NICK GAMMON (AFP)

Holokaustoaren Museoa, Herbehereetako memoria, 80 urte igaro direnean

Museoaren irudi bat. NICK GAMMON (AFP)
Museoaren irudi bat. NICK GAMMON (AFP)

Auschwitzeko uniforme marradunak, Sobibor deuseztatze-esparrura iristean erauzitako arroparen botoiak, gutun eta argazki hunkigarriak, haur zirela bizirik atera zirenek gaur utzitako zapatak... Bigarren Mundu Gerratik 80 urte pasatu direnean, Amsterdamen inauguratu berri den Holokaustoaren Museoan ikusgai dauden 2.500 objektuetako batzuk baino ez dira.

Gerraren eta nazien okupazioaren aurretik, Herbehereek 140.000 pertsona inguruz osatutako komunitate judua zuten, batez ere Amsterdamen. Baina Holokaustoa amaitu zenerako, %75 -102.000 pertsona- erailak izan ziren.

Museoa barne hartzen duen eraikina bera ere garrantzi handikoa izan da Herbehereetako Holokaustoaren historian. Hiriko Plantage Middenlaan auzo judu historikoan kokatutako haurtzaindegia zen. Bertatik 600 haur inguru atera zituzten, askotan kutxetan edo saskietan ezkutatuta, erresistentziak leku seguruetara eraman zitzan. Eta egun museoa bisitatzen dutenak «ihes-korridorean» ibil daitezke. Hala ere, haur guztiek ez zuten zorte bera izan, eta museoko hormetan zintzilik daude kontzentrazio-esparruetan hildako haurren aurpegiak.

Museoa zabalik dago jada, baina irekiera-ekitaldian protestak izan ziren Israelgo presidente Isaac Herzog bertan izan zelako, Guillermo Alejandro erregeak gonbidatuta. Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihuak egin zituzten protestariek, Gazan gertatzen ari den genozidioa salatzeko.

Museoaren lehen bisitarien artean Roosje Steenhart-Drukker dago, Holokaustotik bizirik atera zen emakumea. 82 urte ditu gaur eta harrotasunez kontatzen du zein izan den berak zentro berriari egindako ekarpena: zapata pare bat, bi urterekin erabiltzen zituenak, soinean zeramatzanak gurasoengandik banandu zutenean bera salbatu nahian.