NAIZ

Spotifyk adimen artifiziala erabiliko du podcasten itzulpenak jatorrizko ahotsarekin egiteko

Ingelesez eginiko podcastak beste hizkuntza batzuetara esatariaren jatorrizko ahotsarekin itzultzeko adimen artifiziala erabiltzen hasiko da Spotify.

Podcastak esatariaren jatorrizko ahotsarekin itzultzeko adimen artifiziala erabiltzen hasiko da Spotify.
Podcastak esatariaren jatorrizko ahotsarekin itzultzeko adimen artifiziala erabiltzen hasiko da Spotify. (SPOTIFY)

Spotify musika-plataforma suediarrak iragarri du adimen artifiziala erabiltzen duen programa bat probatzen hasiko dela podcastak ingelesetik beste hizkuntza batzuetara jatorrizko ahotsarekin itzultzeko.

Tresna berriak OpenAIren ahotsa sortzeko teknologiara jotzen du –ChatGPT ezagunaren atzean dagoen laborategi bera da– esatariaren jatorrizko estiloa kopiatzeko eta «bikoizketa tradizionala baino pertsonalagoa eta naturalagoa» den esperientzia lortzeko, konpainiak astelehen honetan ohar batean azaldu duenez.

Hasiera batean, proiektuak gaztelerara, frantsesera edota alemanera itzuliko ditu ahotsak, eta Dax Shepard, Monica Padman, Lex Fridman, Bill Simmons eta Steven Bartlett bezalako eduki-sortzaileekin akordioak egin dituzte, dagoeneko katalogoan dauden eta etorkizuneko beste argitalpen batzuk jasotzeko.

Spotifyk beste programa batzuk sartzeko asmoa duela ere aipatu du, besteak beste, The Ringerren ‘The Rewatchables’ eta Trevor Noahren podcast berria.

«Sortzailearen ahotsera egokituz, Voice Translationek mundu osoko entzuleei boterea ematen die podcaster berriak ezagutu eta haiengan inspirazioa aurkitzeko», adierazi du Suediako enpresak.

Lehen kapituluak datozen egunetan egongo dira eskuragarri mundu osoan, bai premium kontua duten erabiltzaileentzat eta bai doako bertsioa erabiltzen duten horientzat ere.