NAIZ

Azkerketa batek ohartarazi du sei urtean tenperatura globala 1,5 gradu igoko dela

Gaur egungo karbono dioxido emisioen erritmoari eusten badiogu, teperatura globala 1,5 gradu baino gehiago ez gainditzeko karbono aurrekontua sei urte barru, 2029an, agortuko da, ikerketa batek ezagutarazi duenez. Isurtzen ez den CO2a kontuan hartzeko «alerta» bat dela diote ikerlariek.

Parisko Akordian ezarritako 1,5 graduko igoera globala sei urte barru gertatu daiteke.
Parisko Akordian ezarritako 1,5 graduko igoera globala sei urte barru gertatu daiteke. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Planeta eta pertsonak klima aldaketaren inpaktu okerrenetatik salbatzeko atzera kontua hasi da: sei urte besterik ez dira geratzen tenperatura globala 1,5 gradu igo dadin, beraz, «atmosferara isurtzea saihets dezakegun CO2 tona bakoitzak berebiziko garrantzia du», ‘Nature Climate Change’ aldizkariak astelehen honetan argitaratu duen ikerketa baten arabera.

Orain arte, karbonoaren munduko aurrekontuari buruzko ikerketarik eguneratuena eta osatuena da, hau da, berotzeari muga jakin batetik behera eusteko atmosferara isuri daitekeen dioxio kopuruaren kantitateari buruzkoa, kasu honetan krisi klimatikoaren aurka borrokatzeko Parisko Akordioak ezarritako duen 1,5 graduko tenperatura igoera globala ez gainditzeko.

Kontuak honako hauek dira: 2023ko urtarrilean 250 gigatona karboko dioxido (GtCO2) baino gutxiagoko hondarra geratzen zen atmosferara isurtzeko, planeta, batez beste, 1,5 gradu baino gehiago berotu ez zedin industriaurreko mailekin alderatuta (1850. urtea).

Egungo emisioen erritmoari eutsiz (2022an 40 GtCO2 isuri ziren atmosferara) 2023an eta hurrengo urteetan, 1,5 graduak ez gainditzeko karbono aurrekontua sei urtean agortuko litzateke, 2029 inguruan.

Halaber, egileek kalkulatu dute berotze globala 2 gradutik behera mantentzeko geratzen den karbonoa 1.300 GtCO2 dela, eta isurketen egungo erritmoari eutsiz gero, 23 urtean (2046 urtean) gaindituko litzatekeela.

Hala ere, zientzialariek ohartarazi dutenez, Parisko Akordioaren helburuak ez gainditzeko hain aurrekontu txikia dagoenez, emisio gehiago edo gutxiago eragiten duen edozein aldaketak data horiek alda ditzake.

Aurrekontuaren erdia

Ikerketa honek, baina, agerian uzten du gainerako karbono aurrekontua lehen kalkulatutakoa baino txikiagoa dela, eta 2020tik gutxi gorabehera erdira murriztu dela, munduko isurketen etengabeko gorakadaren ondorioz.

«Gure emaitzek dagoeneko dakiguna berresten dute: ez gara nahikoa egiten ari beroaldia maila seguruetan mantentzeko, eta 1,5 gradutik behera mantentzeko leihoa ixten ari da», adierazi du prentsaurrekoan egile nagusietako batek, Robin Lambollek, Londresko Imperial College unibertsitateko ikertzaileak.

«Berotze mailaren frakzio bakoitzak bizitza zailago egingo die pertsonei eta ekosistemei. Ikerketa hau komunitate zientifikoaren beste ohar bat da. Orain gobernuei dagokie jardutea», gaineratu du Lambollek.

Ikertzaileak azpimarratu duenez, azterketa honen emaitzak «ez dira amore emateko dei bat, atmosferan aurreztutako CO2 tona bakoitza kontuan hartzeko alerta bat baizik».

Zientzialariek gogorarazi dutenez, 1,5 graduko muga gainditu arren, tenperatura globalak behera egin dezake mendearen erdialdean herrialdeak zero emisio garbietara iristen badira, Parisko Akordioan ere hitz eman zuten bezala.

Azterlan honen ondorioak egungo estimazioen berrikuspenean oinarritzen dira, baita eredu klimatikoetan eta azken hilabeteetan eguneratutako datuetan ere.