Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Donostiako Zinemaldia Audience talde gernikarraren musikak jantziko du ekitaldi nagusietan

Audience taldeak Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioan modu berezian hartuko du parte. Izan ere, irekiera ekitaldian, Victor Ericeri Donostia Saria emateko galan eta itxiera ekitaldian soinu banda jartzeaz arduratuko da talde gernikarra. Zinemarekin loturarik izan duten arren, hau berezia da.
Audience taldeko kideak ‘Kalaportu’ ikuskizuneko emanaldi batean.
Audience taldeko kideak ‘Kalaportu’ ikuskizuneko emanaldi batean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gaizka Insunza Audience taldeko kidea pozik agertu da Donostiako Zinemaldiak publiko egin duen albistearen aurrean, «erronka polita» dutelako aurretik ekitaldi horiek soinuz janzteko. «Lehenengo hartu-emanak duela hilabete batzuk hasi ziren eta Mireia Gabilondo izan zen gurekin harremanetan jarri zena, bera baita ekitaldi edo gala hauek zuzenduko dituena. Berarekin harreman oso ona dugu eta azkenaldian ‘Kalaportu’ ikuskizunean ibili gara lanean, Joseba Sarrionandiari lotutako abestiak jo genituen bertan. ‘Erlauntza’ pelikula ere hark zuzendua da eta gure abesti bat erabili zuen bertan, eta, horren aitzakian, kameo txiki bat ere egin genuen. Hortaz, ekitaldi hauetako zuzendari zela jakin zuenean, gurekin jarri zen harremanetan eta ekitaldi horietan musikak presentzia berezia izatea nahi zuela aipatu zigun». Aurretik zuten harremana estutzeko aukera eman die honek, beraz, eta erabat murgilduta dabiltza Audiencekoak horren prestaketan.

Zinemarekin duten lotura, ordea, ez da berria gernikarrentzat Insunzak kontatu digunez: «Gure hasierako diskoen inguruan asko esaten zen oso zinematografikoak zirela. Gero, 2010ean, Zinemaldian bertan estreinatu zen ‘Amerikanuak’ dokumentalean hartu genuen parte haren soinu banda egiten. Gero, Berde produkzioak ekoiztetxeko talde berarekin ‘Jai-Alai Blues’ dokumentalaren musika ere egin genuen. Euskaldunak ameriketan da nolabait ere bi ikus-entzunekoen gaia: batean, artzain mundua, eta, bestean zesta-puntua mundua aipatzen dira. Gure musika amerikarra izanik, parean egokitzen zen». 

Dena dela, emozioa desberdina da Zinemaldian emango den pieza baten soinu banda aurkeztea edota ekitaldietan zuzeneko soinu banda jartzea. «Beste mota batetako erronka da hau. Gala hauek badute biziko dugun halako estres puntu bat, baina, momentuz, entseatzen oso ondo gabiltza eta gogo handiz gaude. Oso gauza koralak izaten dira gala hauk eta jende askok hartzen du bertan parte, baina erritmo onean gabiltza eta aurreikuspena oso ona da egun horietarako», dio Insunzak. 

Ez digu bertan entzungo denaren inguruan aurrerapenik eman, «gala hauek bereziak izaten dira eta bakarrak, hortaz, egun horietara arte itxaron beharko da»,  baina Mireia Gabilondorekin lan egiteko moduaz zerbait hitz egin digu Audience taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak: «Eskaleta bat egin zen eta Mireiak bidali zigun hori, etengabeko harremanetan gabiltza berarekin. Gidoia, berriz, Bob Popek egin du eta berritzen den bakoitzean jasotzen dugu horren inguruko informazioa ere. Mireia lokaletik ere pasa zen aurreko batean, eta aurreratu dezakedana da gure papera ez dela abesti bat edo bi jotzea, baizik eta galak irauten duen denboran oholtza gainean izango gara. Momentuero parte hartuko dugu pieza laburrekin edota luzeagokoekin». 

Disko berria bidean

2021ean kaleratu zuen Audience taldeak bere azken diskoa, ‘Tolesdurak’ eta ordutik hona ez direla geldirik egon nahikoa argi utzi digu Insunzak. «Donostiako Zinemaldia eta gero badaukagu zer kontatua gure lanaren inguruan. Azken diskoa pandemia eta gero atera genuen, musikaren mundua oso kontestu arraroan zegoela. Hortik atera eta berriz ere estudioko saio batzuk egin genituen eta udazkenean izango dugu publikazioren baten inguruko albisterik. Baina, Zinemaldiaren kontestuan gabiltzanez, misterio puntu bat uzteko lizentzia hartuko dut. Egia da lokalean asko sartzen den talde bat garela, kontzertu askorik ez dugula ematen eta sare sozialetan ere ez garela asko ibiltzen, baina horrek ez du esan nahi geldirik gaudenik», bukatu du Insunzak.