrikola.