Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda
‘Munduari begiratzeko’ ikuskizunaren sortzaileak

«Eskubide zibilekin bezala, euskararekin ezin duzu ‘bertan goxo’ jarrera hartu»

Euskararen altxorrari erreparatu zioten duela hogei urte. Euskaldunok munduari begiratzeko dugun moduari orain. Ikuskizun berriarekin datoz Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Mikel Valverde eta Jon Cañaveras. Kulturgintzak eta euskarak bizi duten egoera dugu hizpide.

Rafa Rueda, Mikel Urdangarin eta Kirmen Uribe, Bilbon.
Rafa Rueda, Mikel Urdangarin eta Kirmen Uribe, Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Poema eta kantu berriak besapean hartuta datoz Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda. Okasiorako propio eginak. Bingen Mendizabali Jon Cañaverasek hartu dio lekukoa. ‘Ibai ertzean’ eta ‘Udako gau epela’ aurkeztuko dituzte entzuleek aurretik ondo ezagutzen dituzten abestiekin batera. Mikel Valverderen irudiek bizia hartuko dute pantaila handian. Bingen Mendizabali –agertokiak utziak ditu iaztik– Jon Cañaverasek hartu dio lekukoa.

New Yorken 2003. urtean eskainitako emanaldia gogoan bildu dira. Uribek jarri zien amua gainontzeko kideei. Haiek, kosk, pozarren.

Hogei urte joan dira ‘Zaharregia, txikiegia agian’ ikuskizunak argia ikusi zuenetik. Non eta New Yorken. «Euskaraz sortutako emanaldiak nolako harrera izan zuen ikustea... Bizitza markatzen dizuten aste horietakoa izan zen», aitortu du Uribek.

Madrilen eta Gasteizen eskaini ondoren, Bilboren txanda da gaur. Kasualitatea ala ez, bi ikuskizunak –lehena AEBetan, bigarrena Estatu espainolean– erdal kulturen aurrean.

«Argi dugu euskara lehenengo eta behin euskaldunona dela, baina ia-ia neurri berean munduari zor zaiola, ez dela gure ondarea bakarrik. Horretan sinetsi eta adierazi egiten dugu, kanpora goazenean ere. Are gehiago Madrilen, teorian eurena ere bada, nahiz haiek ez erakutsi horrela denik. Harresia sentitu dugu hemen bizi izan garelako, baina saiatu gara apurtzen eta zeharkatzen –uste dut lortu dugula–, mundua begi zabal-zabalekin begiratzen. Eta egiaztatu izan dugu euskaraz ez dakien jendea hunkitzen dela. Musika unibertsala delako. Hainbeste aurrejuzgu eta konplexu dago... Guk zer egin genuen? Madril, Paris ziren jomuga, agian Londres, baina guk lehenengo emanaldia New Yorken egin genuen. Hamarkadez hegoak moztu nahi izan zaizkio eta guk hegoak zabal-zabalik nahi izan ditugu beti. New Yorken ez ziguten galdetu ea zergatik kantatzen dugun euskaraz, Estatuan gertatzen den bezala, nahiz gero eta gutxiago», esan du Urdangarinek.

«Nolabait adierazi genuen gauzak beste modu batean izan zitezkeela. Madrilek eta Parisek gure hizkuntza eta kulturarekiko jarrera erasokorra izan dute; esparru horretatik atera eta New York bezalako macrocity batetara joatea eta ikustea kulturen arteko elkarbizitza eta gureak ere eduki zezakeela leku bat..., horrek leihoak zabaltzen dizkizu sinesteko eta beste sortzaile batzuei sinetsarazteko gureak bestearen balio bera duela. Hori niretzat inflexio puntua izan zen», gaineratu du horren harira Ruedak.

Kontrakultura

Sorkuntzari dagokionez ere bai, Uriberen esanetan. «New Yorketik zetorren kontrakultura eta gure ekimena tradizio horretatik dator. Poesia musikarekin eta irudiekin uztartzen hantxe hasi ziren Andy Warhol, Lou Reed, Alain Ginsberg, Pathy Smith. Beat generazioko poetak... kalean egiten zituzten emanaldiak. Hor inspiratu ginenez, bertara bueltatzea esanahi handikoa zen kreatiboki; gauza handia izan zen».

Euskarak suposatzen duen altxorrari erreparatu zioten orduko hartan. Begiratzeko moduari orain. Zer dago horren atzean? «Polita da esan duzuna. Hasierakoa kezka edo beldur batetik sortutakoa zen, hauskortasun batetik. Hizkuntzaren debilitatea uzten du agerian. Orain, mezua baikorra da, munduari begiratzeko, askoz ziurragoa da», Uribek, irribarrez. «‘Zaharregia, txikiegia agian’, esaldiak galdera dauka berarekin. Nik erantzuna oso garbi daukat: zaharra da, txikia, baina ez zaharregia ez txikiegia. Ezinbestekoa da munduaren dibertsitatea ulertzeko. Hain txikia izanik, zulo handiegia egingo litzateke galduz gero», Urdangarinen ustez.

Lotura estua

Ordubeteko solasaldiak agertokian zein hortik kanpo hirurak lotzen dituen hari sendoa ikusarazi digu. «Belaunaldi kontua da. Mundua eta bizitza ulertzeko jarrera. Gertuago kokatzen zaitu hainbat arlotan. Estetikoki bakoitza bere aldetik, baina ikuspuntua oso gertukoa izan dugu», adierazi du Ruedak.

«Eta badago beste lokarria, bizizaletasuna. Gure proiektuak tabernatan sortu dira, nahiz gero estudioan lana egin. Bizitza ospatu beharreko zerbait da, bere min guztiak barne. Horregatik elkartzen gara gustura, badakigulako ez goazela purgatoriora. ‘Elkar gaitezen’ diotenean badakit zerbait ona etorriko dela. Ez bakarrik entseguak eta kontzertuak... Arriagaren ondoren hartuko ditugun garagardoak ere ikaragarriak izango dira, horrek ere motibatzen nau ni. Bizizaletasuna ez da garagardoak edatea baina... Paisaia ez badut gustukoa, ez naiz apuntatzen bidaia horretara; erradikala naiz horretan», bota du Urdangarinek.

«Polita da nola hazi garen, bakoitzaren ibilbidea ikustea. Mikel eta Rafa ezagutu nituenean ez neukan libururik ere», gogoratu du Uribek. Gasteiz. 2000. urtearen buelta. Athleticen partida bat ikustera lehenaren lehengusuaren etxean bildu ziren egunean ezagutu zuten elkar Urdangarinek eta Uribek.

Erabakigarria izan zen hiriak bizi zuen kultur giroa. «Han biltzen ginen Igor Elortza eta Unai Iturriaga, Jon Maia, Anari, Aitzol Aramaio, Asier Altuna eta ere bai tarteka... Gaztetxeko barran edo El Parral tabernan elkartzen ginen gazte haiek begira orain! Ideiak eta ametsak geneuzkan, ez besterik. Baina giro hartatik, laguntasun artistiko hartatik, nolabaiteko leherketa gertatu zen», dio Uribek.

 

«Kontziente izan gabe, elkarri babesa eman genion. Ametsa duenak ez badu tarteka haizea alde, oso lan gaitza edukiko du aurretik. Oso inportantea da gertukoen babesa. Ametsak benetan txarrera baldintzatzen bazaitu, hori ere ez. Ametsak ez gaitzala suntsitu. Ongizatea izan dudalako egin dut nik aurrera, momentu on eta txarrekin», aitortu du Urdangarinek.

Elkarri zer esana badute oraindik. Partekatzen duten mundu ikuskerari «gaurkotasuna eta etorkizuna» ikusten diotenez, bidean aurrera jarraitzeko ilusiorik eta indarrik ez zaie falta.

Ezin ukatu bidean aurkitzen diren zailtasunak. «Azalak garrantzi handiagoa du gurean beste arlo batzuetan baino, eta jendeari zimurrak erakusteak erreparoa ematen dio». Euskal kulturgintzaren prekariotasuna mahai gainean dago egun, baina izan dira isilpean gorde diren garaiak. «Sortu dira ekimenak sortzaileen artean elkar babesteko eta behar den lekuan gure beharrak erakusteko. Baina ez dut uste beste edozein arlotan eman ez den fenomenoa eman denik gurean. Errealitatea ezkutarazi digute eta guk ezkutatu egin dugu. Gure errua ere izan da egoera mahai gainean ez egotea», hausnarketa egin du Ruedak.

Euskaldunon borroka

Loraldiaren aurkezpenean festibalaren zuzendari Imanol Agirrek egindako adierazpenak ekarri dizkiegu gogora. «Euskaldunok bigarren mailakoak gara Bilbon». «Ez gara bigarren mailakoak, agian sentiarazi nahi gaituzte. Ni ez naiz inoiz horrela sentitu. Hori bai, egia da kaltetua sentitu naizela». Urdangarinen hitzak dira.

«‘Gauzak ez dira horrela, gauzak horrela daude’, dio Gorka Urbizuk disko berrian. Esaldia mundiala da. Euskalduna izateak behar du jarrera bat, eta bada hautu politikoa. Batzuetan munduak daraman abiadurak ez du erraz jartzen hautu politiko hori hartzea eta egunerokoan ez diogu garrantzirik ematen hautu politiko hori bultzatzeari», esan du Ruedak. «Ikusi duzue ‘American Fiction’? Zoragarria da! Afroamerikarrak bigarren mailakoak sentiarazten dituzte AEBetan. Gainera badago halako paternalismoa. Filmak buelta ematen dio horri. Gure egoera antzekoa da, hemengo afroamerikarrak gara. Sentiarazi gaituzte argi bigarren mailako. Gure aita zigortu egiten zuten eskolan euskaraz egiteagatik. Aita da, ez da aitona. Ez dira hainbeste urte pasa, esan nahi dut. Euskararekiko enpatia sortu behar dugu. Beste eskubide zibilekin bezala ezin duzu ‘bertan goxo’ jarrera hartu. Berdintasuna lortu dugu, ez dago arrazakeriarik, LGTBQ kolektiboaren eskubideak hor daude... ez. Etengabe jarraitu behar duzu aldarrikatzen», ohartarazi du Uribek.

Erakarpena

Erakartzea da gakoa bere esanetan. «Euskaraz ez dakien edo egiten ez dutenei transmititu behar zaie merezi duela euskaraz egiteak, mundua hobetzen ari zarelako. Ari zara komunitate bat indartzen, mundu baten parte izango zara, planeta dibertsoago baten alde egiten ari zara. Balore positiboekin lotu. ‘Nik ez dut euskararen alde egingo’ da ‘nik ez dut birziklatuko’ esatea. Gauza oso arraroa. Hori sentiarazi behar diegu. Zoriontsuago izango zara euskalduna bazara, mundua aldatzeko komunitate bateko kidea izango zara. Zer gehiago nahi duzu? Gauza ederra da! Eginda dauden kulturak, hegemonikoak direnak... zertarako? Ni horrek ez nau deitzen. Mundua egiten ari den kulturak erakarpen handia izan beharko luke», adierazi du Uribek.

«Ez dakit zoriontsu egingo zaituen, baina seguru nago ezagutuz gero ez zarela haserre egongo. Izan ere, gertatzen da herri honetako komunitatearen parte bat haserre dagoela beste hizkuntza horren inguruko komunitatearekin. Anomalia handia da. Ezezagutza gainditzean, haserrea ere desagertuko da. Ezezaguna denak beldurra eragiten baitu. Kirmenek teoria oso ederra du, eskubide zibilen arlotik. Ez gara borroka eternoaz libratuko, munduko joera ez doa slow food-era. Borrokarako prest gaude, baina ez dadila izan hilgarria eta utzi diezagula bizitzaz gozatzen». «Bai, euskara gozamena da», Uribek, ondotik. «Bai, baina borroka egunerokoa da. Erdaraz bizi denak ez dauka borrokarik», amaitu du Urdangarinek.