NAIZ

Korrontziren ‘20’ diskoa World Music Charts Europe zerrendan sartu da

Korrontzik bere bi hamarkadako ibilbidea ospatzeko argitaratu zuen diskoa nazioarteko disko onenen World Music Charts Europe zerrendan sartu da. ‘20’ lana zerrendako 9. postuan dago.

Agus Barandiaran eta bere trikia.
Agus Barandiaran eta bere trikia. (Oskar MATXIN | FOKU)

Korrontzi taldeak oholtza gainean daramatzan bi hamarkadak ospatzeko argitaratu zuen ‘20’ izeneko diskoa, eta zer ospatua behintzat ari da ematen. Lana nazioarteko diskoak aintzat hartzen dituen  World Music Charts Europe zerrendan sartu, bederatzigarren postuan.

Agus Barandiaranen taldeak aurretik ditu Syrianaren ‘1325 Ibn Battutah’, Paolo Fresu & Omar Sosaren ‘Food’, Tiken Jah Fakolyren ‘Acoustic’, La Yegrosen ‘Haz’, Toukiren ‘Plastic Man’, Linaren ‘Fado Camoes’, Maria Mazzottaren ‘Onde’ eta, lehen postuan, Aziza Brahimen ‘Mawja’.

Korrontzik 2024. urtean bete dituen hogei urteen aitzakian argitaratu zuten diskoa. Taldearen 12. lan honetan 20 kantu ezagunen bertsioak grabatu zituzten, gehi beste hiru kanta berri.

Lagunak elkartu zituzten «urtebetetze» honetarako, batzuk oso ezagunak folk musikaren unibertsoan –Phil Cunningham eskoziarra, Luis Na Lubre galiziarra, Hevia asturiarra...–, beste batzuk beste esparru eta doinu batzuetatik etorriak: Iñigo Etxezarreta  (ETS), Alex Sardui (Gatibu), Jon Maia, Erramun Martikorena, Xabier Amuriza... baita Itziar Ituño aktorea ere. Ituñok bera lagundu zien ‘Joxek andreari’ berria kantatzen.

Korrontziren helburua euskal musika herrikoiari zein bere lurraldeko antzinako hots tradizionalei beste ikuspuntu moderno eta garaikideago bat ematea da.