naiz

Mikel Caballero, Gatibu taldeko baxu jotzaile ohia, zendu da

Mikel Caballero musikari basauriarra zendu da, 57 urte zituela. 20 urtez Gatibu taldean aritutako baxu jotzailea hil da, ‘Geuria’ atariak zabaldu duenez. «Bat-batean» gertatu da, Mexikon, opor egun batzuk hartuta hara joana zenean.

Mikel Caballero, Gatibu taldeko baxu jotzaile ohia, zendu da. (Gaizka PEÑAFIEL)
Mikel Caballero, Gatibu taldeko baxu jotzaile ohia, zendu da. (Gaizka PEÑAFIEL)

Mikel Caballero, Gatibu taldeko baxu jotzaile ohia, hil da ostiral honetan Mexikon, bat-batean, ‘Geuria’ atariak jakinarazi duenez. 57 urte zituen musikari basauriarrak eta musika munduan ibilbide luzea izan du.

Iturri berdinaren arabera, Mexikora egun batzuetarako joana zen Caballero eta bertan zendu da.

2002tik 2022ra Gatibu talde bizkaitarreko baxu jotzailea izan zen musikari basauriarra. Alex Sardui, Haimar Arejita eta Gaizka Salazarrekin batera abiatu zuen proiektua mende hasieran eta haiekin guztira hamar lan kaleratu zituen. Caballerok 2022an utzi zuen taldea.

Aurretik, Cartoon Band, Noiz?, Maxia eta Insert Beat taldeetan ere aritu zen. Era berean, EraBatera supertaldeko kide izan zen, Gaizka Salazar (Gatibu), Beñat Serna (Ken Zazpi) eta Jurgi Ekiza (Willis Drummond) musikariekin batera. Taldeak bi lan argitaratu zituen, Antipodetan (2018) eta Izpi galdua EPa (2021) Gaur egun, Peatones proiektuan zebilen.

Sare sozialetan oroimen mezuak pilatu egin dira, alor ezberdinetako norbanako eta eragile ugariren eskutik.