Platerek benetakoak dirudite; batzuk egin berriak, gainera, jateko prest. Baina ez, ez dira errealak, plastikozkoak baizik. Japonian azkenaldian antolatzen diren erakustaldi ugarietako batean ikusgai daude. Ezin dira ukitu, ikusi besterik ez. Begiradarekin irudika daitezke zaporeak, eta urrutitik sentitu testura, baina gehiegi hurbildu gabe.
Egin daitekeena da platera aukeratu eta, ondoren, eskatu benetako erreplika mahaira ekar dezatela. Hori bai, hori egin daiteke. Gainera, horixe da helburuetako bat: erakartzea jendeak eska ditzan. Dena dela, erakargarri turistikoa izan arren, arte ere bihurtu da plastikozko janariaren eskulturen sorkuntza, lehiaketa eta erakusketa gero eta gehiago antolatzen baitira, batez ere Tokioren tamainako hiri handietan.
Pieza guztiak espezialistek eskuz eginak dira. Horretan aritzen den enpresetako bat Iwasaki da, “sampuru” ekoizten liderra. Yokohamako lantegian, Tokiotik hurbil, jatetxeek prestatutako plateren osagaien moldeak egiten dituzte artisauek, lehenik. Eta, ondoren, laginak sortzen dituzte, ahalik eta itxurarik errealistena lortzen saiatuz. Gai dira edalontzi hotz batean hezetasun tantak edo fruta baten azalean hamaika koloretako ubeldurak irudikatzeko.
Bezeroen iritzi eta proposamenak kontuan izaten dituzte eskultore berezi hauek, baina irudimena lantzea ere gogoko dute. Hatasak, adibidez, arto bat diseinatu zuen hondartzan eguzkia hartzen eta baita oilaskoz egindako Tetris jokoa ere. Eta enkarguz oso pieza bitxia egin berri du gustura: enpresa informatiko batek eskatutako txantxetako router wifia.
Fideoak, pizzak, arrainak, fruta, pastelak, barazkiak... denetarik egiten dute, baina, hori bai, aitortzen dute produktu freskoekin lan egitea zaila dela.