Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Agur bati ongietorria

Azken helburua bete gabe baina lortutakoa ospatuz, agur esanen du Hatortxuk.
Azken helburua bete gabe baina lortutakoa ospatuz, agur esanen du Hatortxuk. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Imajinatu seinale argirik gabeko bide bat. Biderik ia ez, irudikatu behar. Basamortuaren erdian. Jendez beteta aurrera doan auto bat. Edo autobus bat, jendetza hori guztia sartzea posible egiten duen autobus erraldoi bat. Zaila da aurrera zoazela jakitea apenas erreferentziarik eskaintzen ez duen paisaia batean. Harriak bidean, makilak gurpiletan. Alboan eserita daramazunaren hitzak, animoak, bultzadak ezinbestekoak dira sinesteko aurrera egiten ari zarela.

Eta bat-batean hasten dira erreferentziak agertzen, helmugaren zantzuak. Eta aurrerago, helmuga. Baina ibilbidea egin duzu zure bide, zure bizi. Eta zaila da autobusetik jaistea. Paisaia ez da imajinatzen zenuena, baina bada autobusera igo zinen uneko paisaiarekiko erabat ezberdina.

Hatortxu Rockeko antolakuntzak astearte honetan iragarri du 2025eko uztailean elkartasun jaialdiaren azken edizioa egingo dutela. Duela hiru aste gauza bera adierazi zuen Lasterbidean ekimenak, asteburu honetan Abadiñon 10 urteko ibilbidea itxiz. Luzeagoa izan da musika jaialdiaren ibilbidea, 26 urtetan 30 edizio antolatuz. Euskal presoen eskubideen alde eta senideei babesa adierazteko tresna gisa jaio ziren biak ala biak, dispertsioaren salaketa egin eta honi aurre egiteko elkartasun biltzaile moduan.

Agur esatea, beraz, albiste ezin hobea da. Euskal Herriak azken urteetan aurrera egin duen seinalerik argiena. Hatortxuren autobusa abiatu zenean 450 preso inguru zeuden. Zenbateko hori nabarmen igo zen hurrengo hamarkadan, 2009tik aurrera apurka jaisten hasi arte.

Oraindik 136 euskal preso politiko daude espetxeraturik. Horrek esan nahi du badela lana. Hatortxuk azaldu duenez, bere izatea argudiatzen zuen amaierako helburua, leloa, ez da bete. «Hator-hator neska mutil etxera» horri azken hitza betetzea falta zaio. Bidean, baina, asko lortu da. Dispertsioa iraganeko kontua izatea lortu da.

Hatortxu badoa, azaldu duenez, azken helburu hori lortzeko beste tresna batzuei bide emateko asmoz. Egindako bidea, pilatutako elkartasuna eta giza altxorra badira nahikoa berme etorkizunerako ere, honelako edo bestelako formatuan. Melankolia eta ospakizunaren arteko bipolaritatean bizitzeko hilabeteak datoz, baina ongietorri, beraz, agurrari.