CONTENIDO PATROCINADO

San Joan sua pizteko ordua iritsi zain dira Gipuzkoako herrietan

Udako solstizioak tradizio handiko ospakizuna izaten jarraitzen du Euskal Herria osoan, batezere sanjoanak ospatzen dituzten herrietan. Gipuzkoari dagokionean, Arrasate, Eibar, Tolosa, Andoain eta Hernani dira nagusienak, baina igande gauean ia herri eta auzo gehienetan piztuko dira San Joan suak.

Urtero bezala, Arrasateko gazteek makala jasoko dute herriko plazan, aurten igande arratsaldean.
Urtero bezala, Arrasateko gazteek makala jasoko dute herriko plazan, aurten igande arratsaldean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Deba bailaran Arrasate eta Eibar dira San Joan sua piztuko duten herri nagusienak. Arrasaten, bertako Udalak eta herriko gizarte eta kultura eragileek egitarau zabala prestatu dute ekainaren bigarren hamabostaldirako, nahiz eta egunik garrantzitsuenak hilaren 22tik 26ra bitartekoak izango diren.

Aurtengo berrikuntzen artean, aipatzekoak dira larunbat honetan lehenbiziko aldiz jokatuko diren Gazte Olinpiadak, "Zeuk iñ zeuk jan" herri bazkaria Portaloira itzuliko dela, haurrentzako puzgarriak, pilota partida profesionalak eta nerabeentzako autogestionatutako bazkaria.

Olinpiada horretan 700 gazte inguruk hartuko dute parte, 44 taldetan banatuta, eta hainbat froga egingo dituzte egun osoan zehar, goizeko 9.45ean hasi eta 19.30ean bukatzeko.

Haurren egitarauari dagokionez, aurten ahalegin berezia egin du jai batzordeak barraken hutsuneari aurre egiteko. Horrela, haurren eguna asteartean ospatuko bada ere (ekainak 25), aurreko bi egunetan puzgarriak, uretako jokoak, ipuin kontalariak, tirolina, apar-festa, Porrotx eta Marimotots…

Musika arloari dagokionez, kontzertu aukera zabala izango da aurten Txosnagunean, Herriko plazan eta Monterron parkean. Larunbatean (ekainak 22) Eire, Tapia eta Leturia eta Dupla izango dira txosnagunean; igandean (ekainak 23) Zutik taldearen erromeria; astelehenean (ekainak 24) Ilunkaran, AIert eta Zirrara txosnagunean eta Esne Beltza Monterron parkean; asteartean (ekainak 25) Oxabirekin erromeria herriko plazan eta Zea Mays eta The Clayton txosnagunean; eta asteazkenean (ekainak 26) Kiko Veneno herriko plazan.

Arrasateko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Agirre-Etxe Coviran, EreindaJan, Ferreteria ALDEDI, JMA, IFAM, Larrinetxe jatetxea, Takolo autoak.

Eibarko haurren danborrada San Joan egunean ospatuko da.

Eibarren, musika talde ospetsuak

Eibarren, bestalde, ohikoa den bezala Lizarrako dultzaineroekin eta ondorengo txupinazoarekin hasiko dira ofizialki jaiak igande honetan (ekainak 23), baina aurten, ostiraletik aurrera (ekainak 21) hainbat kultura-jarduera izango dira eta lehen mailako jai giroaz gozatu ahal izango dute herritarrek.

Horrela, ostiralean bertan Lilo eta Bulego taldeen kontzertuak izango dira eta larunbatean La Pegatina talde kataluinarrarena. Hortik aurrera, gustu guztientzako ekitaldiak izango dira aste osoan zehar, aurtengo egitaraua datorren larunbata arte luzatuko baita (ekainak 29).

Aurtengo jaietan, bestalde, leku berezia egingo diote herrian erreferente garrantsitsu bilakatu den Eibarko Klub Deportibori, ehun urte bete baititu kirol eta kultura jarduerak antolatzen.

Eibarko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Acitain gasolinera, LAB Eibar, Ateun harategia.

Tolosan eskopetari konpainia berri bat aterako da aurten.

Tolosan, berriro estropadak

Deba bailaratik Oria aldera jauzi eginez, Tolosan ere solstizioko sua piztuko dute San Joan bezperan eta tradizioz betetako ekitaldiak ospatuko dituzte beste urte batez. Hala ere, aurten bada berrikuntzarik, izan ere, zezen suzkoa izango da lehenbiziko aldiz (ostirala 21), kuadrilla egunean haurrei zuzendutako Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen ikuskizuna izango da (larunbata 22), estropadak jokatuko dira berriro Oria ibaian (igandea 23), eta "Xaxu konfiterua" kantuaren moldaketa estreinatuko da (astelehena 24). Era berean, aurten eskopetari konpainia berria izango da, Berazubi auzoarena.

Aurtengo txupinazoa ostiral honetan bertan botako dute (ekainak 21) eta horren ardura Aiora Zulaikarena izango da, Pirritx pailazoari bizia ematen 25 urte betetzen baititu aurten.

Egitaraua astelehena arte luzatuko da eta adin eta gustu guztientzako ekitaldiak antolatu ditu jai batzordeak, baita musika arloan ere. Horrela, ostiralean (ekainak 21) Peachy Joke eta Nogen taldeak izango dira; larunbatean (ekainak 22) Et Incarnatus Urkizuko Gorostizu baserriko belardian eta Xiberoots plaza berrian; Puro Relajo,  Rockalean eta Raimundo El Canastero (ekainak 23); eta Joxe Mendizabal eta Muxutruk (ekainak 24).

Tolosako jaietako establezimendu laguntzaileak: Industrial Borobil, Iurre taberna, Melemele.

Andoaingo herriko plazan, sua pizteko egurra prest.

Andoainen, soka-dantzak 25 urte

Andoainen ere ostiral honetan botako dute txupinazoa (ekainak 21) eta kasu honetan jaiak asteartera arte luzatuko dira (ekainak 25). Aurtengo pregoilariak Hurria Sahara elkarteko kideak izango dira, herritarrek hala eskatuta, azken 21 urteotan dozenaka haur sahararrek uda garaiko hilabeteak Andoainen igaro ahal izateko egindako lana eskertzeko.

Ekitaldi tradizionalen artean, aipatzekoa da dal agintarien soka-dantzak aurten 25 urte beteko dituela Ikerfolk taldeak berreskuratu zuenetik. Horrekin batera, aurten ere ez dira faltako axeri dantza jendetsua, Lebiton konpartsako buruhaundi eta erraldoiak, kirol eta dantza emanaldiak, danborradak, artisau azoka, txuleta jana…

Berrikuntzen artean, aurten dronez osatutako ikuskizun bat izango da eta Beñat Fernandez "Pelontxu" andoaindarrak moto erakustaldia eskainiko du. Musika arloan, talde ospetsu ugari pasako da aurten Andoaindik, baina egunero herriko talde bat ere arituko da. Ostiralean (ekainak 21) Mocedades, Feeling Good, Natural Project eta Niña Coyote eta Chivo Tornado taldeen txanda izango da; larunbatean (ekainak 22); Ut!, Black Smoke eta Gatibu; igandean (ekainak 23) Kuttune, Dukkha eta Sua; astelehenean (ekainak 24) DJ Bull, Olgetan erromeria eta Dupla; eta asteartean (ekainak 25) Puro Relajo.

Andoaingo erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Andoaingo Udala, Autoescuela Vallina, Mapfre, Elizondo taberna.

Hernanin, azkenik, igandean hasiko dituzte ofizialki jaiak eta txupinazoa botako duena aurten mende laurdena bete duen Urumea txaranga izango da. Egitaraua datorren ostegunera arte luzatuko da eta musikak tarte garrantzitsua izango du: Zetak, Eire, Bengo eta Puro Relajo bezalako taldeen emanaldiak izango dira, besteak beste. Hernaniko sanjoanei buruzko informazio gehiago igandean kaleratuko dugu Naiz-en.