Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Maria Rivero
HerrikoFest jaialdiaren antolatzaileetako bat

«Jaialdiak aukera izan behar du guretzako, kultur esparruarentzako eta herriarentzako»

Kontzertuak, mahainguruak, azoka... izango da zer aukeratua azaroaren 3tik 5era HerrikoFest jaialdian. Kilometro 0 filosofia besarkatuz, hitzordua, Zeberion. Maria Rivero musikaria da sustatzaileetako bat.

Maria Rivero, Zelako Kultur Ideiak kooperatibaren kideetako bat.
Maria Rivero, Zelako Kultur Ideiak kooperatibaren kideetako bat. (HERRIKOFEST)

Kultur egitasmo berria jarri da abian, HerrikoFest. Zeberioko kaleek hartuko du lehen edizioa Zelako Kultur Ideiak kooperatibaren eskutik. Hamabost kontzertu, bi mahainguru, dantza emanaldia, bertso saioa, erakusketak, bertako ekoizle eta artisauen azoka, tailerrak, janari eta edari dastaketak eta bestelakoek osatzen dute egitaraua.

Landa eremua eta berrikuntza, bi hanka ditu proiektuak. Hala dio Maria Riverok. Europatik jasotako laguntzak ahalbidetu du. «Next Generation Europako laguntzen deialdira aurkeztu eta laguntza eman ziguten; horregatik da egingarria», kontatu du Riverok.

Km0 kontzeptua du oinarrian kultur egitasmo berriak. «Oso present dago, zentzu guztietan», dio. ZeberioK0 izenpean dator lehen edizioa, NAIZen babesarekin.

Musikaz gaindi, hainbat kultur adierazpenei egingo zaie lekua. «Ohiko jaialdiak musikan zentratzen dira baina kasu honetan beste hainbat ekimen antolatu ditugu. Mahainguruak, azoka, bertso saio berezia, dantza emanaldia… Igandean ere izango da zertaz gozatua», iragarri du.

Zeberio Kantuz sormen ariketa kolektiboa ezin aipatu gabe utzi. «Herriari kantua sortu diogu. Herritarrek estudio inprobisatuan ahotsak grabatuko dituzte, jaialdiaren lehen egunean koreografia grabatuko dute eta igandean, azken egunean, bideoklipa eta kantua aurkeztuko ditugu. Elementu desberdinak txertatzen saiatu gara, izan dadin publiko guztientzako», esan du.

Aukera berria bezala ikusten dute ekimena. «Jaialdiak aukera izan behar du guretzako, kultur esparruarentzako eta herriarentzako –nabarmendu du–. Aukera euskal kulturarentzako, landa eremuarentzako, zeberioztarrentzako eta Euskal Herriarentzako».

Zelako Kultur Ideiak kooperatibak argi dauka nola egin nahi gauzak. «Ez da bakarrik proiektu berri bat asmatzea, herriarekin nola enkajatzen dugun da gakoa. Kontua ez da leku batera joan eta han erortzea, munstro bat bezala. Gure egiteko modua beste bat da. Aurten Zeberiorekin batera gauzatu nahi dugu. Herritarrekin asanblada egin genuen, beraien iritzia jaso nahi izan genuen. Herriko eragileekin harreman zuzena daukagu, bertako elkarteek kudeatuko dute barra, adibidez», dio.

Zortzi urtez bizi izan zen Rivero Zeberion. «Lehen edizio hau aurretik ezagutzen dugun herrian egin nahi izan dugu», dio.

Zubi lana

Zubi lana. Zeberio bezalako herri txikira kulturgintza hurbildu eta era berean sortzaileak landa eremura gerturatu. «Bizkaian, batez ere, hirietan eta BEC bezalako leku handietan egiten dira musika jaialdiak, makrojaialdiak dira. Kasu honetan ez. Zeberio ezagutzeko aukera ere bada» bere esanetan.

Artegintza eta landa eremua eskua emanda garatzen ari diren hainbat ekimen ezagutu ahal izango da Zeberion. «Landa eremuan badira jendea elkartu eta elkarlanean ari denaren adibideak. Mahaingurura Mujeres Artistas Rurales etorriko dira Aragoitik. Landa eremuko artistek komunitatea sortu dute. Dones Artistas Rurals ere bertan izango dira, Valentziatik etorriko dira eredu berari jarraiki. Landa eremuak berrikuntzari eta sorkuntzari lotuta daude era honetako ekimenetan», adierazi du.

Kooperatibaren hiru kideak sortzaileak dira. Maria Riverorekin batera Itxaso Payak eta Gorka Chamorrok osatzen dute hirukotea. Ekoizle lanetan ari direnak kasu honetan. «Bi aldeak ezagutzen ditugunez sortzaileei zein herritarrei baldintza duinak eskaintzen saiatzen gara», esan du.

Amparanoia, Woman Soldier, Green Valley Band, Bad Sound System… emakumearen partehartzea izan da kartela osatzerakoan irizpideetako bat. Belaunaldi desberdinei egin diete leku. «Oso gustura geratu gara kartelarekin. Eta jaialdiaz gozatzeko gogotsu gaude. Oso talde ezberdinak dira estiloari dagokionean. Euskal taldeak daude, baita kanpokoak ere. Saiatu gara jaialdiaren filosofiarekin bat egiten duten taldeak aukeratzen, eta zer nolako publikoa nahi dugun ere garrantzitsua da. Marra gorri asko zehaztu ditugu irizpideei dagokienez eta merezi izan du. Espero dugu emaitzan ikus ahal izango dela eta giroan baita ere», kontatu du.

Disko berria

Antolatzaile ez ezik partehartzaile ere izango da jaialdian Rivero. Izan ere, ‘Lerro paraleloak’ lan berria aurkeztuko du zuzenean ostiralean. Bigarren lan luzea bakarka, bere diskografiako hamabigarrena.

Bi urte ta erdi joan dira –amatasuna eta ahots kordetako arazoa tartean– eszena azkena zapaldu zuenetik. «Oso gogotsu nago. Itzulera potentea da, diskoa oso ezberdina da. Denbora honetan asko aldatu zait bizitza eta asko aldatu naiz ni neu».

«Iaz diskoa grabatzeko kantu batzuk prest nituen. Guztiak paperontzira bota eta berriak idatzi ditut. Batzutan kantuak konposatu eta handik urtebetera, grabatzeko unea iristean, ez du konektatzen zurekin», kontatu du, horren lekuko.

Pianoa lagun duela sortutako piezak dira, gitarra albora utzi du oraingoan. «Beste leku batetik egin ditut bai musika, bai letrak». Mikel Etxabururen letra bat ere bada diskoan entzungai. «Bere poesiak zirrara eragin izan didate betidanik; nire egiten ditut».

Liher semeari jaio aurretik idatziko abestia ere badago diskoan. Baina horrez gain, amatasunak ez du aparteko presentziarik.