Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Huntzaren agurrean sentimenduak ‘Aldapan gora’ eta gorputzak ‘Buruz behera’ Miribillan

Ia hiru orduko emanaldia eskaini du Huntza talde gipuzkoarrak bere agurrean goraino beteta zegoen Bilbao Arena pabilioian. Dantza, izerdia eta malkoak, denak bat egin dute. ‘Azkena balitz bezala’ disfrutatu behar omen genuen, biharko biharamunak erabakiko du hori. Baina agurtu dira, modu ederrean.

Uxue Amonarriz eta Josune Arakistain bata bestearen gainean, ‘Azkena balitz bezala’.
Uxue Amonarriz eta Josune Arakistain bata bestearen gainean, ‘Azkena balitz bezala’. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

18:45erako Bilbon sartu gara. Aparkatzeko odisea hasi da. Inauteriak auzoetan, manifestazioa erdigunean, pilota partida frontoian eta milaka lagun Miribilla inguruetan. Ordubete beranduago gurutzatu dugu Bilbao Arenako kontrola eta hartu dugu zegokigun tokia.

20:00etan puntual hasi da Burutik talde nafarra pabilioia erdi beteta zela. Kontzertua ikustera etorri diren familiako eta lagunak ere dagoeneko harmailan ziren. Tartean, Fermin Muguruza edota Asier Villalibre. ‘Datozen etsipenak’ kantuarekin hasi dira Burutikekoak, etsipena ez, baina agurrak badu beti pixkat tristetik eta Huntzaren egun handirako kantu bikaina hautatu dute hasierarako.

Energiaz betetako kantuekin segi dute. Asier Caponen akordeoia eta distortsioz betetako gitarren arteko kontrastea batetik, eta Luar Alberdiren ahotsaren kolorea, bestetik, izan dira protagonista haien emanaldiak iraun duen 30 minutuetan. Estilo uztarketa anitza da Burutik taldearena, baina taldeko Jokin Barriolak esan duena ere kontuan hartzekoa «Akordeoia eta trikitixaren arteko crossover handia egingo da gaurkoan Huntzakoei esker», eta ez du arrazoirik falta izan, Joseba Tapiaren baimenarekin. ‘Uxoa’ ‘Atzoko gai bera’ jo eta agurtu dira nafarrak: «Mila esker beste talde bat ikustera etorri eta halako enpeinoa jarri duzuen guztioi, eman Huntzari agur bero bat, merezi dute-eta!», esan du Barriolak azkena jo atarian.

Huntzaren gaua

Aldaketa orduerdian egin dute backlinerrek, azkar, eta 21:05ean argiak itzali eta Mikel Laboa eta Euskadiko Orkestraren Baga Biga entzun da. Publikoa txaloka, oihuka eta abesten. Segidan, hiru emakume harmailetan irrintziak botaz taldea oholtz ‘Promesetan’ joz hasi den bitartean. Uxue Amonarrizen azken irrintzi batekin Huntzaren emanaldiari hasiera eman zaiola esan dezakegu. Uxue eta taldekideak beltzez, Josune Arakistain kolore argiz. Ying eta yanga oholtzan. Biak elkar hartuta.

«Mila esker etortzeagatik, zuengatik gara gu seirok eta gozatu azkena balitz bezala» esan du abestiaren erdian Arakistainek, mugikorrak gorde eta momentuaz disfrutatzeko gonbita eginaz. Argi diseinu potentea ikusi zitekeen oholtzan, Inhar Eskisabelen baxua lodi-lodi eta indartsu sartzen zen bularretik, ‘Odoletan’ kantuan hori argi eta garbi ikusi da. «Ezin naiz bizi lekzioak entzuteko» dio, kantuak, eman ordea baten bat eman dute, Huntzaren bidea behetik gorakoa izan baita une batzuetan iruditu ez arren. Pausoz pauso joan dira, Bilbo kaleetan elkartu ziren sei gaztek Bilbao Arena betetzera iritsi arte.

‘Kalabazak’ abestian bira honetan ikur izan den musu umela azkenekoz eman dute Arakistain eta Amonarrizek. Atzetik, Aitor Huizi biolin-jotzaileak Xabi Solano aurkeztu du, haientzat «erreferente eta anaia nagusi» modukoa izan dela esan du. Eta, Solanok, umorea jarri dio kontuari: «zeinen hitz politak izan diren baina nire lehengusua da» aitortu baitu. ‘Hautsetatik’ jo du Ereñotzuko trikitilariak Huntzakoekin.

Euskal Herritik kanpora asko ibili direla aipatu dute segidan mikrofonotik eta Ebri Knight talde kataluniarrekoak sartu dira. «Qué pasa Bilbo, estem be o no?» esan eta segidan ‘Gaztetxeak bizirik’ kantua eskaini dute, euskara eta katalana nahastuz, bakoitzak folka bere esparrutik rockera ekarriaz. ‘Ertzetatik’ diskoari errepaso polita lehen zatian.

Amaia Agirre Arrastoaren poema bat errezitatu du Uxue Amonarrizek hurrengo abestiaren atarian, ‘Elurretan’ abestu atarian. Minbizia, amatasuna, depresioa, itxaropena eta maitasuna uztartu ditu testuan Agirre Arrastoak. Esku-argiak pizteko eskatu du Amonarrizek testua irakurtzez bukatzean bizia itzali zitzaien minbizidun umeengatik, eta publikoak erantzun du Miribilla argiztatuz.

Lehen izerditzea

Emakume erreferenteak izatearen garrantziaz hitz egin du Josune Arakistainek eta horiek erakustea garrantzitsua dela gaineratu, «ez badira erakusten ez direlako esistitzen». Olatz Salvador eta Iraitz Agirre agertu dira une horretan ‘Harro gaude’ abesteko, emakume erreferenteen inguruan Iñaki Gurrutxagak idatzitako bertso sorta ezaguna.

‘Voglio vederti danzare’ klasikoaren bertsioarekin publikoa dantzan eta saltoka jarri dute atzetik, Franco Battiato handiaren abestiaren euskarazko bertsioan. Seguruenik DJ Preziosorengatik ezagutuko zuten abestia Huntzakoek. Dantzaren aldeko hitzak abestu dituzte zati horretan eta Hemendik At! taldearen ‘Sexua bai’ abestiarekin uztartu. Dantzan eta sexuan aske izan nahi dugulako. Beldurrik gabe.

«Denok dakigu ez dagoela mugarik eta hizkuntzak ez direla mugak, euskarak ez duela mugarik eta euskaraz abestu daitekeela ikusi dugu eta sinistu behar dugu», aldarrikatu du Huizik segidan. Stay Homasekoak gonbidatu dituzte oholtzara horren adibide. Bideak euskal talde bat eta kataluniar bat, bakoitza bere hizkuntzan aritzen dena, elkartu dituelako. ‘Haizeak’ kantua abestu dute elkarrekin, izatez Dr. Prats taldearekin egin zutena ‘Ezin ezer espero’ diskorako.

‘Damutu asko’ kantuarekin eman diote pausa modukoa lehen 45 minutuen ostean, eta bakoitzak bere luzimendurako baliatu dute unea, panderoaren eta bateriaren arteko elkarrizketa egin baitute Uxue Amonarriz eta Peru Altuberen artean. Atseden labur horren ostean, ‘Deabruak gara’ etorri da eta publikoa zutik jarri da harmailetan txaloka eta abesten.

Abestia bukatu eta «Hizketan ari gara, ixilduko zarete?» esan du oholtzatik Uxue Amonarrizek segidan zetorrena aurkeztera zihoala. Aitzol Eskisabel taldekidearen kuadrillakoak ziren oihuka zebiltzanak eta txantxa zela argi utzi du hernaniarrak. H urrengo gonbidatuak bereziak zirelako bereganatu du arreta gisa horretara Amonarrizek. Umetatik haien kantuak abesten zituztela eta oholtza partekatzearen ederraz hizketan aritu dira Arakistain eta biak. Kristina eta Amaia, Maixa eta Ixiar eta Alaitz eta Maider igo dira orduan tranpaldora. ‘104 ilargi bete’ jo dute lehendabizi, Kristina eta Amaiak ‘Aristerrazu da Plaza’ diskoan erregistratu zuten kantua. Disko berean agertu zen ‘Bexamela eta pastela’ kantua hautatu dute Maixa eta Ixiarrek guztien gozagarri. Azkenak, Alaitz eta Maider izan dira eta ‘Txanpon baten truke’ hasi orduko sekulako eztanda izan da Miribillakoa. Opari polita nostalgikoenentzat.

Soka laukotearen magia

Bigarren atseden moduko bat egon da oholtzan sei emakumeak jaitsi orduko. Lau aulki jartzeko eta formazioa egokitzeko baliatu dute teknikariek. Bi bertsolari agertu dira: Maialen Akizu eta Ekaitz Goikoetxea. Biak ere taldeko abestien hitzak idatzitakoak disko desberdinetan.

Soka laukotea igo da oholtzara eta ‘Olatu bat’ eskaini dute Aitzol gitarra akustikoan eta Josune abesten zirela. Euskadiko Orkestrarekin pandemia garaian egindako moldaketa, soka laukotera Asier Caponek konpondu duela aipatu dute, hortik aurrera soka lauketak eskaini dituen gainerakoak bezala.

Jon Gurrutxaga batu zaie oholtzara segidan, egun Desgaraian taldean dabilena, eta hasieratik bidaide izan dutela aipatu du Aitor Huizik. Bigarren balada bat abestu dute elkarrekin,  ‘Parent(h)esiak’, soka moldaketa oso ederrarekin. Asko jantzi du abestia laukoteak. Aipatu, jantzi aldaketa egin dutela Amonarriz eta Arakistainek zati horren aurretik eta, gainera, soka laukotea egon den denbora horretan guztian trikitixa soinetik kendu duela Lasturgo musikariak. ‘Gauerdiko biolinak’ kantua etorri da atzetik eta halako medley txiki bat egin dute ‘The A Team’ telesail mitikoko irekiera kantuaren akorde batzuk sartuz.

Barealdiaren bukaera

Pablo Novoa galiziarra ere igo da oholtzara gaurkoan, gitarra akustikoa zintzilik duela, ‘Agur Itaka’ abestia jotzeko. Novoa azken diskoan ekoizle lanetan izan zuten Huntzakoek. ‘Poema nekatu bat’ abestiak eman dio jarraipena, eta abestiaren bukaeran besarkada amaiezin batean urtu dira bi abeslariak, une hunkigarria sortuz. Nolabait ere erritmoak eta giroak behera egin dute, kantu lasai dezente jo dituztelako, baina publikoak ez dio abesteari utzi eta «Huntza! Huntza!» oihu eginaz berotzen saiatu dira zaletuak.

Bada, egin duten mix elektronikoaren erantzun die Huntza taldeak. Gigi D'Agostinoren ‘L'amour Tojours’ kantuaren gainean hasi dira eta Cascada taldearen ‘Everytime we touch’ klasikoarekin eman diete jarraipena, euskarazko hitzekin jantzia guztia. Tarte horretan, atzeko teloia urdina izatetik huntza hostoz beteta egotera pasa da eta konturatu garenerako ‘Izan nahi dut’ abesten ari ziren. Pistatik hasi eta goiko harmailetaraino jendea dantzan eta saltoka jarri dute Miribilla guztia makurtuarazi ostean.

Finlandian izan ziren Etxepare instituak eta Musika Bulegoak euskal musika zabaltzeko egiten duen ekimenetako batean Huntzakoak iaz. Mikel Urdangarin eta En Tol Sarmientokoak ere han izan ziren eta, orduan sortutako laguntasuna baliatuz, Iñigo Etxezarreta eta haize sekzioa gonbidatu dituzte gaurkoan ‘Buruz behera’ jotzera. Kantu erdian gaueko sustoa etorri da. Taldeak geratzeko agindua jaso du eta inolako erasorik ez dela onartuko esan du Uxuek, baina, zorionez ez da halakorik gertatu zorabio bat izan dela jakin orduko dena susto batean geratu eta kantua berriz hasieratik eskaini dute. Tartean, Iñigo Etxezarretak «Gora euskal musika eta gora Huntza, gure musikak jaso duen opari handienetako bat» oihukatu du. Niko Etxartek hartu du Etxezarretaren testigua, ‘Euskal rock & roll’ abesteko. Ekoratik Altzüruküra minutu batean egin dugu salatu. Nikoren jarrera, kantatzeko abilezia, errespetua… mirestekoa izan da unea. Hilezkorra dirudi zuberotarrak.

Bidelagun asko izan dituztela, «baina adinkideak eta musikalki elkarrekin hazi direnak» Nøgen taldekoak izan direla esan du Huizik. Jokin Gilisagasti eta Olatz Cuevas instrumenturik gabe gaurkoan, Ane Negueruela abesteko prest, Alex Irazusta gitarra akustikoarekin eta Markel Idigoras ukelelearekin. ‘Xilema’ diskoko ‘Zelatari’ aukeratu dute hamaika musikariek elkarrekin abesteko.

‘17:21’ abestia izan da gaueko 26. abestia, Julieta Venegasik ez gaurkoan, baina publikoak maite duen abestia dela nabarmena izan da. «Amodio, amodio, bihotzari lana buruak ematen dio» kantatu du publikoak ozen. Bada, gaur, bihotzak irabazi du argi eta garbi.

Azken txanpa

Mendian gora eta behera zihoazela, ezinean, eta urik gabe sortu zen segidako abestia Uxue Amonarrizek aitortu duenez: «Bertsotan hasi ginen bidea errazago egiteko eta ‘Ikusi mendizaleak’ kantuaz aparte mendian abesteko besterik ez genuela ezagutzen euskaraz konturatu ginen». Halako kantu bat egitea zuten buruan eta lortu dutela esan dute ‘Aldapan gora’ abesten hasi aurretik. Abestiaren bukaeran eskerrak eman dizkiote familiakideei, eta bi frontwoamenk oso hunkituta bukatu dute une hori, negar zotinka ‘Aldapan gora’, azken aldiz abesteko.

Iratxe eta Tronpi igo direnean bukaeratik hurbil ginela konturatu gara, gonbidatuak ere bukatzen ari zirelako. Pont Aeri diskotetako ereserkia zen ‘Flying free’ klasikoaren doinuak entzun ditugu segidan eta Iratxek horrela abestu du: «Since 2014 there's a Band which is making history, ten years later in 2024,it's still kicking, Huntza!». Josune jendartera jaitsi da eta crowdsurfing pixka bat egin du, olatuak berriz ere oholtzara itzuli duen arte. Une horretan teknikari eta langileak izan dituzte gogon.

‘Zer izan’ kantuarekin azken txanpan sartu gara eta Tremenda Jauria taldekoak hor agertu dira oholtzara Anerk twerking elkarteko dantzariekin batera. Dena hankaz gora jarri dute hor.

Azkena abestera zihoazela aipatu dute segidan. «Huntza ez dakigu itzuliko den edo ez, baina ez orain den bezala» esan du Josune Arakistainek. Kideak agurtzen hasi da Josune eta Josuneri bide berrian zortea opatu dio Uxuek. Azkenekoz banan-bana taldekideak aurkezten ari zela, Uxueren unea iritsi denean malko erauntsia etorri da bien begietatik behera. «Gu bagoaz baina gure musikak hemen jarraituko du», oihukatu du Arakistainek. ‘Ilusioz bete’ jo dute,«hartu bi muxu eta gero arte» esanaz agurtzen hasteko. ‘Iñundik Iñoare’ arrakastarekin kalejira, guztiak oholtzaren erdian elkar besarkatu eta azkena, ‘Lasai-lasai’, leherketa batekin bukatzeko guztia.

Bi ordu eta erdi pasatxo oholtzan, hamarnaka gonbidatu eta ia hiru dozena abesti. ‘Azkena balitz bezala’ esan zuten hartu behar zela gaurkoa; tira, ez dakigu jendeak ‘balitz’ hori bezala hartu ote duen, Bilbao Arenan hasitako festa asko luzatzeko itxura baitzuen irteterakoan.

Bejondeizuela, Huntza!