Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Patxo Telleria
‘Ai gure juaneteak!’ lanaren sortzailea

«Laboaren kantuak berrinterpretatu ditut baina ez du esan nahi balio ez didatenik bere hartan»

Ohiko antzerkigintza pixka batez alboratu eta ur berrietan igerian egiteko irrika zeukan Patxo Telleriak. Spoken words performance poetikoak eman dio horretarako bidea. Hainbat hilabeteetako lanaren ondoren ostiral honetan Loraldian ikusiko du publikoak emaitza: ‘Ai gure juaneteak!’. 

Patxo Telleria, ‘Ai gure juaneteak!’ ikuskizunean.
Patxo Telleria, ‘Ai gure juaneteak!’ ikuskizunean. (Pio ORTIZ DE PINEDO)

«Nire ohiko konfort egoeratik urrundu nahi nuen. Buruan neukan estilo honetako antzezlan bat egitea. Europan eta mundu anglosaxoian nahiko indarrean dago spoken words generoa, poesia eta narrazioaren arteko nahasketa. Kae Tempest ezagutu nuen lagunen bitartez. Emanaldiak sarean ikusi eta bere liburuak irakurri nituen. Beste hainbaten lana ere ikusi dut», kontatu du Patxo Telleriak.

Literatura, musika eta eszenaren uztarketa da Spoken Words. «‘Esaniko hitzak’ bezala itzuli dut nik. Poesia liburu batean islatzeko da, paperean idatzi eta paperean jasotzeko. Hau eszenan, jendaurrean hitz egiteko da. Literatura da, kasu honetan literatura eszenikoa. Gurean bertsoaren tradizioa oso errotuta dago gure kulturan, baina oso molde estua dauka, errima eta metrika dauka, arau zorrotz asko daude. ‘Spoken Words’ askoz irekiagoa da zentzu horretan. Batzuetan hip-hoparekin edo raparekin mugan dago, baina ez dute zertan erritmo jakin horiek izan; apur bat gastatuak daude, nire ustetan», zehaztu du Patxo Telleriak.

Gerora etorri zen Laboarengana hurbiltzea. «Batetik, bere musikarekin lotura estua dut, antzezlan askotan erabili izan dut. Hain zuzen ere duela urte batzuk Tartean konpainian atera genuen ‘Ez dok hiru’ euskal musikaren historia eta hainbat ekitaldi egin ditugu. Bestetik, iruditzen zitzaidan Laboa interesgarria eta komenigarria egiten zitzaidan guretzako euskal kulturaren totem-a delako, eta haien ondarea aski ezaguna delako. Nik eraldatu egin nahi nuen. Nire ikuspuntu berria eman nahi nion. Inportantea zen jatorrizko abestia zein zen jakitea nire ikuspuntuarekin ze antzekotasun eta desberdintasun dauden ikusteko. Laboak kantu hauek ia duela mende erdia idatzi zituen. Denbora hori pasa da Euskal Herriaren historian eta denbora hori niri ere pasa zait. Ez naiz gaztetan Laboaren kantak abesten hasi nintzen hura. Modu desberdinean ikusten ditut orain. Aldatu naiz, zentzu batzuetan onerako eta beste batzuetan txarrerako», dio irribarrez.

Laboaren letrak berrinterpretatu eta birsortu ditu eta musika ere berdin. «Hamabi pieza dira, eta bakoitzean gure musika nondik joan zitekeen pentsatu nuen. Musikari dagokionez, batzuetan esplizituagoa ala ezkutuago dago jatorrizko kantua. Airea sumatzen da, baina interpretazio eta hurbilketa partikularra, berria eta desberdina da; asko esperimentatu dut», azaldu du.

Pertsonaiaren maskararik gabe, biluzik, agertuko da jendaurrean Telleria. «Ez naiz ezkutatzen pertsonaiaren atzean; ni naiz», esan du. Biluzte bikoitza; emozionala eta ideologikoa izan da, bere esanetan. «Esperimentazioaren eta bilatzearen prozesua oso atsegina izan da. Batez ere, berria izan delako. Antzerkiaren errutinaz hitz egitea arraroa da, baina entseguak antzekoak izaten dira lan guztietan. Kasu honetan oso desberdina izan da eta, alde horretatik, oso gustagarria». Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez musikariak izan ditu ondoan Telleriak. Jokin Oregi arduratu da eszenaratzeaz.

Zumeta presente dago alderdi estetikoan, kartelean zein elementu eszenografikoetan. Eszenan, txoriak. «Material oso xumearekin egindakoak, kartoiz. Zumetaren oihartzuna dute kolore eta trazuetan». 60ko hamarkadako estetikari keinu egin diote: «Gaur egungo ikuskizuna da gurea, ez dago ukitu nostalgikorik. Berria eta modernoa da. Baina kantuak garai hartan sortuak izan ziren eta estetikoki, gure janzkeran, Ez Dok Amairu, Zumeta... ekarri nahi izan ditugu gurera».

Adrian Garcia de los Ojos, Patxo Telleria eta Maider Lopez.

‘Ai nire juaneteak!’ Artzeren kantak eman dio izenburua ikuskizunari. «Garaiko oligarkiaren kontra idatzi zuen, ironiaz betetako kantua da. Batetik oligarkiaren hipokresia eta herria zanpatzeko daukan botereaz ari da. Ez dira lehenago pintatzen genituen bezala txistera buruan eta purua eskuan dutenak baina gaur ere badaude oligarkiak. Denbora aurrera joan ahal konturatzen naiz herria askatzea galarazten dutenak ez direla beti kanpoan daudenak, askotan gu geu izaten gara hipokresiaz eta zuhurkeriaz jokatzen dugunak. Salaketa kanpora zuzendu beharrean gure burua, kasu honetan neure burua, seinalatzen dut. Herria justua, askea ez izatea ez da oligarken errua bakarrik, guk ere badugu zerikusirik 40 urte pasa direnean. Erantzukizuna badugu».

«‘Txoriak Txori’ abestia askatasunaren aldeko kantua da. Askatasunaren beldurraz ari naiz nire bertsioan. ‘Mesedez ebaki izkidazu hegoak baina ez inori kontatu eskatu dizudala. Ez dut hegan egin nahi, baina ez esan inori. Esango dugu etsaiak ebaki zizkidala traizioz’».

Baliagarriak bere horretan

Garbi utzi nahi du. «Laboaren kantuak berrinterpretatu ditut, baina horrek ez du esan nahi ez didatela balio bere hartan. Gustukoak ditut eta gaurkotasuna dute. Beste sortzaile batzuekin ez da hori gertatzen. Denbora termometro oso zehatza da, batzuetan oso krudela, denborak irentsi egiten ditu gauza batzuk. Argi dago denborak ez diola kalterik egiten Laboari. Kontrakoa, ardoak bezala lehen bezain indartsu eta interesgarri daude. Horrek ez du kentzen kantuekin jolastu ahal izatea, nik erabaki dudan moduan. Errespetutik eta miresmenetik abiatuta, betiere», kontatu du.

Loraldiko estreinaldiaren ondoren Euskal Herrian zehar zabaltzea dute asmo. «Formatu oso eramangarria da; ez da garestiegia, hiru pertsona eta teknikaria gara, eta ez du baliabide eszenografiko eta tekniko handirik eskatzen. Horrek banaketa asko errazten du», adierazi du.

Izan ere, dena izan behar da kontuan. «Beti iruditzen zaigu garairik zailenean bizi garela, baina ez dakit horrela den. Ez da erraza antzezlanak saltzea eta diruak garantzia duela argi dago. Aurreko muntaia, ‘Kortxoaren dilema’, askoz exijenteagoa da rprodukzioaren aldetik, askoz garestiagoa. Baina horrela egin nahi izan genuen ikuskizunak horrela eskatzen zuelako. Kasu honetan teknikoki xumea izatea eskatzen zuen antzoki erraldoiez gain areto eta herri txikiagoetara iristeko».

Tartean Teatroa konpainiak  bizi duen egoeraz galdetu diogu. «Momentu nahiko onean gaude, nahiz alde ekonomikotik urte latzak izan diren. Aurreko urtean ‘Kortxoaren dilema’ antzezlanaren kasuan lehen aldiz ez genuen jaso Gobernuaren dirulaguntzarik epaimahaiak hala erabakita, oraindik ulertu ez ditugun eta ulertuko ez ditugun arrazoiengatik. Eta aurreko urtean ez genuen eskatu, ‘Kortxoaren dilema’-rako gehixeago eskatu behar genuelako. Beraz hiru urte daramagu dirulaguntza publikorik gabe. Eskumakoek askotan esaten dute artistak dirulaguntzetatik bizi garen alferrontziak garela. Kultura  dirulaguntzarik gabe ezin da aurrera atera, baina berdin kotxegintza, nekazaritza… hainbat esparru ekonomiko. Espero gauzak aldatzea. Ozta-ozta lortu dugu burua altxatzea, baina horrela askoz gehiago ezin dugu iraun», esan du.