Alessandro Ruta

Herri txiki, biztanle handi

Italiako hiri askok bertan jaio edo bizi ziren pertsona ospetsuen izena daramate. Buelta txiki bat egingo dugu, iparraldetik hegoalderantz, ‘Italiako Giro” berezi bat leku eta abizen berezi horien bila: 20 geltoki aukeratu ditugu.

«Jenerala» eta bere bikotekidea, Anita, Porto Garibaldin gogoan.
«Jenerala» eta bere bikotekidea, Anita, Porto Garibaldin gogoan. (Alessandro Ruta)

Ez da bakarrik omenaldi bat, askotan erabateko identifikazioa baizik. Italiarrei asko gustatzen zaie (zaigu) beren herrikiderik ospetsuenan ospatzea, baina ez bakarrik oroitarrien bitartez.

Askotan hiri edo herri bat izen edo abizen ezagun batekin parekatzen da. Zergatik? Bertan pertsonai handi bat jaio edo bizi izan delako.

Handia, famatua, saritua... kasu batzuetan benetako erraldoia, kulturaren alorrean, edo politikan, edo kirol arloan, edo zientzian... Azken finean, Italia oso lurralde emankorra izan da.

Gaurko gonbita «Italiako Giro» berezi bat egiteko da, iparraldetik hasi eta hegoalderantz, leku eta abizen berezi horien bila: 20 geltoki aukeratu ditugu.

Birritan behin baino hobeto: Pascoli

‘Jaio, poesia, hil’; hau ez da Berri Txarrak taldearen disko berria, baizik eta Giovanni Pascoli poeta handiaren bizitzaren laburpena. Gizon hau Giosué Carducci-kin batera (gero egingo dugu topo honekin) XIX. mendearen bukaerako bertsolaririk garrantzitsuena zen. Are gehiago, Carduccik Pascoliri Boloniako Unibertsitatean lanpostua utzi zion, Literaturaren irakasle.

‘O cavallina, cavallina storna/che portavi colui che non ritorna’ (‘O zalditxo, zalditxo grisa/itzultiko ez dena eraman zenuena’). Italiako literaturan bertso hauek oso ezagunak dira oraindik ere, eta tragedia batetik datoz.

Giovanniren bizitza hankaz gora jarri zen bere aitaren hilketa eta gero: gau batean Ruggero Pascoli gurdiz etxera itzuli zen, baina zaldiek beren kabuz egiten zuten korrika, gizona hilda zegoelako. Norbaitek nonbait, bidean, tiroa eman zion eta hil zuen: irudi izugarri gogorra.

Pascoli familia San Mauro di Romagnan bizi zen, Rimini eta Rubicone ibaitik oso gertu, alegia. Hementxe abiatu zuen bere Errepublikaren kontrako gerra zibila Julio Cesarrek. «Rubicone zeharkatzeak», Cesarrek egin zuen bezala, «atzera ezinezko bideari ekitea» esan nahi du, Italian eta hemen ere bai.

San Mauro di Romagna 1932tik aurrera San Mauro Pascoli deitzen da, poetari esker. Eta den Giovannik bere abizena duen beste hiri bat dauka: hil zen tokian eta bere museoa dagoen lekuan, Castelvecchio Pascoli, Toscanan, Luccako eskualdean. Berak baino ez du «ohore» hau Italian.

Nobel Saridunak: Carducci, Golgi eta Marconi  

1906. urtea zinez arrakastatsua zen Italiarentzat Nobel Sariei dagokienez, bi ekarri zituelako: Giosué Carduccik Literaturakoa eta Camillo Golgik Medikuntzakoa.

Aurrenekoa orain dela gutxi ezagutu dugu: poeta eta irakasle oso garrantzitsua izan zen. Esan genezake Carduccik belaunaldia hura ordezkatu zuela Italiako literaturan: bere bertsoak ere, Pascolirenak bezala, zeharo famatuak dira: ‘La nebbia agli irti colli/piovigginando sale/e sotto il Maestrale/urla e biancheggia il mare’ (‘Lainoa muino tenteetara igotzen da/zirimiriz lagunduta/ eta Mistralaren azpian/itsasoa oihu eginarazten eta zuritzen du’).

Erritmo zehatza, irudi indartsuak, erabateko trebetasuna: hori zekarren Carduccik Toscanatik. Eskualdeko iparraldean, Pietrasantan, jaioa zen, baina epe luzez Castagneto Marittimo-n bizi zen. Hainbat bertso idatziko zituen Castagnetoko paraje haiei buruz, eta horregatik, bera hil ondoren, Castagneto Marittimok poetaren izena hartuko zuen.

Castagneto Carducciko karriketan barrena. (Alessandro Ruta)

Gaur egun, beraz, Castagneto Carducci da, Toscanako hegoaldean, Livornoko probintzian eta Maremma basatian. Hiritxoa muino baten gainean dago kokatua, eta hortik Tirreno itsasoa ikus daiteke, tarteka Elbako eta Giglioko irletaraino.

Baina 1906an Italiak beste Nobel Sari bat jaso zuen, Medikuntzakoa, Camillo Golgiri esker. «Nerbio-sistema zentralaren egituraren azterketari egindako ekarpen apartagatik» eskuratu zuen zientzialari honek. Ia bizitza osoa eman zuen Golgik gai honetara bideratua, batez ere Pavia-ko Unibertsitatean irakasten eta bertako ospitalean lan egiten.

Lombardiako iparraldean jaioa zen, Cortenon, Camonicako Haranean, Mortirolo mendatetik nahiko gertu (20-25 kilometrora). Golgik biziki maite zuen bere jaioterria eta eztei bidaia bertara egin zuen. Honezaz gain, hango inguruetara, Apricara batez ere, oporretara joaten zen maiz. Horrenbestez, omenaldi gisa, 1956. urtean Corteno Golgi izatera pasa zen Corteno.

Hiru urte beranduago, 1909an, beste Nobel bat Italiara. Guglielmo Marconi Boloniakoak irratia asmatu zuen. Bere esperimentuak egiteko Boloniatik kanpoalderantz joaten zen Marconi, bertako menditxoetara, eta bereziki Sasso Bolognese (Boloniako Harria) izenekora, bertan laborategia zuelako.

Asmatzailea zendu ondoren, nola ez, Sasso Bolognese Sasso Marconi bilakatuko zen. Eta bertako A1 autopistaren irteera «mitikoa» da, Bolonia zeharkatu ostean, hortik Appennini mendiak hasten direlako.  

Konpositoreak: Verdi, Puccini, Ponchielli, Spontini

Honako atal hau musika entzuten den bitartean irakurtzea polita litzateke. Hasiko gara, adibidez, ‘Rigoletto’ edo ‘Aida’-rekin; gero ‘Turandot’ eta ‘La bohème’-rekin. Bi Giuseppe Verdirenak, beste biak Giacomo Puccinirenak: lauak oso ezagunak, letrari erreparatu bestela: ‘La donna è mobile, qual piuma al vento’, edo ’Dilegua o notte, tramontate stelle, all'alba vincerò’.

Bai Verdik bai Puccinik beren hiria dute, nola ez.

Lehena gizon egonkorra zen, Milanen bizi zen gehienetan eta bertan hil zen, baina Parmakoa zen berez: zehatzago, Bussetokoa, hiriburutik gertu. Nekazaritzaren paradisua da leku hori eta Verdi oso lasai bizi zen bertan, musikaz blai, bere lanean burubelarri, ia fraide baten antzera. Busseto ezaguna da munduan bere biztanle handienari esker, eta konpositorea jaio zen auzoa orain Roncole Verdi deitzen da.

Eta Puccini? Luccakoa zen, Toskanakoa, alegia. Erdigunean sekulako oroitarri bat dago musikariaren omenez. Baina oporretara edota lan egitera kostaldera jotzen zuen, Torre del Lago, Viareggio kanpoaldera. Leku itzela da gaur egun ere, laku bat dago eta inguru ezin hobea da, musika sortzeko bikaina. Hemen, Torre del Lago Puccini-n, udaro antolatzen da musikaldi bat, milaka zale erakartzen dituena.

Verdik eta Puccinik ez dute aurkezpenik behar. Amilcare Ponchiellik eta Gaspare Spontinik, aldiz, bai.

Italian famatuak dira, eta ‘La danza delle ore’ (‘Orduen dantza’) pieza bilatu ezkero, ezaguna egingo zaizue; Ponchielli Lombardiako konpositorearena da, ‘La Gioconda’ operaren barruan.

Amilcare Paderno Fasolaro-n, Cremonako probintzian, jaio zen. Hartu zuen ospearen ondorioz, Paderno Ponchielli izango zen aurrerantzean.

Gaspare Spontini, aldiz, Marche lurraldean jaio zen, Italiako erdialdean. Ponchielli, Puccini eta Verdi baino lehen aritu zen, eta Berlinen egin zuen lan, baina hala ere lotura handia zuen bere jaioterriarekin, Maiolati izenekoa. Aita Santuaren Erreinuan zegoen hiritxo hori, Marcheko muinoetan: 1939. urtean konpositorearen abizena batu zitzaion jatorrizko izenari eta gaur egun Maiolati Spontini deitzen da.

Aita Santuak: Pio X eta Joan XXIII

Aspaldi luzean Italiak ez du Aita Santurik erditu: azken hiruak Karol Wojtyla, Joseph Ratzinger eta Jorge Bergoglio dira, denak «atzerritarrak». Iraganean, aldiz, 1523. urtetik 1978ra arte Aita Santua beti italiarra izan zen. Besteak beste, Giuseppe Sarto, Pio X izena hartuko zuena, eta Angelo Roncalli, Joan XXIII.

Sarto Venetokoa zen, Trevisokoa. Oso kontserbadorea ere izan zen bere hamaika urteko agintaldian. Tradizio handia du Venetok Aita Santuen historioan: askotan Veneziako “patriarka” zena (Veneziako apezpikua) Papa bilakatu zen gero. Pio X Riese-n jaio zen eta omenaldi gisa Riese Pio X deitzen da orain. Giro d'Italiaren etapa helmuga izan da sarritan.

Angelo Roncalli ere Veneziako patriarka zen Aita Santua bilakatu aurretik. Hau betirako izango da ‘Il Papa buono’ (‘Aita Santu ona’) bere izaera lasaia eta atseginagatik. Baina Veneziako apezpikua izan arren, Joan XXIII Bergamokoa zen. Jaio zen hiritxoa Sotto il Monte, literalki ‘Mendiaren Azpian’, deitzen zen. Orain Bergamoko aireportura Milanetik joan ezkero, Sotto il Monte Giovanni XXIII izena daraman autopista-irteera aurkituko duzue.

Giovanni XXIII izena ere badaraman Sotto il Monte. (Wikimedia Commons)


Italiako Batasunaren protagonistak: Cavour, Garibaldi, Cairoli

Kromo-bildumen moduan, Italiako batasunaren prozesuak hainbat protagonista izan zituen. Batzuk eguneroko toponimian daude txertatuta, plaza edo kaleen izendegian maiz ageri dira, baina oso gutxik izan dute «omenaldi» handiago bat.

Camillo Benso Cavour-ko kontea eragile nagusietakoa izan zen: Savoiako Erresumaren lehen ministroa zen, oso tematia eta bizkorra. Turinen jaio zen, familia oso aberats batean hazi zen eta lur sail askoren jabea zen, ia Frantziaraino heltzen zirenak. Besteak beste, Langhe lurraldean, gaur egun ardoaren hiriburua dena. Camillo Grinzane hiriko alkatea izango zen 17 urtetan zehar. Erreza izango zen politikari handiaren izena hiriarenari gehitzea: Grinzane Cavour.

Giuseppe Garibaldik beste alde batetik nabarmendu zen: batasunaren prozesuan borrokalari handiena gorpuztuko zuen bere alkandora gorriarekin ‘Jeneralak’ edo ‘Bi mundu heroia’ ere deiturikoak, Hegoamerikan ere iraultzaren batean parte hartu zuelako.

Eta Hegoamerikan bertan emaztea topatu zuen, Anita brasildarra. Emakume honekin batera, haurdun zela gainera, ihes egin zuen Garibaldik, Aita Santuaren kontra borrokatu eta galdu ondoren, 1849. urtean. Erromatik Adriatiko kostaldera joan zen, Veneziako Errepublikan babesa behar zuelako, eta iritsi zen lekua ia berehala Porto Garibaldi bataiatu zuen. Po ibaia itsasoratzen den tokitik oso gertu dago. Zoritxarrez bertan Anita hil zen, baserri batean, malariak jota.

Anita Garibaldi, garaiko margo batean. Porto Garibaldin zendu zen. (Wikimedia Commons)

Bi munduko heroiak milaka soldadu zituen atzean, guztiz leialak. Behin batasunaren prozesua bukatuta, batzuk politikari bihurtuko ziren, hain artean Benedetto Cairoli, hiru aldiz Italiako Erreinuaren lehen ministroa izandakoa. Bere familia osoa garibaldina zen, Garibaldizalea alegia, alkandora gorria eta guzti. Gropellon, Paviako probintzian eta Milanetik oso gertu, bizi zen. Gaur egun hiri hura Gropello Cairoli deitzen da.
 
Erregearen andreak: Margherita, Jolanda eta Mafalda di Savoia

Savoia familiarenak «Italiako Borboiak» izan dira: batasuna lortzeko lana bete zuten, egia da, baina horrekin batera hainbat eskandalutan nahastu ziren eta gainera faxismoari agintea hartzen erraztu zioten.

Aurrekin bukaera tragikoa izan zuen Umberto I erregeak, 1900. urtean atentatu batean hil zena, Monzan. Bere emaztea Margheritak, hau bitxia da, dagoeneko lehen herri omenaldi bat izan zuen. Bada, zein da pizzarik errezena eta famatuena? Tomate eta mozzarella gazta daramatzana, Margherita izendatuta.

Napolin, pizzaren aberrian, Savoiarrak asko maite zituzten, Italiako hegoaldea oso monarkikoa izan ohi baita. Margherita ez da bakarrik pizza mota bat; Margherita di Savoia, izen osoarekin, Pugliako herri bat ere bada, Bari-ko kostaldean.

Umberto I.ren ondorengo hurrengo erregea Vittorio Emanuele III. izango zen. Eta bere lehendabiziko alaba Jolanda deitzen zen. Emakume horrek ez zuen tronura iristeko itxaropenik, baina 1911. urtean eraiki berri zuten hiritxo bat bisitatu zuen, Ferrarako aldean. Benetako ohorea izan omen zen hango biztanleentzat, eta horregaitik berehala lekuari izena aldatu zioten, Jolanda di Savoia bataiatuz: erregina izatea baino askoz hobeto, akaso.  

Vittorio Emanuele III.ren bigarren alaba Mafalda zen. Oso bizitza tristea izan zuen eta Buchenwaldeko kontzentrazio-esparruan hil zen: ez zen judua, baina bere senarra Alemaniako noble bat zen eta 1944. urtean Italia eta Alemaniaren arteko harremanak jada oso gaiztoturik ziren. Mafalda traidoretzat hartu zuten Berlinen eta tranpa baten bidez Buchenwaldera bidali zuten.

Mafalda Savoiakoak ere badu bere hiria. (Wikimedia Commons)

Hala ere, berak ere badu hiria, 1903an izendatua, Mafalda delakoa (Mafalda bakarrik oraingoan, ez ‘di Savoia’ abizenarekin), Moliseko lurraldean dago, hegoaldean, Campobassoko probintzian, printzea jaio zen tokian hain zuzen ere.

Erraldoiak: Petrarca eta Michelangelo

Literatura eta artea, what else? George Clooneyk (oso Italiazalea dena, portzierto) halaxe galdetzen du iragarki ezagun batean. Zer gehiago, Il Belpaese aurkeztu eta laburbiltzeko? Ezer ez.

Erdi Aroan hiru gizonek sekulako fama jaso zuten: Dante Alighieri (‘Jainkotiar Komedia’-ren egilea), Giovanni Boccaccio (‘Dekamerona’-ren idazlea) eta Francesco Petrarca. Hiruak Toscanakoak, italieraren sehaska, baina bat bakarra hil zen bere lurraldean: Boccaccio . Dante Ravenna-n zendu zen, eta Petrarca... Arquà Petrarca-n.

Arquà Petrarca ere, ikusgarri. (Alessandro Ruta)

Hiritxo hau «Italiako lekurik politena»ren izendapenen elkartean dago. Horrek esan nahi du berezia dela,. Paduatik oso gertu, bertako muinoek Veneto eta Emilia eskualdeak banatzen dituzte. Hortik ibiltzea, oinez edo autoz, ariketa goxoa da, lasaia, eta aldi berean Petrarcaren bertsoak ekar daitezke gogora: ‘Chiare, fresche et dolci acque/ove le belle membra/pose colei che solo a me par donna’, (‘Ur argiak, freskoak eta gozoak/gorputz polita/emakumea bakarrik iruditzen zaidana bertan dela’).

Eta Toscana aldera joko dugu berriz beste artista handi baten etxearen bila: Michelangelo Buonarroti, Rinascimentoren protagonista handia, bere ‘Dordoka ninja’ multzoarekin batera: Raffaello, Donatello eta Leonardo. Michelangelok Florentzia eta Erroma irauli zituen bere artelanekin, ‘David’en estatua edo San Pedro Elizako kupula. Dena handi baina bera oso leku txikian jaio zen, Arezzoko lurraldean, Capresen.

Alde zakar bateean kokatzen da herrixka, nekez iristen da, isolaturik dago. Auskalo honek Michelangeloren nortasuna baldintzatu egin ote zuen, gizon desatsegina eta erraz haserretzekoa baitzen. Bertako museoa ere nahiko «biluzik» dago, baina Buonarrotiren maisulanak hiriburuetan daude: Florentzian, Erroman edo Milanen. Capresen jaio baino ez zuen egin Michelangelok, baina hori ez da gutxi, eta horregatik 1913. urtean hiritxoari izena aldatu da eta Caprese Michelangelo bilakatu zen.

Bide batez, argipen bat: Leonardo da Vinci, Buonarrotiren lankidea, ez da omenaldi gisako izena, artistari benetan jarritakoa baizik. Kasu honetan alderantziz gertatzen da, beraz: Vinci hiria Leonardo baino lehen jaio zen eta harro dago abizena eman izanaz.

Il Campionissimo: Fausto Coppi

Bukatzera goaz, eta amaitzeko, kirolari bat. Lasterkari aparta, munduko txirrindularirik onenetako bat: Fausto Coppi, ‘Il campionissimo’, txapeldun handia. Besteak beste bi aldiz Frantziako Tourra, bost aldiz Giro d'Italia, munduko txapelketa bat, Paris-Roubaix bat eta hiru aldiz Milan-Sanremoren irabazle.

Coppi jaio zen etxea. (Wikimedia Commons)

Coppi ere oso leku xume batean jaio zen, Castellania-n, Alessandriako probintzian. Hango tontorrak oso egokiak ziren entrenatzeko, bere anaiarekin batera, Serse. 2019an, Faustoren jaiotzaren mendeurrenean, Castellania Coppi izatera pasako zen herria. ‘Il campionissimo’k honelako omenaldi bat izan duen Italiako kirolari bakarra da.