CIC nanoGUNEk tresna berri bat ezagutarazi du: CRYO Plasma FIB. Europan eta munduan dauden bakarretako bat da, eta berriki instalatu da Donostiako zentroan. Tresnaz gain, mikroskopia elektronikoaren euskal azpiegitura indartzeko akordioa aurkeztu du. BioGUNEk, biomaGUNEk, energiGUNEk eta nanoGUNEk sinatu dute hitzarmena, BRTA aliantzako ikerketa kooperatiboko zentroek, ikerketa taldeei eta industriako bezeroei mikroskopia elektronikoko soluzio integralak eskaintzeko.
CRYO Plasma FIB nanofabrikazio aurreratuko eta mikroskopia elektronikoko tresna berezi bat da. Ikerketa zentroei eta industriari laguntzea du helburu, besteak beste honako arloetan: tenperatura baxuko fisikarekin lotutako materialen zientzia, energiaren sektorerako litio-ioizko bateriak, eta zelula-tomografia krioelektronikoa.
Ekipamendu berria Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak finantzatu du, eta osagarri garrantzitsua da mikroskopia elektronikoaren euskal azpiegiturarentzat.
Hainbat ezaugarri batera ikusteko aukera
«Normalean tresna bakar batean batera ikusten ez ditugun ezaugarriak konbinatzen ditu ekipo berriak: materialen zientziaren arloko aplikazioetarako detektagailu-multzo zabal bat; baterien eta industriaren sektorera zuzendutako bolumen handiko erauzketa-aukera; eta aplikazio biologikoetarako erabili ohi den krio-aukera bat», azaldu du Andrey Chuvilin Ikerbasque ikertzaile eta nanoGUNEko Mikroskopia Elektronikoaren taldeko buruak.
«Tresna bakarrean ezaugarri horiek denak biltzen diren kasu bakarra da Europan, eta beste ikerketa-aukera batzuk ere ematen ditu tenperatura baxuko fisikarekin lotutako materialen zientzian eta kriozelulen tomografiarekin lotutako zientzia biologikoetan», gehitu du Chuvilinek.
Andrey Chuvilinek eta haren aditu-taldeak urteak daramatzate mikroskopia elektronikoko zerbitzu aurreratuak eskaintzen. Bitarte horretan, zenbait sektoretako ikerketa zentroekin eta enpresekin harremanetan egon dira, neurrira egindako zerbitzuak eskaintzeko eta garatzeko. Checa TESCAN enpresak fabrikatutako tresna berria diseinatu dute, berariaz, orain arte euskal azpiegiturak erantzuteko gaitasun teknikorik ez zuen behar zientifiko eta industrial jakin batzuei erantzuteko.
Akordioa
Ekipamendu berritzaile hau martxan jartzearekin batera, BRTA aliantza osatzen duten ikerketa kooperatiboko lau euskal zentroek akordio bat sinatu dute mikroskopia elektronikoko euskal azpiegitura indartzeko.
«Akordioaren helburua da mikroskopia elektronikoko euskal sareko zentroen artean konexio osoa lortzea, eta gure inguruko ikerketa eta industria ekosistementzat interesgarriak diren zerbitzu integralak elkarrekin eskaini ahal izatea», adierazi du Nicola Abrescia bioGUNEko Ikerbasque ikertzaileak.
CRYO Plasma FIB sartuta, sendotu egin da CICek beren ikerketa taldeen eskura duten mikroskopia elektronikoko azpiegitura, eta, harago, Euskal Herriko eta nazioarteko sare osoari irekita dagoena. BioGUNE, biomaGUNE, energiGUNE eta nanoGUNEko ordezkariak bat datoz honako honetan: «Tresna hau martxan jarrita eta akordioa sinatuta, mikroskopia elektronikoaren euskal azpiegitura osatua geratu da, esparru akademikotik eta industrialetik datozen zerbitzu eskaera guztiei erantzun ahal izateko».