NAIZ

Behera egin du EAEn alkohola, tabakoa eta legez kanpoko drogen kontsumoak

Lakuako Osasun sailak EAEko Adizkzioen Inkesta aurkeztu du ostiral honetan, non alkohola, tabakoa eta legez kanpoko drogen kontsumoak behera egin duela nabarmentzen den. Ausazko jokoen erabilera ere murriztu egin da, aurreko txostenarekin (2017) alderatuta.

Gizon bat kalamua erretzen. (François NASCIMBENI/AFP)
Gizon bat kalamua erretzen. (François NASCIMBENI/AFP)

‘2023ko Euskadiko Adikzioen Inkesta’-ren datuen arabera, behera egin du tabakoa, kalamua eta alkohola kontsumitzen duten pertsonen kopuruak. Kalamua ez diren legez kanpoko drogen kontsumoak ere etengabe behera egin duela ikus daiteke.

Martxoa eta ekaina artean 14 urtetik gorako 2.500 pertsonari egin zitzaion 2023ko Inkestaren datuen arabera, azken 12 hilabeteetan biztanleriaren %76k alkohola kontsumitu du eta %23,8k tabakoa. Era berean, biztanleen %7k kalamua kontsumitu du eta %2,5ek legez kanpoko beste substantzia batzuk. Biztanleen %1ek baino gutxiagok errezeta medikorik gabe hartu ditu lasaigarriak.

Kontsumo prebalentziak handiagoak dira gizonen artean, lasaigarrien kasuan izan ezik, lasaigarrien kontsumoa ohikoagoa baita emakumeen artean. Substantzien kontsumoak behera egiten du adinarekin, lasaigarrien kasuan izan ezik, kontrako joera baitute. Tabakoa eta alkohola dira gazteen hartzen hasten diren drogak (16 urte inguru), eta beranduxeago (19 urte inguru) kalamua; 20 eta 22 urte bitartean, hasten da legez kanpoko gainerako drogak hartzen.

Horiek dira Lakuako Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik gaur aurkeztutako txostenaren ondorio nagusietako batzuk. Nabarmendu duenez, inkestako datuek erakusten dute «aurrerapauso handia» eman dela euskal herritarren «bizi ohituren hobekuntzan, Euskadik adikzioen eta droga-mendekotasunen inguruan lanean daramatzan lau hamarkadei esker».

Hala ere, «oraindik bide luzea dago egiteko», adierazi du, eta, horregatik, Adikzioen VIII. Plana (2023-2027) lehentasunezko 60 ekintza inguru garatzen ari da Osasun saila.

Inkesten seriearen hasieratik hona ikus daiteke behera egin duela alkoholaren egungo kontsumoak. Bilakaera onena eguneroko kontsumoan ikusten da, beheranzko joerarekin adin-talde guztietan, 55-74 urtekoan izan ezik. Aste barruko egunetan egun bakar batean ere alkohola edaten ez duten pertsonen ehunekoa handia da, baina oso txikia asteburuetan.

Tabakoari dagokionez, 2010ean hasitako tabako-erretzaileen ehunekoaren jaitsierari eusten zaio, eta 2023an lortu da serie historiko osoko eguneko kontsumoaren prebalentziarik baxuena (%19,7), baita azken hilabeteko kontsumoan ere (%23,3).

Kalamua, modu berean, beheranzko joera horretan doa. Serie historiko osoan zehar, kontsumitzaile ohikoenak 15 eta 34 urte bitarteko gazteak dira (% 14,2 mutilen artean eta % 4,3 nesken artean), baina kontsumo hori ere murriztu egin da 2017koarekin alderatuta, 2006an hasitako joerari jarraikiz.

Legez kanpoko drogak behera, estasia izan ezik

Honela, berretsi egiten da legez kanpoko beste droga batzuen kontsumo esperimentalak gora egin duela (bizitzan inoizko kontsumoa), baina oraintsuko eta egungo kontsumoak behera egin duela 90eko hamarkadako mailetara iritsi arte, estasiaren kontsumoan izan ezik, azken hamarkadan kontsumitzaileen maiztasuna hazi baita.

Tratamendu mediko baten barruan lasaigarrien kontsumoak goranzko joerari eusten dio, aldiz. Goranzko joera hori 2010etik aurrera hauteman da emakumezkoetan eta 2017tik aurrera gizonezkoetan, eta are handiagoa da adina handitu ahala, eta ohikoagoa da emakumezkoetan adin-tarte guztietan.

Ausazko jokoak ere behera

Ausazko jokoen erabilera murriztu egin da 2017koarekin alderatuta —2017an egin zen aurreko inkesta—. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren % 50ek loterietan, kinieletan eta primitiboan jokatzen dute; ondoren, distantzia handira, kirol-apustuak datoz. Joko presentziala da modalitaterik ohikoena, eta online jokoa gazteek (15-34 urte bitartekoek) egiten dute nagusiki.

Joko patologikoaren proportziorik handiena astero jokatzen dutenen artean dago, eta baliorik handienak gizonetan eta gazteenetan erregistratu dira. Erregulartasunez jokatzen duten gizonen %3,5 inguruk joko patologikoaren zeinuak izan ditzakete. Proportzio hori handiagoa da, %5,8koa, 35 urtetik beherako gazteen artean.